Zorraren krisia. Europa. Analisia

242.000 milioi arrazoi

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Begi bat Alemaniako bankuen kontuei begira eta eta bestea egunkarietako inkestei begira duela, Europa bere erara moldatzen jarraitzen du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Atzo, asko Portugalekin entretenituta zebiltzala,Europako Batasuneko hurrengo urteotako politika ekonomikoak baldintzatuko dituen Euroaren Ituna irentsarazi zien bazkideei. Itun horrek ondorio onik ere izan dezake etorkizunean, —Europaren bateratze ekonomikoaren bidetik, esaterako—, baina epe motzera txarrak gehiago nabarmentzen dira.

Batetik, herrialdeak merkatuen atzaparrei ihes egiteko sortzen ari diren babes mekanismoen truke, gastu publikoaren politika oso murriztaileak exijitzen ari da Merkel. Horren ondorioak ezagunak ditugu Euskal Herrian ere, eta denak gutxitu, txikitu, murriztu eta antzeko aditzekin zerikusia dira.

Bestetik, eta goikoari lotuta, Euroaren Itunaren bidez defizit publikoak zorrotz kontrolatzeko obsesio hain alemaniar hori hedatuko du Merkelek. Zapaterok atzo iragarri zuen Espainiako administrazio zentralak aurrerantzean BPGaren hazkundera mugatuko duela gastu publikoaren igoera. Udalei ere neurri hori inposatzeko modua badu Madrilek, baina ez, ordea, autonomiei. Baina Zapaterok berak aitortu du erkidegoak ere bultzatu nahi dituela muga horiek onartzea. EAEren eta Nafarroaren autonomia fiskala gutxitzeko beste kolpe bat.

Ongi dago zuhurra izatea diru publikoarekin, eta gastua kontrolpean mantendu nahi izatea ez da berez txarra; baina ez dirudi oso zuhurra lege bidez debekatzea une jakin batean defizit publikora jotzea jarduera ekonomikoak izan dezakeen jaitsierari aurre egiteko. Berriro aipatu behar al dugu nola eragotzi duen Europak krisiak are eragin larriagoa izatea?

Gainera, Berlinek sinetsarazi nahi du dena europarren on beharrez egiten duela. Agian gogorarazi beharko zaio Greziak, Irlandak edo Portugal salbatzeko jarritako dirua mailegu bat dela, eta dagoeneko horren interesak jasotzen ari dela. Edo herrialde horiei lagunduta Alemaniako bankuak salbatzen ari direla, hango zor publikoan edo pribatuan inbertituta dauzkaten 242.000 milioi euroak gal ez ditzaten. Azken finean, zorraren krisia ez delako hegoaldeko Europaren krisia, Alemaniarena ere badelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.