Alemaniako eta Frantziako bankuak, erreskatean parte hartzeko prest

Frantziako banku nagusiek eta gobernuak Greziaren bigarren erreskate planean parte hartzeko modua hitzartu duteMurrizketa planari buruzko hiru eguneko eztabaida hasi dute Greziako Parlamentuan

jakes goikoetxea
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Greziako zor bonuen epea amaitu eta finantza erakundeak diru horri zor bonu berrietan inbertitzera gonbidatzeak zer esan nahi du, Greziak ezin izan duela bere zorra ordaindu eta porrot egin duela? Erantzuna, erabakia, mehatxua, kalifikazio agentzien esku dago. Uste badute finantza erakundeek bigarren erreskatean ez dutela parte hartzen haien borondatez, edo haientzat kaltegarria den neurri bat hartzera behartzen dituztela, Greziak porrot egin duela esan dezakete. Arrisku hori saihesteko asmoz, Frantziako Gobernuak akordioa lortu du herrialdeko finantza erakunde nagusiekin, Greziaren balizko bigarren erreskatean parte hartzeko moduaz.

Mundu osoko finantza erakundeek milioika euro dituzte Greziaren zor bonuetan. Zor bonu horietako askoren epea datozen urteetan beteko da. Alemaniak nahi du zor bonu zaharren epea amaitzen denean Europako finantza erakundeek diru hori zor bonu berrietan inbertitu dezatela. Diru guztia. Frantziaren proposamenak, ordea, diruaren %70 berrinbertitzea planteatzen du, finantza erakundeak ez dituztela estutuko erakusteko.

Frantziako Gobernuak iragan ostiralen lortu zuen akordioa herrialdeko banku eta aseguru konpainia nagusiekin. Zor bonu zaharren %70 inbertituko lukete bonu berrietan: %50 Greziaren bonu berrietan; gainerako %20, berriz, zero kupoiko obligazioetan, hau da, interesak zorraren epea amaitzean ordaintzen dituztenak, ez sortzen diren heinean.

Bonu berrien interes tasak bi zati izango lituzke: bata finkoa, Greziak lehen erreskateagatik ordaindu behar duenaren parekoa; bestea aldakorra, Greziako ekonomiaren indize bati lotua, barne produktu gordina, esaterako.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak baieztatu egin zuen Le Figaro egunkariak atzo kaleratutako albistea. Banku eta aseguru konpainiek ez ezik, inbertsio funtsek ere parte hartzea nahi du, bestela zaila izangobaita hartzekodun pribatuen parte hartzea esperotakoa izatea, 30.000 milioi euro inguru.

Alde eta kontra

Alemaniako Gobernua bertako bankuekin negoziatzen ari da, antzeko irtenbide bat lortzeko asmoz. Alemaniako Banku Pribatuen Elkarteak (BdB) esan du baietz, parte hartuko dutela erreskatean, baina ez du zehaztu nola. Hori bai, ordainak eta pizgarriak eskatu ditu bankuentzat. Greziaren zorra bermatzea, esaterako.

BdBren arabera, Alemaniako banku pribatuek 10.000-20.000 milioi euro artean dituzte Greziaren zorretan. Gehiena Commerzbankek, 2.900 milioi euro. Deutsche Bankek 1.600 milioi euro eta Allianz aseguru etxeak 1.600.

Alemanian, dena den, asko dira Greziari laguntza ematearen kontrakoak. Ehun familia enpresako ordezkariek gutun bat argitaratu zuten atzo, Alemaniako Gobernuak erreskateen alde egitea gogor kritikatuz. Familia enpresa horiek 200.000 langile dituzte, eta 38.000 milioi euroko diru sarrerak.

Europako Batasuneko, Europako Batzordeko eta Nazioarteko Finantza Institutuak (munduko finantza erakundeen ordezkaria) bilera bat egin zuten atzo Erroman, Frantziaren proposamena eta Greziaren bigarren erreskate planean nola parte hartu aztertzeko. Kalifikazio agentziek ez zuten parte hartu.

EBk, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Grezia murrizketa plana onartzera behartu dute, diru gehiago jasotzeko: bai iaz hitzartutako erreskate planaren bosgarren ordainketa (12.000 euro), bai bigarren erreskate plana. Mailegu horiek jasotzen ez baditu, Greziako Gobernuak esan du uztailean ezingo dituela ordaindu funtzionarioen soldatak, pentsioak eta zorra.

Baina Alemania eta Frantzia Greziaren bigarren erreskate planari buruz hitz egiten ari diren bitartean, Greziako Parlamentuan gobernuaren murrizketa planari buruzko eztabaida hasi zuten atzo. 28.000 milioi euro lortu nahi dituzte 2012 eta 2015 artean, gastu publikoa murriztuz eta zergak igoz. 50.000 milioi euro gehiago Estatuaren jabetzak pribatizatuz. Hiru eguneko eztabaida prozesua izango da. Bihar bozkatuko dute murrizketa plana; etzi, berriz, murrizketa plana aplikatzeko neurriak eta estatuaren ondasunak pribatizatzeko agentzia sortzeko.

Gehiengoa zalantzan

Greziako Gobernuak gehiengo osoa nahikoa du plana onartzeko. Gobernuko alderdiak, Pasok sozialistak, badu gehiengo osoa, 300 diputatuetatik 155 baititu; baina diputatu horietatik hiru edo lau murrizketa planaren kontra bozkatzeko prest daude. Beraz, gehiengo osoa zalantzan dago. Hala ere, sozialistek beren alderdian gal dezaketen babesa beste alderdi batzuetan lor dezakete, oposizioko eskuineko zenbait diputatuk murrizketa planaren alde egin baitezakete, haien alderdiak kontra dauden arren.

Evangelos Venizelos Finantza ministroa kontra bozka dezaketen diputatuekin bildu zen atzo, murrizketa planaren alde egin dezatela eskatzeko. Aukera bat zein bestea ez direla onak onartu dute zenbait diputatu sozialistak. «Zoritxarrez, aukera txar bat edo aukera okerrago bat hautatu behar dugu», esan zuen Odysseas Voudouris diputatu sozialistak, atzo. «Ordainketak bertan behera geratzeak eta hauteskundeak aurreratzeak kalte konponezina eragingo dio Greziari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.