Margotu berri, aldamiotik gora kanpoeder ageri da Bilboko burtsaren eraikina. Indizeak ere, gorako bidea hartua du. Alta, aldamioen atzealdea ikuskizun dago. Orain arteko mozkin berriek ez dute itzelezko pozik eragin. Wall Streeten, Microsoft, American Express eta Amazonen emaitzek ez zuten inor asebete, eta mozkinak dira burtsaren zimentarri. Euroak sendotzen jarraitzen du dolarraren aldean eta Euriborrak, mantso, beherantz. Alde horretatik, zorra merkatzen zaie enpresei; diru sarrerei eta kostuei eusten saiatu behar dute; Fitch rating etxeak Espainiako bankuak begitan hartuak ditu, kalifikazio jaitsieretarako; Erresuma Batuak azken 60 urteetako BPGaren jaitsierarik handiena plazaratu du, %5,8koa; eta Soros finantza gizonak ere, burtsa hobe ikusten du epe luzeko enpresen zorra baino. Urteko marka jarri zuen Ibex-35ek (-%0,66), 2.074 milioiren salerosketarekin. Santanderrek (+%1,54) eman zion, beste behin ere, bultzada nagusia.
Espainiako burtsan hainbat sektorek duten ordezkaritza hutsaren hurrengoa da. Botikagintza eta osasuna, esaterako: Rovi laborategiek (+%2,62) atzo jakinarazi zutenez, Espainian botikak ekoitzi eta merkaturatzeko akordio bat egin du MSDrekin (Merck Sharp & Dhome). Orain arte MSDk berak Madrilen zuen lantegia bereganatuko du Rovik; hala ere, atzo, 3,5 milioren akzioak bakarrik mugitu zituen. Garai gorabeheratsuak dituen Zeltiak (-%2,46), 6,3 milioirenak. Eta aspaldi isil antzean dabilen Dermoesteticak(-%0,34), 400.000 eurorenak baino ez.
Aldamiotik gorakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu