Lan osasuna

Amiantoak emakumezko aurpegia ere baduela gogorarazi dute CAFen

Zeharka gaixotutako biktimei babesa agertu diete CAFeko langileek. «Amiantoak hildako langile ikusezinak» argira ekarri nahi dituzte

CAFeko enpresa batzordeko kideak eta amiantoaren biktimak, gaur Beasainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 6a
14:29
Entzun

Senarraren, semearen, aitaren buzoetan zetozen partikulak bezain ikusezinak. CAFeko enpresa batzordeak, beste behin, salatu du lanean ari zirela amiantoa arnasteagatik gaixotu eta hildako langileen pairatzen duten aitortza falta. Dagoeneko CAFeko 50 langile hil dira amiantoaren erruz. Hala ere, CAFeko langileen ordezkariek, Martxoaren 8aren atarian, azpimarra jarri dute, zeharka, senideen laneko arropa garbitzen amiantoa arnastu eta gaixotutako biktimetan, amiantoak «emakumezko aurpegia» ere baduela gogoraraziz.

«Zaintza zen beraien lana, eta, zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi». CAFeko enpresa batzordeak emakume horiek ilunpetik argitara atera nahi ditu, ez daitezela isilpeko biktima izan.

Hain zuzen, aste honetan iritsi da gai horren inguruko Euskal Herriko lehen epai irmoa: epaitegi batek ebatzi du Vicenta Burguete senarraren arropa garbitzean arnastu zuen amiantoak gaixotuta hil zela, eta CAFek kalte-ordaina eman behar diola haren alargunari.

Baldintza bertsuetan gaixotutako Puri Muñoz eta Maria Dolores Sabino ere gogoan izan zituzten atzo Beasainen. Emakume horiek eta haien senideek pairatu dituzten «epai prozesu amaigabeak» ere salatu zituzten: «Vicenta Burguetek CAFi aurre egin behar izan dio, eta bide judizial luze eta gogorra sufritu». Emakume horien lan gaixotasunak aitortzea eskatu diote CAFi.

Erakundeei ere eskaera zehatzak egin dizkiete langileen ordezkariek. Besteak beste, amiantoaren biktima guztiak —zuzenekoak eta zeharkakoak— onar ditzatela nahi dute, «inolako diskriminaziorik gabe». Horri lotuta, aitorpen espezifikoa ere nahiko lukete zaintza eta garbiketa lanengatik gaixotutako pertsonentzat, eta batez ere emakumeentzat.

Erakundeei zuzendutako bigarren eskari nagusia biktimen zerrenda publiko bat da, eta denen artean osatu beharko litzatekeela uste dute «erreala» izan dadin.  
Erakundeen gutxiespena ere salatu zuten CAFen lantegi nagusiaren atarian egindako agerraldian: «Amiantoaren ondorioak eta biktimak gutxiesteari uztea eskatzen diegu behin betikoz. Errekonozimendua, erreparazioa eta prebentzioa izan behar dira ardatz arazo honetan. Prozesu judizial amaigabeei eta sufrimendua luzatzeari utzi diezaiotela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.