Bizkaiko eta Gipuzkoako alturako arrantza sektoreak eskatutakoaren kontra, Europako Batzordeak Bizkaiko Golkoan eta Atlantiko Iparrean (Gran Sol, Eskozia eta Irlanda) harrapa daitekeen legatzaren kuota bere horretan mantentzea proposatu du datorren urterako. Hegoaldekoa deritzon espeziearen arrantza, berriz, %15 handitzea proposatu du Bruselak.
Azken erabakia herrialde guztietako Arrantza ministroek abenduaren 13an hasiko duten kontseiluan hartuko badute ere, Europako Batzordeak espezie bakoitzarentzat TAC (harrapaketa onargarri osoa) jakin bat proposatu zuen atzo. Araututako lau espezietik hiruren harrapaketak gutxitzeko eskaera egin du erakundeak. Zapoaren eta oilarraren kuotak, esaterako, %15 murriztu nahi ditu.
Aldaketen zain
Abenduko bileran iparreko legatzari ezarritako kuota aldatzea espero duela esan du Victor Badiola Ondarroako alturako arrantza ekoizleen buruak Bruselak dituen asmoen berri izan duenean. Europako Batzordearen irizpidearen kontra, «zientzialariek eginiko txosten ugariek» harrapaketa kuotaren %10 eta %15 bitarteko hazkundea «babesten» dute, Badiolaren esanetan.
Hala, espeziearen erreserbak, egoera «helduan eta eraginkorrean» leudeke eta Maria Damanaki Arrantza komisarioak proposatutakoak, hartara, «ez dauka ez hankarik ez bururik». Damanakik, alabaina, ikerlarien datuetan oinarritutako proposamena egin duela eta arrain kopurua mugatua izanda «naturarekin negoziatzerik ez dagoela» gogorarazi die batzordekideei.
Ondarroako alturako arrantzaleen ordezkariak negoziazio «politikoen gorabeherei esker» harrapaketa kuota handituko den itxaropena agertu du.
Alturako legatzaren egungo kuotari eutsi nahi dio Europako Batzordeak 2011n
Harrapaketak %10 eta %15 bitarte handitu daitezkeela ziurtatu du Ondarroako arrantza ekoizleen arduradunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu