Aluminio txatarraren glamour txikia eta garrantzi handia

Europak aluminio txatar gutxiago esportatzea nahi du EBk. Aluminio ekoizleak alde daude; txatar biltzaileak, kontra. Zera dago argi: aluminio txatarra ondasun estrategikoa bihurtu dela munduan.

Europako Batasunak urtero 1,26 milioi tona aluminio txatar esportatzen ditu. BERRIA
Europako Batasunak urtero 1,26 milioi tona aluminio txatar esportatzen ditu. BERRIA
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Glamour txikia izango du neodimioaren edo halako izen arraroko lur arraroen aldean, baina txatarraren erakargarritasuna handituz doa etenik gabe. Areago, txatarra ondasun estrategikoa bihurtu da Europako Batasunarentzat. Horren erakusle Brusela jada hasia dela pentsatzen nola mugatu aluminio eta altzairu txatarraren esportazioak.

Itxura guztien arabera, aluminio txatarrak lehentasun berezia du EBrentzat. Azaro bukaeran berretsi zituen Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak aurretik aipatutako asmoak, eta iragarri zuen 2026. urtearen hasieran ezarri nahi dituztela salgaiaren esportazio mugak.

Komisarioaren arabera, aluminio industria babestea da muga horien helburua; izan ere, EBko galdategiek esan dute beren ahalmenaren azpitik ari direla jardunean (-%15), txatarra baliagarriena Europatik kanpora esportatzen delako, eta kanporako jario hori handitzen ari delako.

Garbiagoa

Bruselak aluminio txatar esportazioak mugatzeko beste arrazoi garrantzitsu bat deskarbonizazioa da, ikuspegi batetik baino gehiagotatik gainera. Izan ere, batetik, txatarretik aluminioa ateraz askoz ere karbono gutxiago isurtzen da metal berria erauziz baino, lehen jarduera ez baita horren intentsiboa argindarraren aldetik. Metala bauxitatik erauzteko behar den energiaren %5 soilik behar da birziklatzeko.

Eta, bestetik, metal zilarkarak bere arintasunagatik —altzairuaren dentsitatearen herena dauka— eta bere beste ezaugarriengatik funtzio garrantzitsua betetzen du deskarbonizazioan, besteak beste energia berriztagarrietan asko erabiltzen delako eta baita ibilgailuetan ere —auto elektriko, hegazkin eta beste—, haien isuri orokorrak murriztuz.

BELGIUM EU COMMISSION MEETING
Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE

Zer gertatzen da, ordea? EBn azken urteetan aluminioaren eskaria eta industriarentzako garrantzia handituz joan direla baina bauxitatik ateratzen den aluminio primarioaren ekoizpenak behera egin duela. Hura ekoizten zuten galdategiak desagertuz joan dira, eta 2011. urtean baino %25 aluminio primario gutxiago ekoizten da gaur egun Europako Batasunean.

Horren arrazoi nagusia ez da deskarbonizazioa izan, baizik eta argindar garestia. Berez, aluminio konposatuak ugariak dira lurrazalean, baina haietatik —adibidez, bauxitatik— metala erauztea prozesu konplexua da oso, eta argindar aldetik oso-oso intentsiboa. Horregatik deitu izan zaio aluminioari argindar solidoa.

Eta aluminio eskaria handitzen zen bitartean eta aluminio primarioaren eskaintza murriztu, aluminio txatarraren esportazioak handituz joan dira. Project Blue aholkularitzaren arabera, 2018tik 2024ra batez beste urtero %8,9 hazi ziren EBtik kanporako aluminio txatarraren esportazioak.

datuak

%20-30

 

Ezarri nahi diren muga zergak. Aluminio txatarraren esportaziorako kontrolak muga zerga bidez etorriko dira ziurrenik. %20-30eko esportazio muga-zergak lirateke, gutxi gorabehera 50-150 euro gehiago EB uzten duen txatar tona bakoitzarentzat.

1

 

Enpleguak sektorean, milioitan. Aluminioaren inguruko industriak zuzenean 250.000 langile inguru ditu Europan, eta milioi bat behargin baldin eta sortzen dituen zeharkako enpleguak kontuan hartzen badira. 40.000 milioi euroko negozio bolumena mugitzen du urtean.

1,26

 

EBren aluminio-txatar esportazioak, milioi tonatan. Iaz, Europako Batasunak 1,26 milioi tona aluminio txatar esportatu zituen, 2019an halako bi, horietatik bi heren Asiako herrialdeetara.

Trumpen muga zergak

Oraindik ere Txina eta India dira Europako aluminio txatarraren inportatzaile nagusiak. Baina, Donald Trumpen bigarren agintaldiak beste merkatu bat zabaldu die Europako txatar esportatzaileei: AEBetako presidenteak %50eko mugak zergak ditu ezarriak altzairuaren eta aluminioaren gainean. Baina txatarragatik ez dira hainbesteko muga zergak pagatu behar, soilik %10 ingurukoak.

Oraingoz, handitu egin diren arren, EBren AEBetarako aluminio-txatar esportazioak ez dira pisuzkoak, baina argudio gehigarri bat dira mugak jartzeko txatarraren esportazioei.

Baina zergatik joaten da aluminio txatarra Asiara? Horiek prozesatzea gehiago kostatzen da, baina herrialde haietako argindar zikinago baina merkeagoak aukera ematen die txatarrarengatik Europako erosleek baino prezio hobea eskaintzeko.

Argindar merkeagoari eta ingurumen baldintza leunagoei esker, Txina eta India gai dira txarrarengatik prezio hobea eskaintzeko.

Europe Recycling txatar prozesatzaileen Europako elkartearen ustez, prezio horiek erakusten dute EBn ez dagoela nahikoa eskaririk aluminio txatarrarentzat, eta horregatik ez duela zentzurik esportazioen gainean kontrolik ezartzeak. Elkarte horren arabera, barneko eskaria bultzatu beharko litzateke.

CANADA USA ALUMINUM TARRIFS
Aluminio bobina bat, Kanadan ekoitzia. GRAHAM HUGHES / EFE

FUNDIGEX: «INPORTANTEA DA EUROPAK GALDATEGIAK SOSTENGATZEA»

Leioan  (Bizkaia) du egoitza Fundigex-ek, Espainiako Galdaketa Esportatzaileen Elkarteak, zeina Galdaketaren eta Forjaren Euskal Klusterraren nazioartekotzeaz arduratzen den. Marina Giacopinelli da Fundigexeko zuzendaria, eta berretsi du txatarra falta dela. «Gure elkarteko galdategi gehienek bigarren fusioko aluminioa erabiltzen dute, eta haien ekoizpenari eta piezei ongien egokitzen zaizkien aleazioak erosten dituzte. Azken urteetan, lehengai horren prezioa asko garestitu da, ez dagoelako nahikoa txatar». 

Ondorioz, Giacopinelliren arabera, «txatarretik aluminioa fintzen aritzen diren euskal enpresa asko egoera zailean daude. Europako Batzordeak ezarri nahi dituen kontrol neurriak txalotzekoak dira, baina asko beldur dira ez ote datozen beranduegi». 

Fundigexeko zuzendaria jabetzen da esportazioen kontrolak kalte egin diezaiokeela industriaren sektore bati, baina, haren ustez, kontuan hartu behar da neurria doikuntza bat dela, EBren zenbait produkturen, altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zergen ondorioz. «Uler daiteke neurri protekzionista bat dela eta horren ondorioz kontrako neurrien gorakada ekar dezakeela. Baina, hori onartuta, gure sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko neurri oro da ongi etorria». 

Bide horretan, Giacopinellik uste du EBrentzat inportantea dela «aluminio eta altzairu txatarra neurririk gabe ez esportatzeko mekanismoen aldeko apustua» egitea, «Europak jasangarritasunean oinarritutako autonomia estrategikoa izan dezan». 

«Funtsezkoa da Europako industria sostengatzea, eta zehazki, galdategiak eta altzairutegiak. Gutxi ezagutzen den sektore bat da gurea, maiz gutxietsia, eta egiaz oinarrizko sektorea da, estrategikoa», azpimarratu du Fundigexeko zuzendariak. 

«Gure piezak eguneroko ondasun guztietan daude: automozioan, trenbideetan, eraikuntzan, argiztapenean, ontzigintzan, makinerian, altzarietan, energian, hegazkingintzan... Izugarri garrantzitsua da Europak bere lurraldean edukitzea halako piezen horniketan ariko diren enpresak; izan ere, gaur egungo egoera geopolitikoan estu dabil hornikuntza sareen jario zuzena. Erakundeen sostengu dinamikoa behar dugu, bai tokikoena eta bai Europakoena, lurraldean sendotasun industrial, jasangarri eta lehiakorra mantentzearen alde egingo duena».

Txina ere txatar gose

Txina nagusi da aluminio primarioaren ekoizpen globalean, baina orain aluminio birziklatuaren kantitatea ere handitu nahi du, eta txatarra behar du horretarako.

Azken hamarkadetan aluminioaren eskaria handituz joan da munduan, eta, hain zuzen, Txinatik etorri da aluminio primarioaren ekoizpen gehigarri gehiena. Hango ikatz zentral elektrikoen argindar merkea baliatuta, gaur egun 2000ko urteetan baino sei milioi tona aluminio primario gehiago ekoizteko gai da Txina orain —guztira 44 milioi tona inguru urtean—.

CANADA USA ALUMINUM TARRIFS (1)
Aluminio eta altzairu bobinak, Kanadako galdategi batean. GRAHAM HUGHES / EFE

Baina horrek ere badu muga bat, 2017. urtean ezarria. Gehiegizko ekoizpena saihestu eta karbono isurien inpaktua murriztu nahian, Txinako Gobernuak 45 milioi tonako sabaia ezarri zuen herrialdeko aluminio primario ekoizpenarentzat. Aurten hortxe-hortxe ibiliko da produkzioa, eta, ziurrenez, datorren urtean sabaia iritsiko du. Ondorioz, Txinak esportazioen hazkundea gelditu egingo duela uste dute aditu batzuek.

Ezin da ahaztu Txina bihurtu duela auto elektrikoen ekoizle nagusia, eta auto horietako batek 250 kilotik gora aluminio izaten ditu. Hots, Txinak aluminio asko behar duela.

Horregatik, beste batzuen ustez, ez da horrelako etendurarik gertatuko. Adibidez, herrialde hartan galdategi zaharrak ixten ari dira eta berriak zabaltzen, non eta argindar berriztagarria ematen duten zentral hidroelektriko handietatik hurbil.

Eta, horrez gain, aluminio txatarra ere birziklatzen da Txinan. Nola ez, plangintza dute horretarako: 2027rako, urtean 15 milioi tona aluminio atera nahi dituzte txatarretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.