Urte hasierako zerga bilketaren jaitsierak moteldu dira, baina zerga bilketak iazkoaren azpitik jarraitzen du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek iaz baino %2,4 diru gutxiago bildu dute aurten zerga itunduen bidez abuztura arte. Ekainera arteko jaitsiera %4,4koa zen, eta uztailera artekoa, berriz, %2,2koa. Ekainetik uztailera, baina, aldaketa gertatu da: Arabak eta Gipuzkoak diru bilketaren jaitsiera moteldu dute, Gipuzkoan %4,4tik %1,7ra eta Araban %8,6tik %3,58ra. Bizkaian, aldiz, jaitsiera %0,56tik %2,5era handitu da.
Kezkatuta daude foru aldundiak, baina baita Eusko Jaurlaritza ere. Harentzat dira aldundiek bildutako hamar eurotik zazpi, baina baita biltzea espero eta biltzen ez diren hamar eurotik zazpik utzitako zuloa ere. Eta aurten iaz baino %5,5 gehiago biltzea espero zuten.
Foru aldundiek 5.040,9 milioi euro bildu dituzte, iaz baino 124,1 gutxiago. Eragin zuzena izan dute krisiak, Rover auziak, kupoaren gatazkak eta zerga erreformek.
Ondare zergak, esaterako, arindu egin du zerga bilketaren jaitsiera. Adierazgarria da ondare zergarekin gertatua. Gipuzkoak berreskuratu nahi zuen; Arabak eta Bizkaiak ez. Azkenean, hirurek ezarri zuten berriro —Gipuzkoak beste biekiko ezberdina—. Baita Nafarroak ere. Hiru foru aldundien artean ehun milioi euro baino gehiago (104,9) bildu dituzte ondare zergarekin: Arabak 12,8 milioi euro, Gipuzkoak 35,5 eta Bizkaiak 56,6. Ondare zergarik gabe zuloa %4,43koa litzateke.
Zerga bilketan jaitsiera handiena Arabak izan du, %3,58koa. Abuztura arte 777 milioi euro bildu ditu, iaz baino 28,8 gutxiago, atzo emandako datuen arabera.
Gipuzkoak PFEZean igoerak onartu zituen, gehien irabazten dutenentzat batez ere. PFEZen bidez iaz baino %2,2 diru gehiago bildu du. Arabak %1,81 eta Bizkaiak %3,2 gutxiago bildu dute.
BEZa, nabarmen behera
Balio erantsiaren gaineko zergagatik (BEZ) bildutakoak nabarmen egin du behera hiru probintzietan: Araban %13,1 —zerga bereziak barne—, Bizkaian %9,97 eta %20,3. Irailetik aurrera BEZa igoko da, eta ikusteko dago igoerak orain arteko bilketaren jaitsierak berdinduko dituen.
Zerga bilketa osoa eta jaitsiera aztertzean, krisiaz gain, aintzat hartu behar dira beste faktore batzuk. Nagusiak bi dira: alde batetik, Rover auzia; bestetik, aldundien eta Espainiako Gobernuaren arteko gatazka, kupoa dela eta.
Rover auziagatik Espainiari 435 milioi euro bueltatu behar dizkiote, zatika. Bueltatu berdin bueltatu behar dute, baina iazko zatia abenduan ordaindu zuten; aurtengoa, berriz, apirilean. Gipuzkoak, esaterako, 43,1 milioi euro ordaindu ditu. Beraz, urte hasierako zergen bilketaren datuak gehiago baldintzatu ditu.
Kupoarena istorio amaiezina da. Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza mokoka ari dira duela bost urtetik kupoa kitatzeko kalkuluekin. Jaurlaritzak hiru hilabetean behin ordaintzen dio Espainiari, hark EAEn ematen dituen zerbitzuengatik. Era berean, Espainiak dirua bueltatzen dio Jaurlaritzari, BEZaren bilketa konpentsatzeko.
Batek ordaintzen ez duena besteak ez du ordaintzen gero. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, Espainiak ez zituen 206,6 milioi euro ordaindu iaz (68,2 Gipuzkoari), eta 167,1 milioi euro aurten (55,0 Gipuzkoari). Gipuzkoak dio konpentsazioak egingo ez balituzte abuztura arteko zerga bilketaren jaitsiera %5,2koa izango zela, %1,7koa izan beharrean.
Bizkaiak beste faktore bat gehitu du. Lurraldeen arteko desorekak konpontzeko, Bizkaiak 359,7 milioi euro ordaindu dizkie Arabari eta Gipuzkoari, foru aldundien arteko BEZaren doikuntzen bidez. Hori gabe, BEZaren bilketa %3,7 igo da Bizkaian.
Aldundien zerga bilketaren jaitsiera leundu da; %2,4koa izan da uztailean
Abuztura arteko datuak urte hasierakoak baino hobeak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ondare zergak lagundutaForu aldundiek iragarri baino 124 milioi euro gutxiago bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu