Europako Batasuna gehiago batzeko urratsak proposatuko dituzte «egun gutxi barru» Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk. Alemaniaren ezezko borobilaren ondoren, zor publiko bateraturik (eurobonurik) ez da izango, eta Europako Banku Zentralak ezingo du dirua inprimatu larri dabiltzan estatu kideen bonuak erosteko. Sarkozyren presioek ez dute ezer lortu.
Azken egunotan Frantziako Gobernuko hainbat kidek EBZren esku hartze handiagoa eskatu dute eurogunearen zor publikoaren krisiari aurre egiteko, eta mezu horrekin egin zion harrera atzo Sarkozyk Merkeli, Estrasburgon. Baina, Alemaniako kantzilerrak tinko eutsi die presioei, eta ez du bere jarrera milimetro bakar bat ere mugitu. «Proposamenak egongo dira, baina ez dute EBZrekin zerikusirik izango», moztu du eztabaida Merkelek, bileraren ostean Sarkozyrekin eta Mario Monti Italiako lehen ministro berriarekin egindako agerraldian.
Sarkozyk onartu egin du Alemaniak eta Frantziak ez dutela iritzi bera eurobonuei buruz—«historia desberdina dugu», argudiatu du—, eta Merkelen gisa, EBZren independentziaren aldeko mezua zabaldu behar izan du: «Ados jarri gara funtsezko erakunde horren independentzia errespetatuko dugula eta ez diogula inolako eskaririk egingo».
EBZren esku hartzea eskatzean, Italiarengan eta Espainiarengan baino gehiago, Paris bere buruarengan pentsatzen ari da. Izan ere, rating agentziek ohartarazi diote bere zorrak AAA kalifikazioa gal dezakeela kontuak orekatzeko gai ez bada. Merkatuak jada zigortzen ari dira Frantzia, gero eta interes handiagoa pagatzen ari delako bere bonuen truke. Atzo, %3,70etik gorako interesa ematen zuen bere hamar urteko bonuak, Alemaniak baino 150 puntu gehiago. Tarte hori 190ra iritsi zen joan den astean, baina jaitsi egin da, herenegun Alemania ez zelako gai izan bere zor guztia saltzeko eta, ondorioz, interes gehiago pagatu behar izan duelako.
Espainiaren arrisku sariak ez du gorabehera handirik izan azken egunotan, eta %6,60 interesa ematen zuen atzo bere hamar urteko bonuak. Italiarenak, berriz, berriro gora egin du, eta %7tik gora dago berriro ere.
Iazko maiatzetik hona EBZk 195.000 milioi euro gastatu ditu inbertsiogileei zor publikoa erosten, baina ez du eragotzi Italiaren eta Espainiaren arrisku sariak euroaren garaiko mailarik handienean egotea, eta beste herrialde gehienena ere —Frantzia, Belgika, Austria...— gorantz egitea. Erosketa horiek apalegiak direla uste dute aditu askok.
Batasun fiskalerantz
Merkelek eta Sarkozyk ez dute argitu zein aldaketa egin nahi dituzten Europako Batasuneko itunetan. Baina, pentsatzekoa denez, zerga sistemak bateratzen hastea izan daiteke proposamenetako bat, Frantziak eta Alemaniak hala egiten hasiko direla iragarri baitute. Halaber, Berlinek nahi du zigor gogorrak ezartzea defizit eta zor publikoaren mugak gainditzen dituzten euroguneko estatuei. «Herrialde bakoitzak du bere aurrekontua, baina [Egonkortasun] ituna betetzen ez dutenei kontuak eskatu behar zaizkie. Aurretik ez genuen egin, eta garesti ari gara ordaintzen», gogoratu du Merkelek.
Itun aldaketak oso prozesu luze eta korapilotsuak dira EBn, eta sarri ez dira agintariek nahi bezala ateratzen. Euroguneko hamazazpi estatu kideek ez ezik, gainontzeko hamarrek ere onetsi behar dituzte.
Alemaniaren gustuko itun aldaketa proposatuko dute Merkelek eta Sarkozyk
Eurobonurik ez da izango, eta EBZk zorra zuzenean erosteari betoa jarri dio Berlingo gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu