joxerra senar
GEURE KONTU

Agur, betiko, egun gabardinadunei

2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko asteburuan, Diario de Noticias egunkariak hiru egunez artikulu sorta bat kaleratu zuen UPNren garaian 1999tik 2015era CCOOk, UGTk eta CEN enpresaburu elkarteak izenpetutako hitzarmenei buruz. Aldez aurretik ezaguna zen informazioarekin batera, xehetasun berriak eman zituzten. Laburbilduz, langileentzako ikastaroetan zein enpleguari lotutako bestelako zerbitzuetan, urtean 20 milioi euro banatzen zituzten erakundeon artean. Diru publikoarekin egiturazko gastua finantzatzen zuten: CCOOk egiturazko gastuaren %40 jaso zuen, CENek, %50, eta UGTk, %60; bi sindikatuei lotutako fundazioek, berriz, %100 jaso zuten. Horrelakoetan, bestelako elkarteek gastuaren %10 inguru jaso ohi dute. Horrez gain, hiru erakundeetako langileen soldatak, jardunaldiak eta txostenak finantzatu zituzten.

Hori guztia zertarako? Bi sindikatu horien otzantasuna erosi zuten UPNk eta CEN patronalak. Euren interes sarearen bazkide egin zituzten. Horregatik, 2007an, UGTko eta CCOOko buruek Miguel Sanzen inbestiduraren alde egin zuten; 2008an, Urrezko Domina jaso zuten; eta, 2011n, UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernua txalotu zuten.

Orain ala inoiz ez libururako, oso modu grafikoan laburbildu zituen ELAko Mitxel Lakuntzak egoera hark lan munduan utzitako ondorioak: «Ezagutzen dituzu gabardina ireki eta erloju edo litxarreria piloa erakusten dizkizuten saltzaileak? Bada, halaxe ibiltzen ziren hauek ere: afilia zaitezte, eta gurekin etortzen bazarete, etxe bat emanen dizuegu, Volkswagenen sartuko zaituztegu eta ikastaroak eginen dituzue. Oso filosofia klientelarra da, eta are okerrago dena, diru publikoarekin ordaindua». Ordezkari liberatu gehiago zituzten, eta, maiz, enpresa askotan enplegu bulegoen tankeran funtzionatu zuten.

Zer egin iraganarekin?

Hori dena amaitu da, baina haren itzala gaurdaino iristen da. Egungo gobernuak iturria itxi die, eta hitzarmenok ia desagertu egin dira. Aurten, CENek bi itunen bidez 720.000 euro jasoko ditu, baina gobernuak aurreratu du 2018an hori ere kenduko dutela. Gainera, Nafar Lansareren patronatuan zituzten abantailak kendu zaizkie, edo 2014 amaieran PSNk eta UPNk sortutako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren finantzaketa publikoa ere desagertu da.

Pribilegioekin amaituta, gobernuak aurrerantz jo nahi izan du. Batetik, Ezkerrari komeni zaiolako, CCOOrekin gehiegi sartzea etxekalte duelako. Bestetik, Geroa Bairen ikuspegi pragmatikoa nagusitu delako. Enpleguaren eta garapen ekonomikoaren eztabaida lubakien gatazka bihurtuz gero, ez atzera ez aurrera egiten duen eremu izateko arriskua du. Ulergarria gerta daiteke jarrera hori, baina, akaso, erratu dira eztabaidarako foro gisa Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua hautatu dutenean. Egun, eztabaidarako foro huts bada ere, bere existentziak iraganeko ondareari egiten dio keinu: horregatik, CCOO, UGT eta CEN deseroso utzi ordez, ELA eta LAB uzten ditu. Bederen, halako tranpak saihestea bilatu behar lukete.

Testuinguru horretan etorri da Noticias-en salaketa, eta inori ez zaio oharkabean pasatu, hautatutako garaia ez da halabeharrezkoa izan. CCOOk «aurrekaririk gabeko erasotzat» jo du. Etorri den tokitik etorrita, kaleratutako informazioak badu ohartarazpen kutsu bat, baina ondo legoke 1999tik 2015era bitarteko hitzarmenen xehetasun guztiak izatea. Legezkoak izanagatik, urte luzez Nafarroako lan mundua eta politika baldintzatu zuelako eroskeria hark.

Kontua ez da CCOO, UGT eta CEN gurutziltzatzea, baina ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea ere ez da zilegi. Batzuetan, badirudi hiru erakundeok jo eta su egungo aldaketaren aurka jotzen dutenean kritikarako zilegitasunaren gainetik euren betiko interesak berreskuratu nahi dituztela, eta hori joko zikina da. Behingoz ikasi beharko lukete saltzaile gabardinadun zireneko egunak amaitu direla. Behingoz barneratu beharko dute gizarte eragile besterik ez direla. Ez gehiago, ez gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.