Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak jakinarazi du %10 igoko dela edari alkoholdunek ordaintzen duten zerga berezia. Lehen aldia da PP boterean denetik zerga hori ukitzen duena. Krisiak asko txikitu du edari horien kontsumoa, ostalaritzan batez ere. Hori ikusten da zerga bilketan ere. Esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurtengo lehen bost hilabeteetan 4,57 milioi euro jaso dira alkoholaren zergen kontzeptuan, iazko ekitaldian baino %13,1 gutxiago.
Alkoholaren gaineko zergarik ez dute ordaintzen graduazio txikiko edariek. Garagardoak bere zerga propioa du, eta zerga berezirik ez du ardoak, elikagai gisa hartzen dutelako.
Tabakoaren gaineko zerga ere igoko dute, baina oraindik ez du azaldu ministroak zehazki nola egingo duten. Azken hamabi hilabeetako bosgarren igoera da, baina horrek ez du eragotzi haren bidez gero eta zerga gutxiago biltzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan tabakoaren zergarekin 107,5 milioi euro jaso ziren urtarriletik maiatzera, iaz baino %16,1 gutxiago. Gaur egun, tabakoaren prezioaren %79,5 zergak dira. Tabakoa garestiagoa da EBko herrialde gehienetan.