Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Diesela, ehunetik zerora, ziztu bizian

2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerotik ehunera, segundo gutxian. Horrela neurtu izan dira autoen azelerazio dohainak hainbat urtez. Baina nola neurtzen da autoetako motorren teknologia baten gainbehera? Dieselaren kasuan, ehunetik zerorako bidea hamar urte eskasean egiteko bidean da; hamabost, asko jota. Volkswagenen isuri faltsutuen aferak, Dieselgate izenekoak, eman zion hasiera gainbeherari, 2015ean, eta auto elektrikoen aldeko apustuak emango dio amaiera. Autoei buruz ari gara, noski, kamioietan eta ibilgailu astunetan luzeago joko duelako Rudolf Diesel ingeniariak XIX. mendearen bukaeran asmatutako teknologia ordezkatzea.

Autoetarako dieselen hilkutxari iltze bat jarri dio aste honetan Volvok. Suediako autogileak iragarri du datorren urtearen hasieran utziko diola diesel motorreko autoak ekoizteari. Horrelako iragarpen bat egin duen Europako lehen autogilea izan da—haren jabea Txinako Geely da—, eta esanguratsua da, kontuan hartuta 2019 arte diesela zela bere autoetarako gehien aukeratzen zuen motorra.

Volvoren bidea jarraituko dute aurki beste batzuek. Europako Batasunak debekatu egin du 2035eko urtarriletik errekuntza motorreko auto berririk saltzea, baina data horretara aurreratzeko asmoa dute Europako autogile gehienek. Mercedesek eta Stellantisek —Peugeot, Citroen, Opel, Fiat etaJeepen jabea— 2030erako iragarri dute motor termikoen amaiera Europan; talderik handienak, VWek, 2033 eta 2035 artean egingo duela dio, baina aldi berean jakinarazi du 2026an berrituko duen T-Roc modeloa izango dela errekuntzako azkena.

Baina ez da erabat baztertu behar merkatuak autogileen planak aurreratzea. Erosleek dagoeneko eman dutelako epaia: ez dituzte diesel auto berriak nahi. Aurtengo ekainean, lehen aldiz, auto elektriko gehiago saldu dira Europako Batasunean, gasolioa erretzen dutenak baino, eta hala gertatu da orduz geroko beste hilabeteetan. Abuztuko datuak aste honetan eman ditu ACEA Europako autogileen elkarteak: dieselak %11,9 izan dira, eta elektriko hutsak, %21. Gasolina da oraindik nagusi (%32,7), eta hibridoak datoz gero (%23,9).

Alemaniako kaleak dira gakoa

Elektrikoaren presentzia askoz txikiagoa da Euskal Herrian, Espainian, Italian eta ekialdeko herrialde batzuetan, ez baitira %10era heltzen. Datu kaskar horrek eszeptikoak elikatzen ditu gurean, baina bada kontuan hartu beharko luketen faktore bat:elektrikoaren arrakasta eta errekuntza motorren geroa Europa ipar mendebaldean jokatzen da nagusiki, hor daudelako merkatu nagusiak eta horietan daudelako, gainera, kontinenteko autogileen egoitzak. Hau da, haien ikusmoldea nagusiki hango kaleetan ikusten duten horrek moldatzen duela, eta ez Forocoches-eko koinatuen komentarioek.

Eta zer ikusten dute? Bada, Alemanian, abuztuan saldutako autoen %31,7 elektriko hutsak izan zirela, iazkoan halako bi, eta gasolinazkoen aurretik (%27,5). Dieselak? %14,5 Alemanian, eta are gutxiago (%9) teknologia horren defendatzaile historikoan, Frantzian.

Egia da, noski, elektrikoek azken jauzia egin ahal izateko bi hesi gainditu behar dituztela. Kargagailuena da bat; poliki, baina ari dira ugaltzen, eskaria handitzearekin batera.

Beste hesia da garrantzitsuena: prezioa. Orain arte, elektrikorako urratsa egin duten gehienak diruz ongi dabiltzanak izan dira, ez baitago denen eskura auto berri baten truke 40.000 eurotik gora ordaintzea —hori da Tesla merkeenaren salneurria—. Urteak daramatzagu entzuten errekuntzako autoen eta elektrikoen prezioa parekatuko dela, baina egun hori ez da iristen. Aurrerantzean autoak dirudunentzako soilik izango direla dioten ahotsak entzuten dira, baina hori esatea merkatuaren indarra asko gutxiestea da. Zulo handi bat dago hor, eta ikusita autogile txinatarrak betetzen hasi direla, badirudi azkenean EBko autogileak erreakzionatzen ari direla. Bruselari negar egin diote Txinako inportazioei trabak jar diezazkien, eta aldi berean modelo merkeagoak iragarri dituzte 2024tik aurrera —Citroen ë-C3, Renault 5 berria...—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.