Portugalek bereziki, baina euroguneak bere osotasunean, match ball bat salbatu du aste honetan. Batzuek iragarritako hondamendirik ez da gertatu eta zorra jaulki duten herrialdeek prezio onargarrietan finantzatzea lortu dute. Besterik da, noski, zeri deitzen dioten prezio onargarria. Portugalgo herritarrek 400 milioi euro pagatu beharko dituzte interesetan herenegun lortutako 699 milioi euroen truke, eta espainiarrek 680 milioi atzo saldutako 3.000 milioi euroko bonoen interesen truke. Horri, noski, eskatutako dirua gehitu beharko zaio. Krisiak iraun bitartean diru sarrerak asko handituko ez direnez, gastu publikoaren murrizketatik atera dira sos horietako asko.
Baina zorraren partida astero jokatzen da, eta astero gehitzen dira interesak estatuen kontuetan. Datorren astean berriro dirua eskatzeko asmoa dute Alemaniak, Frantziak, Espainiak, Belgikak, Portugalek eta Herbehereek. Societe Generalek kalkulatu duenez, 2010an bilioi bat euro eskatu behar dituzte euroguneko herrialdeek, 2009an baino pixka bat gehiago. Horietatik 237.000 milioi Italiari dagozkio, 204.000 milioi Alemaniari, 188.000 milioi Frantziari, 90.000 milioi Espainiari... Eta hori soilik estatuei dagokien zorra. Tokian tokiko administrazioek ere dirua beharko dute, enpresek eta bankuek beraiek bezalaxe. Azken horiek 445.000 milioi euro. Handiek lortuko dute dirua —egon badagoelako, zor publikoaren azken enkanteek erakutsi duten moduan—, baina txikiek? 2011 banku eta kutxa batzuentzat krisiaren urterik txarrena izango dela diote aditu askok.
Analisia
Bilioi bat euroko partida luzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu