Irune Lasa.

Argindar sarearen garrantzia

2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Itzalaldiak gizartearen hainbat mendekotasun agerian utzi bazituen ere, badago eguneroko bizitzan gauza bat presenteago argindarra baino: argindarraren faktura.

Faktura horren inguruan mugi daitezke etxeetako asmo, erosketa eta berogailuak; mugi daitezke hainbat industriaren eta enpresen ekoizpen eta errentagarritasunak. Eta, horren guztiaren ondorioz, faktura horrek, gehitxo igotzen bada, badu politikariak kezkatzeko botere berezia ere.

Eta, hain justu, asteotan, argindarraren fakturari eragin diezaioketen kontu arantzatsuak daude mahai gainean Espainian eta Euskal Herrian.

Hasteko, datozen asteotan espero da Espainiako Gobernuak argindar sarerako 2030. urtera arteko planen berri ematea —gero alegazioetarako epea zabalduko da—.

Korapilo estua da, presio eta norgehiagoka ugariren jomuga, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak esku artean daukana. Izan ere, tokian argindar sare egoki eta sendo bat hurbil izateak abantaila ugari ekar ditzake herrialdeentzat, etxeentzat, enpresentzat.

Hori erakusten du, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ministerioari —zehatzago Red Electricari— egindako eskaerak, zeina aste honetan Eusko Legebiltzarrean argitaratu den, EH Bilduk hala eskatuta.

Goi tentsioko dorre bat CARLOS DE SAA / EFE
Goi tentsioko dorre bat. CARLOS DE SAA / EFE

Testutik atera daitekeen goibururik deigarriena da, EAEko Industria Sailaren arabera, argindar sarea lehenbailehen sendotzen ez bada 70.000 lanpostu —zuzenak eta zeharkakoak— gal ditzakeela industriaren sektoreak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Azken finean, euskal industriak, industriari eutsi nahi bazaio, deskarbonizatu egin beharko du, eta hori elektrifikazioaren bidez egin beharko da gehienetan. Ez hori bakarrik; penintsulako sorkuntza berriztagarriak ekarriko duen argindar merkeari begira, badira ekoizpena handitzea aurreikusten duten lantegiak eta ekoizpena Euskal Herrian ezarri nahi duten enpresa berriak.

Eta ezin ahaztu eskariaren aldetik soilik ez sorkuntzaren aldetik ere garrantzitsua dela nola planifikatzen den sarea. Sare sendoa behar dute argindar berriztagarria sortzen dutenek ere, direla eguzki plaken parke handiak, direla parke eolikoak, direla teilatuetako autokontsumoak.

Nafarroan are garrantzi handiagoa dauka bere sorkuntza handiak bide sendo eta egokia izateak kontsumora iristeko; besteak beste, beste euskal lurraldeetara. Gaur egun, erkidegoan sortutako argindar berriztagarriarentzako goi tentsioko loturarik sendoenak Aragoirekin eta Gaztela Leonekin ditu Nafarroak.

Nagusiki argindar sortzaileak diren Espainiako bi erkidego horietan ez bezala, argindar eskaria da nagusi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta Nafarroako argindarra haietara eramateko goi tentsioko bi lerro daude gaur egun Nafarroan; XX. mendeko 20ko urteetakoa bata, eta 70eko hamarkadakoa bestea. Testuinguru horretan, Itsasoko (Gipuzkoa) azpiestaziora iristekoa den 400 kilowatteko lerroak —zeinak izan duen erantzun soziala— garrantzi berezia hartzen du, baina hori REEren aurreko plangintzako proiektua da.

Plangintza berrian jasoko dituen goi tentsioko lineetan eta azpiestazioetan jarri beharreko diruaz gain, banaketarako erdi eta behe tentsioko lerroetan eta abarretan inbertitzeko beharra ere agerikoa da Euskal Herrian.

Oiartzungo (Gipuzkoa) azpiestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
Oiartzungo (Gipuzkoa) azpiestazioa. GORKA RUBIO / FOKU

Iberdrolaren arabera, 23 enpresa daude potentzia gehigarriaren zain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ezin dutenak potentzia hori lortu, argindar sareak une honetan ez duelako gehiagorako ematen. Azken hilabetean, negoziazio politikoen ondorioz, Jaurlaritzak lortu du Gasteizko Mercedes elektrizitatez hornitzeko inbertsioa, premiazkoa zelako, besteak beste, Europako laguntzetan ezarritako epeak betetzeko.

Nafarroan, berriz, Iberdrolaren arabera, Landaben, Imarkoain, Lizarra eta Ezkirozko azpiestazioetan jada ez da geratzen potentzia lotura gehiago emateko aukerarik.

Horrez gain, argindar banaketako lerro horiek, zeinak Euskal Herrian Iberdrolaren banatzaile I-DErenak diren, gaur egun ez daude autokontsumoaren loraldirako prestatuta, hots, argindar sorkuntza banatuak dakartzan eskakizun teknikoetarako.

Eta argindar fakturan nolako eragina dauka plangintza berri horrek? Aurreikusten da izango duela, REEk eta banatzaileek —Iberdrolak Euskal Herriaren kasuan— mugatuta daukatelako egin dezaketen inbertsioa. Finantza krisiaren garaiko muga bat da, eta garai batean berriztagarriei emandako laguntzek sortutako tarifa defizitari eusteko ezarri zen.

Gaur egun, ez dago halako defizitik Espainiako argindar sisteman, eta espero da inbertsio muga hori arindu egingo duela gobernuak. Hori bai, konpainiek ordaina nahiko dute inbertsio horiengatik, hau da, kostu hori argindar fakturara eraman. Gaur egun, fakturaren %5,6 finko bat jasotzen du, adibidez, Iberdrolak kontzeptu horrengatik. Argindar konpainiek, ordea, ehuneko handiagoa eskatu diote CNMCri, %7 eta %9 artean. Itxura guztien arabera, inbertsioengatiko saria fakturaren %6,5ean ezarriko da.

Haize errotak Erreniegan (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haize errotak Erreniegan (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Bada beste kontu bat ere egun hauetan hizpide: Espainiako eta Kataluniako zentral nuklearren bizitza luzatzea erabakiko balitz —horretarako presioak nabarmen handitu dira itzalaldia probestuz— argindar konpainiek diru sarrera egonkorrak eskatuko dituzte, eta, ziurrenez, argindar fakturatik pagatzeko. Baina, horrez gain, ez dute diru gehiago jarri nahi zentralak eraitsi eta hondakin nuklearrak zaintzeko funtsean, eta, ondorioz, hori estatuak ordaindu beharko luke.

Betiere neurrian, agian onar daiteke inbertsioaren izenean argindarraren fakturan bidesariren bat igotzea, gerora euskal herritarrak eta Euskal Herriko enpresak berriztagarri garbi eta merkeen onurez baliatzeko. Nuklearrei bizitza luzatzeko, ez dago horren argi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.