Alfonso Etxeberria Olazabal (Azpeitia, 1941) ELA sindikatuko idazkari nagusia izandakoa hil zen atzo, 84 urtetan.
Etxeberria 21 urterekin hasi zen ELAn, eta 35 urte zituela izendatu zuten sindikatuko idazkari nagusi, 1976an. Etxeberriak zuzendu zuen sindikatua klandestinitatetik ateratzeko prozesua.
Francisco Franco diktadorea hil zenetik bi urtera, 1977an, Espainiako Gobernuak legeztatu zuen sindikatua. Urtebete lehenago egin zen ELAren III. Batzarra, Zornotzan eta Eibarren. Han, Etxeberria kide zen taldea nagusitu zen. Aurreko urteak oso arantzatsuak izan ziren sindikatuarentzat: Hego Euskal Herriko militanteen eta Ipar Euskal Herrian eta erbestean zeudenen arteko haustura, sindikatu barneko joerak... Azkenean, Etxeberriaren taldeak eta Miarritzeko ELAren Batzordeak bat eginda ekin zioten ELAren garai berriari.
Kongresu hartan berretsi zuten sindikatuak autonomoa izan behar zuela, eta ez alderdi politikoen menpekoa —ez EAJren ez orduan sortzen ari ziren beste mugimenduen menpekoa—, eta helburu gisa jarri zuten, besteak beste, langile klase osora zabaltzea eta autofinantzatzeko gai izatea. 1978an sortu zuten erresistentzia kutxa, ELAko kideei grebetan babes ekonomikoa ematen dien tresna.
Ikusi gehiago
Politikoki eta ekonomikoki oso urte nahasiak izan ziren. ELAk jarrera kritikoa agertu zuen Franco hil ondorengo erreforma politikoarekin, eta bereziki Adolfo Suarezen gobernuak (UCD) alderdi politiko gehienekin —besteak beste EAJrekin— eta Espainiako sindikatu nagusiekin adostu zituen neurri ekonomikoekin —Moncloako hitzarmenak (1977)—. Gernikako Estatutua (1979), berriz, babestu egin zuen, tartean ñabardura batzuk izanda ere.
Etxeberria buru zela, ELA asko zabaldu zen: 1980ko hauteskunde sindikaletan, %28,7ko babesa lortu zuen Hego Euskal Herrian, eta nagusitasun horri eutsi zion hurrengo urteetan ere.
Etxeberriak karguan jarraitu zuen 1988ra arte. Barne krisi batek amaiarazi zuen haren aroa. «Autoritarioa» izatea egotzi zioten ordura arteko idazkari nagusiari, eta ELAren indarra ahultzen ari zela salatu. «ELA bere baitan itxita zegoen, gizartetik baztertuta, ekimenik eta erantzuteko gaitasunik gabe. Diseinu pertsonalistak arrasto kezkagarri batzuk zituen», argudiatu zuen Jose Elorrietak. Hark ordezkatu zuen Etxeberria.
Belaunaldi aldaketarekin batera, planteamendu politiko eta sindikalak ere aldatu ziren. EAJrekin zuten aldea are gehiago zabaldu zen, eta sindikatuak amaitutzat jo zuen autonomismoa. Lizarra-Garaziko Itunaren eragile nagusietako bat bilakatu zen ELA.
Pradalesentzat, «eredu bat»
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk Etxeberriaren «ekarpen historikoa» nabarmendu du: «Etxeberria euskal sindikalismoaren historia hurbileko izenik garrantzitsuenetako bat da».
Sindikatuaren ordezkariek gogoratu dute haren bultzadari esker ELAk zuzendaritza berritu zuela, oinarri soziala hedatu zuela, autonomia eta hari eusteko bitartekoak martxan jarri zituela, eta nazioarteko erakundeekin zeuzkan harremanak areagotu zituela. «Etxeberriaren lana ezinbestekoa izan zen oraindik ere indarrean dagoen proiektu sindikal autonomo, nazional eta klasekoaren oinarri organizatibo, politiko eta estrategikoak ezartzeko».
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gogoratu du Etxeberria. Politikoki eta ekonomikoko «oso zaila» izan zen garai batean erakutsi zuen jarrera «pragmatikoa eta eraikitzailea» goretsi du, eta adierazi «dena» eman zuela «langileen baldintzak eta euskal eredu sozioekonomikoa defendatzeko». «Haren eskuzabaltasuna, ikuspegia eta konpromisoa eredu dira gaur egun ere».