Iker Aranburu.
GEURE KONTU

60 urterekin, erretiroa ala zer?

2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Martxoaren 25ean 60 urte beteko ditu Europako Batasunak. Zehazki, 60 urte izango dira 1957ko martxoaren 25ean Erromako Ituna sinatu zutela sei estatuk —Mendebaldeko Alemania, Frantzia, Italia, Herbehereak, Belgika eta Luxenburgo—. Europako Erkidego Ekonomikoa sortu zuen itun horrek, sei estatu horien arteko aduanak urratsez urrats desagerrarazi zituena. Haren jarraipena da Europako Batasuna, 1993an Maastrichteko Itunak sortutakoa. Baina izen bat edo bestea izan, 60. urtebetetzera iritsi da EB, adinesanguratsua gizakien bizitzan. EBrentzat ere hala da, biologiaren legeek hari eragin beharko ez lioketen arren. Izan ere, sortu zenetik lehen aldiz, EBren iraupena bera kolokan dago. Krisi ekonomikoaren kudeaketa kaskarra, errefuxiatuekiko jarrera kontrajarriak, globalizazioaren presioa, herritarren haserrea... Zahartzaroaren ajeak erakusten ditu batasunak.

Lehen aldiz, taldeko kide batek alde egitea erabaki du. Ez nolanahiko kide batek, gainera: purrustadaz purrustada ibili da Erresuma Batua EBren barruan, baina batasuneko bigarren ekonomia da. Lehen aldiz ere, Atlantikoaren bestaldeko lehengusu indartsua ez da Europa batuago baten aldekoa, EBren hiletara gustura joango litzatekeen ahaide urrun bat baizik, defuntuaren hondarretatik zerbait arrantza dezakeela uste duena.

Testuinguru honetan, EBk erabaki beharko du zer izan nahi duen aurrerantzean. Merezi al du horrela jarraitzeak, ala erretiroa hartzeko garaia da? Eztabaida hori sustatu nahi du EBren geroari buruzko Liburu Zuriak. Asteazkenean aurkeztu zuenean, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak onartu zuen EB desegitea zela aukeretako bat. Baina hori ez diren beste bost aukera mahaiaren gainean jarri zituen, eta argi utzi zien estatukideei dagokiela haien artean aukeratzea. Autokritika izan zuen hitzaldiak, baina, aldi berean, EBri buruzko espektatibak jaisteko ere eskatu zuen: «Ezin diogu jendeari sinetsarazi eguzkia eta ilargia emango dizkiegula, soilik teleskopioa eman ahal badiegu».

Bi aukera errealista, hiru ez hainbeste

Lehenengo aukera da orain arteko bideari jarraitzea, eta bukatzeke dauden lanak egitea: barne merkatua osatzea, energia merkatu bakarra, merkatu digitala, kapitalena eta defentsarena. Dagoeneko bere batzordearen ekimena gai zehatz batzuetara mugatzen ari dela adierazi zuen Junckerrek. «Jendeak ez du nahi guk komuneko ur emaria arautzea». Onartu zuen ez duela asmatu bere politika berria ongi saltzen, oraindik dena arautu nahi izateaz akusatzen dituztelako. «Baina Brusela egurtzeak bukatu behar du. Akats nazionalak ezkutatzeko erabiltzen da».

Bigarren aukera da EB merkatu bakar batera mugatzea, eta gainontzeko arloak estatuetara itzultzea. Erresuma Batuak gogotsu defendatuko lukeen proposamena, EBren barruan geratuko balitz. Baina Junckerrek aitortu zuen ez dagoela horren alde: «Europa merkatuak, ondasunak eta dirua baino gehiago da».

Aurreko bi proposamenek aurrera egiteko baino aukera handiagoa du hirugarrenak: bi abiadurako Europan sakontzea. Dagoeneko gertatzen da (euroa ez da guztien dirua, Tobin tasa batzuk bakarrik jarri nahi dute indarrean... ), eta Alemania-Frantzia motorrak ez du gaizki ikusten.

Laugarren proposamenak ere baditu jarratzaileak: arlo batzuetan gehiago egitea —«zerbait gehi dezakeenean, edo herritarrek zerbait egitea espero dutenean»—, eta eraginkortzat ikusten ez diren arloetan ezer ez egitea.

Bosgarren eta azken aukera federalismorantz jotzea da. Junckerren beraren ez oso aspaldiko asmoa, baina gaur egun egiterik ez dagoena, Europa ekialdekoen aurkakotasunari batu behar zaiolako mendebaldeko herritar askori iruditzen zaiola Brusela urrunak dagoeneko nahiko botere ikusten duela.

Hauteskunde askoren urtea izanda, nekez egingo du aurrera orain gogoetak, baina brexit-a gauzatu ahala, EBk behingoz erabaki beharko du 70 urtera iristeko zer egin behar duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.