Siemens Gamesak 400 milioi gutxituko ditu kostuak, baina ez du zehaztu non

Siemens Energyk azaldu du «negozio eolikoa onbideratu» beharra dutela, 2026rako errentagarri izateko. Europako merkatuari eutsi egingo diote, baina munduko beste eskualdeetan «atzerantz» egin dezakete.

CHRISTIAN BRUCH
Christian Bruch Siemens Energy taldeko presidentea. RONALD WITTEK / EFE
joxerra senar
2023ko azaroaren 21a
19:05
Entzun

Azaroaren 21a hizki gorriz markatua zuten Siemens Gamesaren Hego Euskal Herriko 2.800 langileek eta sindikatuek. Haatik, Siemens Energy taldeak ez du askorik argitu zer egin asmo duen. Hanburgon (Alemania) inbertitzaile eta akziodunen aurrean egindako bilkuran, Jochen Eickholt Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak azaldu du 2026rako 400 milioi euro murriztuko dituztela egiturazko kostu finkoak, «antolamendua sinplifikatuz eta egitura gastuak optimizatuz». Haatik, ez du adierazi zehazki zer arlotan murriztuko dituen gastu horiek, eta nola eragingo dien lurreko haize errotekin aritzen diren lantokiei.

«Hori da bi urte barru emaitza positiboak izateko gure planaren parte bat», aipatu du Eickholtek. Batik bat produkzioari eta produktuen iraupenari buruz aritu da azalpenetan. Hala, batetik, orain arte erabilitako teknologia sorta «sinplifikatu» nahi dute; eta, bestetik, osagai kopurua ere murriztu nahi dute. «Bezero gisa erosten ditugun osagaiak dira, eta batzuetan ez dugu asmatu, haietako batzuekin ez dugulako diru sarrerarik lortu». Horri loturik, haize errotek ahalik eta iraupen ziklo handiena izatea dute helburu.

Antolamendua «sendotu»

Eickholtek adierazi du antolamendua «sendotu» egin behar duela eta fabrikazio eredua aldatu: «Ziurtatu behar da produkzioa prest egotea, hutsetik produzitzen hasteko. Gure negozio eremuan eolikoa ez da oso ohikoa. Autogintzako arlotik nator, eta bertan ekoizten hasteak horixe esan nahi du, eta hura amaitutakoan bagoaz».

Lantokiez ez du hitzik esan. Urrian, Reuters agentziak zabaldu zuen Siemens Energy aztertzen ari zela lurreko negozioko lantoki eta bulegoak saltzea edo ixtea. Aurreko astean, baina, Christian Bruchek ukatu egin zuen sektorea uzteko asmorik duela, eta esan zuen ez dutela lantokirik itxiko.

Aurreko astean, urtebetean 4.588 milioi euroren galerak aurkeztu zituen Siemens Energyk, eta gehienbat negozio eolikoari egotzi zizkion datu txar horiek —4.347 milioi eurokoa—. Europako sektore eolikoaren zailtasun orokorrei ekainetik azaleratutako turbinen arazoak gehitzen zaizkie. Gaurkoan aurreratu dute 2024an 2.000 milioi euro inguruko galerak gehituko dizkiola taldeari, baina 2025ean apaldu egingo direla. Helburua da 2026rako atal eolikoa errentagarri izatea.

Agerraldian, Bruchek onartu du ez dutela lortu arrakastarik izatea Siemens Gamesarekin. Hala, hurrengo urteei begirako hiru lehentasunetako bat izango da «negozio eolikoa onbideratzea», beste negozio ataletako hazkunde errentagarriarekin eta finantza oinarriak sendotzearekin batera.

Argi-ilunak dituztela onartu du. Alde txarrari begira, datorren urtea «bereziki kritikoa» izango da cash flow negatiboa izango duelako. Inbertitzaileek etekinen eta amortizazioaren arteko batura horri erreparatzen diote, enpresa baten luzarorako sendotasunaren adierazle baita. Hala, Siemens Gamesaren turbinen arazoei aurre egiteko sortu behar izan dituen 1.600 miloi euroko hornidurek kapital gastua eragin diote, baina Maria Ferraro finantza zuzendariak aipatu du urtebeteko kontua baino ez dela izango.

«Eskariak dira gure argia», gaineratu du Bruchek. Taldeak 112.000 milioi euro inguruko eskariak ditu, eta horietatik %43 (50.446 milioi) azken urtean lortu ditu. Bere lau negozio ataletan —gasa, argindar azpiegiturak, industria eraldaketa eta eolikoa—, Siemens Energyk ez du arazorik kontratuak erdiesteko. Gainera, Siemens Gamesaren jarduera ez da inondik ere orban bat: 16.836 milioi euroren kontratuak eskuratu ditu urtebetean, taldeko handienak.

Haatik, negozioa ez da errentagarri. Alde batetik, sektore eolikoaren krisia dago, eta faktoreak erlazionatuta daude. Batetik, «eutsiezina» da prezioen arloan enpresen artean dagoen borroka, produktuak merkatu arren «eramangarria ez den neurri batera jaisteko lehia dagoelako». Bigarrenik, parke eolikoetan ezarritako irizpideek eta baldintzek behartzen dituzte ekoizleak arrisku handiegia hartzera kostuetan. Azkenik, horri loturik, parkeen kontratua izenpetzen denetik amaitzen den arte lehengaien kostuak eta logistika handituz gero, tarte hori irentsi beharra dute, errentagarritasuna nabarmen apalduz edo guztiz kaltetuz.

Europan, urte bat edo bi

Egoera zaila izanagatik, aurrera begirako perspektibak onak dira. Egun, munduko argindar ekoizpenaren %7 da haizetik lortutakoa, baina ezarritako potentzia ahalmena urtero %9ko erritmoan haztea espero da munduan. Halaber, urriaren 24an Europako Batzordeak sektorearentzat aurkeztutako laguntza neurriek «urte bat edo biren buruan» Europan zailtasunak gainditzea espero dute, baita AEBetan ere. Hala, Europako negozioari eusteko asmoa agertu dute, eta munduko gainerako lurraldeetan «atzerantz» egin dezaketela onartu dute.

Barne mailako arazoei dagokienez, 4.X eta 5.X turbinen kalitate arazoek eragin dute inbertitzaileen ikusmin handiena. Egun, lurreko 59.600 errota ditu ezarriak, eta horietatik 5.000 ingurutan egon daitezke arazoak. Eckhorten arabera, «kaltetutako kopurua txikia» da, baina kalitate arloko arazo horiek atzematea «ez da erraza, prozesu konplexuak baitira eta ulertzeko zailak. Gauzen konbinazioa bat da; haietako bakoitza ez da konplikatua, baina elkarren artean nahasteak zailtzen du dena». Kalitate arloko hutsegiteak konpontzeko taldeak bere lana ez du amaitu, baina «ahalik eta azkarren bukatzea eta onbideratzea» espero du. 

Hain azalpen lausoek ez dituzte guztiz asebete zenbait inbertitzaile: «Ulertu nahiko genuke zein izan diren arazoak, eta noiz jakingo dugun zuek arazoak identifikatu eta konpondu dituzuela».

Zenbakiak

64.200

Ezarritako haize errotak. Siemens Gamesak mundu mailan 64.200 haize errota ezarri ditu: 4.600 itsasorako (offshore) eta 59.600 lurrerako (onshore). Orotara, 137 gigawatteko potentzia ahalmena dute.

2.800

Langile kopurua Euskal Herrian. Siemens Gamesak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, lau lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa) eta handiena Sarrigurenen, Nafarroan. Mungia eta Asteasuko lantegiak salgai jarri ziren 2022an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.