Analisia

'Adeu', CAN!

joxerra senar
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Begiratzen den aldetik begiratzen dela, Nafarroako Kutxarekin gertatutakoa porrot politikoa da PSN eta UPNrentzat. Aurretik ere hala zen, baina Caixabankek Banca Civica xurgatu izanak porrot hori are ageriago utzi du. Horregatik, patetikoak izan ziren alderdi bateko zein besteko eledunen azalpenak. UPNko Carlos Garcia Adanerorentzat, positiboa da Caixaren «eskutik helduta» joatea. PSNko Juan Jose Lizarberen arabera, berriz, mundu globalizatuak behartu egiten du «bazkideak bilatzera», eta hobe da «arratoiaren buru izan ordez lehoiaren isats izatea». Ezein eufemismok ezingo du ezkutatu Caixa erraldoi horretan hutsaren pareko partaidetza izango duela CANek, eta ezein globalizaziok ezingo du ezkutatu batak zein besteak izan duten erantzukizuna.

Ez dakit noiz hasi zen Nafarroako Kutxaren ihesbide zentzugabe hau. Gogoan dut 2007ko otsailean Enrique Goñi zuzendariak (Miguel Sanz CANeko presidentea alboan zuela) nola iragarri zuen lau urteren buruan kutxa tamainaz bikoizteko helburua zuela. Ahaztu zitzaion tamaina baino garrantzitsuagoa dela kaudimena (edo zorrei eta arriskuei aurre egiteko ahalmena): Banca Civica CAN baino lau aldiz handiagoa zen, baina duela bi urte Nafarroako Kutxa bera baino askoz merkeago erosi duCaixak orain. Suntsipen honen arkitektoak, Goñik, ez du lekurik izango Caixan (katalanek badakite zer egin), baina poltsikoak bero-bero dituela joango da etxera.

Ezin ahaztu Miguel Sanz eta Yolanda Barcina. Bat egiteen prozesu eroa bideratu baino hilabete lehenago, 2009ko irailean, kutxa despolitizatzeko estatutuak aldatu egin zituen Sanzek. Ordura arte kutxak egiten zuen guztiari amen esatera eta bitartean dieta oparoak kobratzera ohituta zeuden politikariak kutxaren erabaki organoetatik atera egin ziren. Despolitizazioarena txiste bat zen, kutxak zeharka UPNren kontrolpean jarraitu zuelako. Alta, ezkutuan batzorde aholku emaileak sortu zituzten diru sariak kobratzen jarraitzeko, baina Banca Civicaren abenturen inguruan azalpenik eman gabe. Horretan datza lotsagabekeria handiena: erabakiak onartu eta diru sariak kobratu dituzten politikariek orain ez dute erantzukizuna beren gain hartuko. Ematen du euren egiteko bakarra zela dirua jasotzea eta kosta ahala kosta eragoztea euskal kutsu txikieneko beste erakunderen batek erostea. Nafarroa finantza tresna gabe geratu dela? Eta zer. Hobe Caixaren %1,25 izan, Kutxabanken pisu handiagoa izatea baino.

UPNren obsesioa hain zabarra ez balitz, gaur Kutxabanken egon zitekeen. Cajacanarias, CajaBurgos eta gero Cajasolekin bat egin ordez, itxaron eta euskal kutxekin bat egin izan balu, gaur sendoagoa izango zen. Ez luke Caixak egingo duen adinako enplegu murrizketarik egin beharko eta Nafarroako ekonomia egituratzeko finantza tresna izan ziteen.

Hala ere, betiko susmoa geratuko da zerk bultzatu zuen benetan Nafarroako Kutxa Banca Civica sortzera: UPNren kalkulu oker batek edo irudi baino finantza egoera kaskarrago batek. Izan ere, hasiera batean, Nafarroako Kutxak hartu zuen Banca Civicaren lidergoa, baina denborarekin, gero eta kapital behar handiago duen zulo amaigabe bat bihurtu da. Kalkulu oker bat balitz, aspaldiko operazio traketsenaren aurrean geundeke. Bigarrenaren kasuan, beste behin gezurra esan eta iruzur egin dute. Ez dute dimitituko, baina merezia dute euren etxaldeko negozio errentagarriena gabe geratu izana. Adeu, CAN.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.