Nafarroako Ogasunak zordun handien zerrenda kaleratu du gaur goizean. Guztira, 316 zordun handi daude, eta 237,9 milioi euro zor dizkiote ogasunari. Zordun gehienak enpresak dira (263), eta horien artean, batez ere, higiezin eta eraikuntza sektorekoak nabarmentzen dira (%40). Ondoren, elikagai eta banaketa (14,3 milioi); automobilen salmenta (11,6 milioi) eta ostalaritza daude (9,4 milioi euro).
Enpresen artean, Bodegas Camilo Castilla ageri da. 1987tik, Ana Beltran PPko presidenteak zuzendu du upeltegia, eta, gaur egun, haren sendiaren eskuetan dago oraindik. 2012ko urtarrilaren 24an, Beltranek presidente eta kontseilari ordezkari karguak utzi zituen, baina bere administrazio kontseiluan hiru ahizpak ageri dira. Era berean, Arturo Beltran enpresaburu ohia —Ana Beltranen aita— kontseilari izan zen zendu zen arte. Gaur egun, enpresa horrek 687.894 euro zor dizkio ogasunari.
Construcciones Samaniegori lotutako enpresa bat
Zor handia duten enpresetako bat da Argoaz Inversiones SL (2,08 milioi euro). Construcciones Samaniegok 2009an bere negozioaren zati bat erdibituta sortu zuen. Construcciones Samaniego Los Arcosko zirkuituaren eraikitzaile eta onuradun nagusia da. Hasierako asmoaren arabera, zirkuituaren arriskua batez ere enpresak hartu behar zuen, baina, gerora, Nafarroako Gobernuak 53 milioi euro jarri behar izan zituen. Nafarroako Kontuen Ganberak "kontrol falta" kritikatu zuen, 2010ean. Paradoxikoa da orain enpresa horri lotutako negozio batek 2 milioi euroko zorra eragitea zergadunei. Egun, Argoaz Inversiones likidazio fasean dago, eta Iruñeko Merkataritza Epaitegia arduratu da horretaz.
Eraikuntza enpresen artean, foru erkidegoko izen handi batzuk ageri dira. Hain zuzen, egun likidazioan den Navarra de Edificaciones enpresak du zorrik handiena: 8,9 milioi euro. Eraikuntza enpresen artean, honako hauek daude: Azysa (1,58 milioi euro); Arian (1,3 milioi euro); Construcciones Juan Bautista Flores —egun likidatuta dago, baina 3,16 milioi euro zor ditu—; Construcciones Aldabea —4,1 milioi euro; Fergo Aisak erosi zuen, eta egun hartzekodunen konkurtsoan dago—; Ecay Andueza (4,2 milioi euro); Estructuras Corellanas SL (4,3 milioi euro)...
Zordun batzuk lotuta daude. Adibidez, Capital Norte SL eta Capital Asturias higiezin arloko sozietateek 465.000 euro zor dituzte. Sozietateok eratu dituzten norbanakoek, era berean, zorrak dituzte ogasunarekin: Ruperto Unzue Iñigo (820.000 euro), Ruperto Unzue Iribarren (816.000 euro) eta Carmen Iribarren Berrade (817.000 euro).
Zor handia duen beste enpresa deigarri bat New Work ETT SL aldi baterako lan enpresa da. 3,6 milioi euroko zorra du ogasunarekin. Distribuciones Petroliferas Berastegi Muruzak, berriz, 4,5 milioi euroko zorra du, eta Industrias Mecanicas de Tudelak, 3,9 milioi eurokoa.
Norbanakoen artean ageri dira Gabriel Urralburu presidente ohia —491.000 euroko zorra— eta ibilbide profesionala Nafarroan egin zuten Errusiako bi txirrindulari profesional ohi: Denis Mentxov (373.672 euro) eta Vladimir Karpets (682.878).
Luis Esain Nafarroako Ogasun zuzendariak zehaztu du enpresetako batzuk hartzekodunen konkurtsoan daudela eta merkataritza arloko epaitegiek ezarritako prozedurak hartu behar direla aintzat kasu horietako bakoitzean. Gainerakoen kasuan, zorra ordaintzera behartzeko prozedura ezarri du ogasunak, errekarguen eta interesen bidez.
Zordunei jakinarazi egin zaie
Ogasunak gaur kaleratutako zerrendan 250.000 eurotik gorako zordunak agertu dira. Luis Esain Ogasuneko zuzendari nagusiaren arabera, guztiei jakinarazi zitzaien martxoan zerrenda hori kaleratzeko asmoa zutela. Dena den, epe horretan ez dute zorra kitatu.
Lehen aldia da Nafarroan halako zerrenda kaleratzen dela, baina 2015ean egindako lege aldaketa batek ahalbidetzen du. Esainen irudiko, "ezohiko neurria" da, baina "horrelako jarrerek altxortegiari eta gizarteari kalte egiten diote". Esainek zehaztu du ohiko prozeduratik kanpo diren zordunak ageri direla zerrendan, eta horregatik ez dela Osasuna futbol taldea ageri. Egun, Osasunaren zorra "praktikoki kitatua" dago, Esainen arabera. Dena den, diferentzia handiz zordunik handiena zen orain dela ez asko.