Irune Lasa.

Zenbaki politen ajeak

2023ko azaroaren 21a
19:25
Entzun

Irudi onak, zenbaki politek eta plan distiratsuek aje asko ezkuta ditzakete. Adibidez, zenbakitan, gogoetan jarrita, Europaren motorraren, hau da, Alemaniaren arrakastatik zenbat dagokio alemaniarren ingeniari pentsaera langile temati diziplinatuari? Eta zenbat Errusiatik zetorkion gas merkeari, Europa ekialdeko langile merkeei eta Txinako merkatuaren zabaltzeari? Hor dago eztabaida, zeinak ziurrenez ez duen konponbidea erantzun sinplista batean topatuko. Baina gogoeta zilegi izan bedi, aitzakia gisa bada ere, alemaniarrak Siemens Gamesari buruzko analisi honetara ekartzeko.

Alemaniarren eraginkortasunaren aurarekin eta zenbaki politekin iritsi zen Siemens Euskal Herrira, Gamesa erostera, 2016an. Siemensekoek AEBetako eta Brasilgo merkatu indartsuak zituzten, eta haize errota flotagarrien saileko nagusigoa. Gamesak lurreko haize erroten arloko esperientzia zuen —Espainian eta Euskal Herrian jasotako laguntzak tarteko—, eta zenbait merkatu berritan – hala nola Indian eta Latinoamerikan– egindako bidea.

Bien baturak, baina, berehala galdu zuen urreztatzea. Urtebete ere ez zen igaro, eta egiazko zenbakiak ez ziren horren politak. Gamesaren Indiako merkatua ez zebilen, Siemensek sekulako haize errota stocka zuen saldu gabe AEBetan eta Brasilen... Egia da sorgailu eolikoen merkatua ez zegoela bere onenean ere. Baina gauza bat argi dago: Alemaniako zuzendaritzapean, taldeak ez dio buelta eman egoerari.

Diseinu akastuna

Zenbakien ajeak alde batera utzita, zer esan alemaniarren eraginkortasun irudiaz? Gamesa izandakoan vox populi da alemaniarrek dezepzioa eragin zutela, eta ez soilik makinetan lanean aritzen diren langileen artean, edo kaleratutakoen artean, baizik eta goiko bulegoetan ere bai. Haize erroten diseinu akastuna da, beharbada, alemaniarren hutsegiterik deigarriena, eta oraindik neurtzeko dago konpainiari zenbateko kaltea ekarri dion. Baina tartean daude burokrazia, antolaketa txarra, finantza aldrebesak, huts eginiko kostu aurreikuspenak eta beste ere. Hor ere, hainbat aje.

Aitortu behar da, hala ere, arazo horietako batzuk ez direla alemaniarren esklusiba, ez behintzat haize erroten negozioan. Parke eolikoen eraikuntza maiz enkante bidez adjudikatzen da, eta, hor, eskaintzak eta kontratuak prezio jakin batean finkatzen dira. Eskaintza merkeek aukera gehiago dituzte enkantea irabazteko, baina gerora arazo handiak sor ditzake horrek, kostuak uste baino gehiago handitzen badira. Arazo hori pairatu dute Siemens Gamesak eta haren lehiakideek, besteak beste Vestasek eta Orstedek.

Vestas danimarkarra, dena den, hasia da argi pixka bat ikusten. Bi urtez galerak izan ostean, hirugarren hiruhilekoan etekin txiki bat lortu du. 2021. urtean, Vestas izan zen lehena haize erroten prezioa igotzen, eta badirudi asmatu zuela, egoera hobean baitzegoen kostuen igoerari aurre egiteko orduan.

Proiektuak egin egingo direla ziurtatzeko, badirudi orain gobernuak prest daudela gerora prezioak berrikusteko aukera emango duten enkanteak egiteko. Beharko, Europako Batasunak 2030. urterako 500 gigawatteko energia eolikora jauzi egin nahi badu –iaz, 240 gigawattekoa zen–.

Eolikoen sektorearen aldeko haizea baliatzerik izango ote du Siemens Gamesak?

Hori saldu die Christian Bruchek, Siemens Energyko buruak, bere akziodunei; merkatua badoala aurrera, konponduko dituztela arazoak eolikoen zatian, kontratu berrien «osasuna» ziurtatuko dutela, Siemens Energyren beste alorretako arrakasta Siemens Gamesara eramango dutela, eta 2026rako mozkinak lortuko dituztela. Zenbaki politak eta asmo oneko planak, berriz ere, Alemaniatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.