Iker Aranburu.

2013 eta 2025, uste baino gertuago

2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Aurreztu, aurreztu, aurreztu». «Zorra ekonomiaren etsaia da, zerbitzu publikoena, geure subiranotasun nazionalarena». Esaldi horiek François Bayrou Frantziako lehen ministroaren astearteko hitzaldian egon zitezkeen lasai asko, baina ez dira harenak eta ez dira berri-berriak. 2013an Pierre Moscovici orduko Finantza ministroak esandakoak dira. Defizit publikoa kosta ahala kosta BPGaren %3ra gerturatu nahian zebilen orduko gobernua, PS Alderdi Sozialistako François Hollande presidente zela, Frantzia ez zedin bilakatu zorraren krisiaren beste biktimetako bat.

Hamabi urte igaro dira, eta zaharrak berri. Orain zentro-eskuina dago boterean Frantzian, eta hura ere defizita eta zor publikoa txikitu nahian dabil, ezer egin ezean «amildegia» datorrelako, Bayrouren hitzetan. Oroitarazi du segundoero 5.000 euro handitzen dela Frantziaren zorra, eta haren interesak ordaintzea dela aurrekontuaren atal nagusia, hezkuntzaren eta osasunaren aurretik. 

Dramatismo kutsu bat eman zion Bayrouk astearteko agerraldiari, ziur aski finantza merkatuak eta Europako Batzordea baretzeko, eta herritarrei pilula mingotsa hobeto irentsarazteko. Baina egia da kontu publikoen egoera 2013koa baino kaskarragoa dela. Orduan BPGaren %4,2ko defizita izan zuen Frantziak, eta %5,8koa izan zen 2024 amaieran. Azken 40 urteotan urtero pilatutako defizita zor publikora pasatu da: 1,92 bilioirena zen zorra 2013an, eta 3,3 bilioi izan ziren iaz. Zenbaki erlatiboetan, %93,5etik %113ra iritsi da. COVIDaren krisiak maila horretara igo zuen Espainiarena ere, baina, Frantziarena ez bezala, apaltzen ari da, hazkunde ekonomiko biziagoari esker.

François Bayrou
François Bayrou Frantziako lehen ministroa, aste honetan, Matignonen. MOHAMMED BADRA / EFE

Zenbaki txar horiek bultzatu dute Bayrou iragartzera 2026rako aurrekontuan 43.800 milioi euroren ahalegin bat proposatuko duela: 20.800 milioi euro aurreztu nahi ditu, zerga berrien bidez 15.900 milioi gehiago bildu, eta 7.100 milioi gastatzeari utziko dio soldata publikoak, pentsioak eta gizarte laguntzak izoztuz. Bayrouk aditzera eman zuen proposamen hori egiteko beste aukerarik ez zuela, nahiz eta badakien bere ibilbide politiko luzearen amaiera izan daitekeela. Izan ere, haren agerraldi luzea amaitu aurretik ere «zentsura mozioa» hitza zerabilten oposizioko taldeek, bai eskuin muturreko RN Batasun Nazionalekoek eta bai LFI Frantzia Intsumisokoek. 

Azken hitza, ordea, sozialistek izango dute. Haiek salbatu zuten Bayrou neguan, haren lehen aurrekontuen aldeko botoa emanda. Eta neurri handi batean haien esku dago orain aurrekontu horrek —edo antzeko batek— aurrera egitea eta Bayrouk Matignonen jarraitzea. 

Aberatsen zerga

Zer egingo dute sozialistek? «Arduraz» jokatuko dutela espero du gobernuak, eta negoziatu egingo dutela eta ez dituztela zentsura mozioak bozkatuko. 

Familia politiko horretan batzuk prest leudekeela erakusten du Moscovicik berak babesa eman izana defizita murrizteko saiakerari. Hori bai, hura Kontu Ganberako presidentea da gaur egun, eta ez ditu neurri zehatzak epaitu nahi. «Ni ez naiz jada politikoa», argudiatu du ministro ohiak. 

Gaur egungo buruzagi sozialisten artean ez da ezezko borobilik, baina proposamenak kritikak jaso ditu, eta ez laudorioak. Bereziki puntu batekin daude haserre PSn, eta, orokorrean, ezkerrean: urte zuria deitutakoarekin, edo bestela esanda, pentsioak, soldata publikoak eta laguntza publikoak izoztearekin, eta errenta zergaren taula inflaziora ez egokitzearekin (deflatazioa). Neurri horrek batez ere herritar pobreenei eragingo die, haiek dutelako gizarte laguntzen beharrik handiena. 

Halako neurri batek sozialisten marra gorria zeharkatuko lukeela ohartarazi du Senatuko talde sozialistako buruak, Patrick Kanterrek, eta dirua bildu nahi izatekotan nondik egin dezakeen gogorarazi dio Bayrouri: aberatsei gehiago eskatuta. Zehaztasun handirik gabe, haien ekarpena handitu nahi duela esan du lehen ministroak, baina ezkerreko taldeek neurri zehatzago bat dute mahai gainean: Zucman tasa. Gabriel Zucman ekonomista frantziarraren proposamen bat da, 100 milioi eurotik ondasunak dituztenei beren aberastasunaren gaineko %2ko tasa bat jartzea. Ezkerraren botoekin, Frantziako Asanbleak tasa onartu zuen neguan, baina Senatuan eskuina nagusi da, eta ekainean aukera hori baztertu zuten.

Ezkerreko beste taldeen aldetik ez ezik, sindikatuen presioa ere jasoko dute sozialistek. Langileen ordezkariak hasi dira erantzun bateratu bat prestatzen. Bi jai egun kentzea, erretiroa hartzen duten hiru langile publikotik bat ez ordezkatzea eta langabezia saria berriro erreformatu nahi izatea salatu dute sindikatuek. Baina bada kritika gutxi entzun dituen puntu bat: gastu militarra txikitu ez ezik, handitu egingo da Bayrouren planarekin.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.