Amazonek bere lantaldean onartu beharko ditu Gipuzkoan kaleraturiko 60 banatzaileak

EAEko Auzitegi Nagusiak ez ditu onartu kaleratze kolektiboa egiteko arrazoiak, eta ebatzi du langileen legez kanpoko lagapen kasu bat dela.

AMAZON
Amazonen banaketa kateko langile bat. DAVID BORRAT / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko azaroaren 27a
14:00
Entzun

Amazonek bere lantaldean onartu beharko ditu Gipuzkoako bere banaketa azpikontratak maiatzean kaleratu zituen 60 banatzaileak. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du SDR garraio enpresak eginiko lan erregulazioa legez kanpokoa izan zela eta langileak berriz kontratatu behar dituela. Are gehiago, langileak legez kanpo laga izana egozten die bi enpresei, eta, horrenbestez, Amazon Road Transport Spain enpresak kontratatu beharko ditu banatzaileak. Salaketa ELA sindikatuak egin zuen, eta enpresak aukera du helegitea jartzeko.

EAEko Auzitegi Nagusiak bizkarreko handia eman dio Amazonen multinazionalaren jardunari, haren legezko izaera auzitan jartzeraino. Auzia otsailean hasi zen, SDR (Smart Delivery Routes) Amazonen Gipuzkoako azpikontratako buruek eta enpresako langile batzordeak —ELAko bost kidez osatua— lan hitzarmena aldatzeko akordio bat egin zutenean. Hala, mezulari izateari utzi, eta garraiolaritzat jo zituzten.

Hiru hilabete geroago, maiatzean, SDRk kaleratze kolektibo bat egin zuen, eta 60 banatzaileri eragin zien. ELAk salatu zuen erabakiak harreman zuzena zuela lan hitzarmenarekin, eta auzitara jo zuen. Sei hilabete geroago, epaileek arrazoia eman diete, eta enpresak berriz onartu beharko ditu langileak. Halaber hilabete hauetan jaso gabeko soldatak ordaindu beharko dizkiete.

«Baldintzak okertzeko» egina

ELAren arabera, ebazpenak dio ez zirela egiaztatu erregulazioa egiteko arrazoiak, eta fede txarra egozten dio enpresari, kontsulta garaian ez zituelako aurkeztu zenbait dokumentu garrantzitsu. Halaber, gaineratzen du bi enpresek «langileen legez kanpoko lagapena» egin zutela, eta Amazonek bitarteko enpresa bat erabili duela «baldintzak okertzeko». Baliteke arrazoi hori aurrekari garrantzitsua izatea, Amazonek antzera jokatzen baitu bere biltegi guztietan.

Bestalde, epaileak ebatzi du Amazonek azpikontrataturiko garraio sare guztiaren kontrol «eraginkorra eta iraunkorra» egiten duela, «hasieratik amaierara arte», eta baliabide pertsonal eta materialen ikuskapenari eragiten diola horrek. ELA pozik agertu da ebazpenarekin, «Amazonen prekarizazio estrategia» ezbaian jarri delako juridikoki. Enpresak, halaber, 5.000 euroren kalte-ordaina ordaindu beharko dio ELAri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.