joxerra senar
GEURE KONTU

Bertigoa normala da, alarmismoa ez

2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Volkswagenen asteon hasi dira negoziatzen hurrengo lan ituna. Ohi baino lehenago. Adierazgarria. Egungoa 2018tik dago indarrean, eta bost urteotan oso garai historiko berezia egokitu zaio: pandemiarena eta haren ondotik hornidura kateetan sortu diren arazoena—gaur-gaurkoz oraindik ez dira amatatu guztiz produkzioaren etenaldiok—. Haatik, hurrengo lan ituna indarrean izango den hiru urteko aldia are garrantzitsuagoa izango da, ziurrenik Landabengo fabrikaren historiako inportanteena. 2024an, berrogei urtean fabrikaren ikur enblematiko eta sostengu nagusia izan den Polo modeloari agur esango dio betiko, eta auto elektrikoranzko trantsizio zail bezain erabakigarriari egin beharko dio aurre: produkzio elektrikora egokitzeko lanek irauten duten bitartean produkzioa murriztu beharko da, eta, asteon bertan zuzendaritzak baieztatu duenez, 400 lanpostu inguru «sobera» egongo dira behin-behinean: 2024ko udatik 2025eko amaiera arte.

Langileen batzordean susmatzen zuten trantsizio epeak enpleguan eragina izango zuela, baina orain zuzendaritzak mahai gainean jarri du langileriaren %9 ingururi eragingo diola. Hori nola egin hitzartu beharko dute negoziazioetan. Azken urteetan, produkzioaren etenaldiak egon direnetan, aldi baterako lan erregulazioko espedienteak ezarri, eta langileak etxera bidali dituzte egun jakin batzuetarako, baina ematen du trantsizio epe honetarako VWek bestelako formula batzuk erabili nahi dituela. Azken lan erreforman, eraldaketa teknologikoei aurre egiteko ABLEentzako SARE mekanismoa jaso zen, baina Moncloak aktibatu beharko luke. Beste aukera bat izan daitezke errelebo kontratuak erabiltzea, edo behin-behinean, pizgarri ekonomikoen bidez, borondatezko lanuzteak sustatzea, betiere itzultzeko bermea emanez. Zetorren egoeraren jakitun, LABek proposatu du irailetik lana banatzea, inor behin-behinean enpresa uztera bultzatu gabe. ELAk ere zuzendaritzaren bidea txarretsi du, urte eta erdiz 400 langile kanporatzeak lau aldiz eragin handiagoa izango baitu Landaben hornitzen duten enpresetan, eta batik bat bertako langileengan. UGTk eta CCOOk gehiengoa dute batzordean, eta historikoki enpresak haiekin egin izan ditu akordioak. Ikusiko da datozen asteetan zer gertatzen den.

Auto elektrikoranzko jauzia etorkizuna ziurtatzeko apustu gisa ikusten du industriak. Dena den, aldaketa handi hori egiteak bertigoa eragiten du, eta halako ezkortasun giroa sumatzen da. Nahiz eta VWek mila milioi euroko inbertsioa ziurtatu, eraldaketak arriskua du. VWen asmoa da 2027tik aurrera fabrikak bere ahalmen betean funtzionatzea, eta urtean 350.000 auto ekoitzi ahal izatea. Alta, paperak nahi adina zifra erakuts ditzake, eta merkatuak izango du azken hitza. Ezaguna den bezala, auto elektrikoaren salmentak gorantz badoaz ere, bide luzea geratzen da erosleen aukera nagusia izateko, eta ikusteko dago ere Europako erosleek nola erantzungo duten Landabenen ekoitziko diren Skoda eta VW markako bi modelo elektrikoen aurrean. Alta, urte horietan konbustioko autoak ere egiten jarraituko dute Landabenen, eta malgutasun hori segurtasun uhal bat da merkatuaren gorabeherei aurre egiteko.

Bateria muntatzeko lantokiarekin gertatutakoak ere eragin du ezkortasuna. Azkenean lan hori Hyundai Mobilek hartuko du Imarkoaingo Garraioaren Hirian. Talde alemaniarrak nahiago izan du 200 milioi euroko inbertsioa aurreztu eta luzarora auto elektriko bakoitzeko 300 euro ordaindu Hyundairi —gerora gastu hori langileen lepotik lortu nahiko duela susmatzen da—. Alta,SEATen Bartzelonako fabrikan kontrakoa egin izanak mesfidantza eragiten du, eta haiekiko lehian desabantailan geratu izanak kezka eragiten du. Nafarroako Gobernuak oraindik ere ez du zehatz-mehatz azaldu zer rol jokatu duen Hyundairen parte hartzean, eta UPNk gaia erabili du beldurra astintzeko. Javier Esparza ausartu da esatera Landabenek enpleguaren erdia gal dezakeela, eta balitekeela azkenean Hyundaik fabrika erostea. Gauza bat da aldaketek bertigoa sortzea, eta bestea alarmismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.