Marka tristea hautsi du berriro langabeziak: 219.071 langabe dira Hego Euskal Herrian, enplegu zerbitzu publikoek atzo emandako datuaren arabera. Urrian berriro ere lanpostu galera bizia izan zen, eta langabeziaren gorakadak ez du etenik abuztuan hasi zenetik. Langabeziaren igoerarik esanguratsuena izan da joan den urtarriletik. Amaierarik ez duen ilara da langabeena.
Espainiako Lan Ministerioak kontsolamendua aurkitu du datuak aurreko urtekoekin alderatuta. Urrian langabezia iaz baino gutxiago igo zela nabarmendu zuen. Hego Euskal Herrian ez du antzeko ihesbiderik balio, datua oso txarra izan zelako. Urrian beste 5.255 langabek izena eman zuten enplegu zerbitzuen erroldan, azken lau urteetako igoerarik handiena. 2008. urteko urrira egin behar da atzera antzeko emaitza txarra aurkitzeko. Lehman Brothers erori eta hurrengo hilabetean krisia gogortuko zela aurreratu zuen langabeziaren igoerak (7.241 langabe gehiago).
Joan den hilabeteak ez zuen enplegurako albiste onik utzi. Langabe kopuruak gora egin zuen herrialde eta sektore guztietan. Aurreko hilabetean baino kontratu gehiago sinatu ziren, baina aldi baterakoek jaun eta jabe dira oraindik ere. Bestela ere, inolako ordainik jasotzen ez duten langabeen arazoa gero eta gordinagoa da: 101.763 lagunek ez dute ezer kobratzen (%46). Soilik heren batek kobratzen du langabezia sari arrunta.
Aurreko urteko joera errepikatzen ari da aurten langabezia. Martxora arte gora egin zuen, eta ondoren, udako sasoiak lagunduta, behera egin zuen abuztura arte. Aurten, 213.000 langabe baino gehiago zeuden martxoan. Haatik, udako jaitsierak ez du irail eta martxo arteko igoera berdintzen, eta pilatutako langabeziak gora jarraitzen du, ziklo amaigabe batean.
Krisia hasi zenetik, urteko azken txanpa oso txarra izan ohi da enpleguarentzat. Joan den urtean 7.816 langabe gehitu ziren erroldara urteko azken hiru hilabeteetan, eta langabe kopuruak sekulako gorakada izan zuen urte berriko urtarrilean (13.676 langabe gehiago).
Beste datu kezkagarri bat ere ari da indartzen azken hilabeteotan. Gero eta gehiago handitzen ari da Hego Euskal Herriaren eta Europako batez bestekoen arteko aldea, EPA Populazio Aktiboaren Inkestak aurreratu zuen modura. Langabezia tasa %15,3 da EPAren arabera, eta %16,5 erroldatutako langabezian. Europako Batasuneko tasa %10,6 da. Portugalen eta Letoniaren pare dago Hego Euskal Herriaren langabezia, eta soilik Greziaren eta Espainiaren atzetik.
Europarekin alderatuz, Hego Euskal Herrian langabeziak izan duen hazkunde handia azpimarratu zuen ELAk. Azken urtean %9 igo da langabe kopurua EBn, eta ia %17 Hego Euskal Herrian. «Murrizketen eta erreformen ondorioz, langabezia, zailtasun ekonomikoak eta pobrezia gora doaz», ELAren irudiko.
Lan erreformaren helegitea
LAB sindikatuaren ustez, berriz, langabeziaren hazkundeak lan erreformaren benetako izaera agerian utzi du. «Benetako arrakasta izan du kaleratzea eta horren kostea errazten, orain baita sektore publikoan ere».
Lan erreforma horren legezkotasunari buruz erabaki beharko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. PSOE eta Izquierda Plural (IU, ICV eta CHA) Kongresuko legebiltzar taldeek jarri zuten helegitea tramiterako onartu zuen joan den urriaren 30ean. Orain, hamabost eguneko epea du Espainiako Gobernuak alegazioak jartzeko. Nafarroako Legebiltzarrak ere erreformaren aurkako helegitea jartzea onartu zuen irailaren 27an, PSN, Bildu, NaBai, eta Ezkerraren aldeko botoei esker.
Amaierarik ez duen ilara
Langabe kopuruak goia jo du berriro Hego Euskal Herrian, enpleguan azken lau urteetako urririk eskasena igaro ondorenLan erreformaren aurka jarritako helegitea aztertuko du Espainiako Konstituzionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu