Astearte honetan Fat Cat Tuesday eguna ospatu dute Erresuma Batuan.
1Fat Cat Tuesday, Black Friday, Ciber Monday... Hurrengoan zer asmatuko dute anglosaxoi horiek kontsumismoaren mozkorraldi bat sustatzeko? Asteko egun batzuk libre daudenez, otuko zaie zerbait, baina Fat Cat Tuesday-k ez du zerikusirik erosketekin.
2 Zer da orduan? Ingelesezko cat testuinguru horretan hobe itzultzen da arrain gisa. Hortaz, euskaraz ulergarriagoa da Arrain Handien Asteartea esatea. Kasu honetan, arrain handiak Cityko eta Canary Wharfeko (irudian) handikiak dira, Londresko burtsako FTSE 100 indizean kotizatzen diren enpresetako goi buruzagiak.
3 Eta zer gertatzen zaie Arrain Handiei? Bi egun eskas nahikoak izan zaizkiela urte osoan Erresuma Batuko langile batek batez beste patrikaratuko duen soldata jasotzeko.
4 Bi egun! Zehatzago izateko, 22 ordu. High Pay Centre taldeak egin du kalkulua: lanaldia astelehen goizean hasiz gero, goi exekutiboek orduko 1.260 libera esterlina irabazten dituztela kontuan hartuta, astearte iluntzerako gaindituko lukete Erresuma Batuko langileek batez beste gehien jasotzen duten soldata (27.645 libera edo 37.700 euro). High Pay Centrek goi exekutiboen batez besteko soldata hartu du (4,96 milioi libera urtean), eta kalkulatu du goi exekutiboek lan egun luzeak dituztela (12 ordukoak edo) eta opor gutxi dituztela (hamar egun urtean, eta lau asteburutik bat bakarrik jai). Langile gehienen lanaldia eginez gero, noski, egun gehiago beharko lituzkete langileen urteko irabaziak gainditzeko.
5 Lehen aldia da kalkulu hori egiten dutena? Ez, badira urte batzuk egiten dituela. Baina hasiera batean Fat Cat Wednesday deitu zuen, hiru eguneko lana behar baitzuten soldatadun arrunten mailara iristeko.
6 Desberdintasunak handitzen ari dira? Nabarmen, gainera. 2015ean, FTSE 100eko goi arduradunen soldatak eta beste sariak %50 handitu ziren, eta batez besteko langileen soldata, berriz, %1,6 (445 libera). High Pay Centreren arabera, 1998an FTSE 100eko buruek batez besteko langilearen soldataren halako 47 irabazten zuten, eta 183 aldiz iaz.
7 Zerbait egin dute aldeak txikitzeko? Finantza krisiaren arrazoietako bat goi buruzagien diruzalekeria mugagabea zenez, mugak jartzea aipatu zuten gobernu askok, baita Londresekoak ere. 2013an indarrean jarritako lege baten arabera, burtsan kotizatzen duten enpresek beren buruzagien soldatak modu garbian azaldu behar dituzte, eta hiru urtean behin gutxienez akziodunek sari horiei buruzko bozketa bat egin behar dute.
8 Ez du askorako balio izan. Ez, nahiz eta ikerketa batzuek erakusten duten enpresen egoeraren eta haien arduradunen irabazien arteko lotura lehen baino handiagoa dela. Hots, zailagoa dela hondoratzen ari den konpainia bat bere buruak saritzea.
9 Zer egin daiteke gutxitzeko? High Pay Centrek baditu proposamen batzuk; ez oso iraultzaileak, egia esateko: langileen ordezkariak jartzea buruen soldatak erabakitzen dituzten batzordeetan, eta enpresa bakoitzeko langileen arteko desberdintasunak argitaratzea.
BAKARRIZKETA
Bi eguneko lana urte oso bateko soldata lortzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu