Iker Aranburu.

Nobel sariak eta kasketak

2025eko abuztuaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek gogoko du bere buruari paparrean dominak jartzea. Agintari politiko askori lepora dakioke ezaugarri hori izatea, baina muturreko nartzisismoa da Trump elikatzen duen bitamina nagusia. Etxe Zuriko maizterraren ikuspegiaren arabera, AEBak «berriro handi» egiten ari da bere merkataritza politika erasokorraren bidez, bera ari da AEBetako petrolio industria biziberritzen, berari esker daude AEBetako kaleak atzerriko kriminalez garbi...  

Baina loriaren bilaketa horretan bada goreneko maila bat: Bakearen Nobel saria. Ez barrerik egin. Israeli Gazako palestinarrak sarraskitzeko alfonbra gorria jarri dio, Iran bonbardatu du, eta laguntza humanitarioa murriztu du bere adiskide aberatsei zergak jaitsi ahal izateko; baina, Trumpen aburuz behintzat, hori ez da bateraezina bakearen bultzatzaile izatearekin. Arrazoi puntu bat badu, triskantza handiak egin dituztenen edo halakoei bide eman dietenen zerrenda ederra baita sari hori jaso dutenen artean. 

Trumpek gerrak bukatuko zituen agintari gisa aurkeztu zuen bere burua iazko kanpainan. Eta, aste honetan, domina eder bat jarri dio bere buruari: Azerbaijango eta Armeniako agintariek Etxe Zuria aukeratu dute elkarren arteko gatazka historikoa amaitzea xede duen akordio bat sinatzeko. «Trump presidenteak beste bake akordio historiko bat erdietsi du», izenburu horixe du berriak Etxe Zuriaren webgunean, eta, haren ondoren, Ilham Aliyev Azerbaijango presidentearen eta Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroaren hitzak ageri dira, «bakearen presidentea» goratzen.

India
Donald Trump eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa Etxe Zurian, otsailean. SAMUEL CORUM / EFE

Domina are handiago bat jarri nahi dio Trumpek bere buruari: Ukrainako gerra amaitzearena. Ostiralean Vladimir Putinekin bilduko da Alaskan, eta, Trumpek berak onartu duenez, Ukrainak bere lurraldearen zati handi bat inbaditzaileari emanda bukatu nahi du gerra odoltsua. Bost axola dio ukrainarrek zer uste duten edo zer ondorio izan ditzakeen berak bultzatutako bakeak etorkizunean. Domina jarri, eta segi aurrera.

India eta Pakistan

Baina batzuetan gauzak ez dira norberak nahi bezala ateratzen. Pakistanen eta Indiaren arteko gatazka historikoa berriro azaleratu zen maiatzean, baina, gerra irekia piztu aurretik, bi aldeek erabaki zuten atzerapauso bat ematea. Trumpek, noski, domina bere buruari jarri nahi izan zion, eta «gerra nuklearra» geratzea lortu zuela baieztatu. Baina Narendra Modi Indiako lehen ministroak garrantzia kendu zion AEBen bitartekaritzari, eta ziurtatu zuen Indiaren eta Pakistanen artean konpondu zutela auzia.

Adierazpen horrek sutan jarri zuen Trump, eta orain hasi da nabaritzen zer ondorio izan zuen Etxe Zuriko nerabe handia gutxietsi izanak. Indiari jarri nahi dio muga zerga handienetako bat, %50ekoa. Horren %25 muga zerga arruntari dagokio, eta beste %25a eskupeko bat da, Errusiaren petrolioaren eroslerik handiena bilakatzeagatik —bi milioi upel egunean—.

Washingtonen bi hamarkada luze daramatzate India limurtu nahian, aliatu oso garrantzitsua izan baitaiteke Txinaren aurkako lehia hegemonikoan

Indiak harreman ona izan du Sobietar Batasunarekin lehenik eta Errusiarekin gero, baina ia ez zion petroliorik erosten, arrazoi sinple batengatik: ez dago petroliobiderik bien artean —Txina eta Pakistan arerioak tartean daude—, eta bide luzea dago Errusiaren iparraldeko hobietatik Indiaraino. Baina, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak Errusiako petrolio inportazioak gutxitu zituztenean Ukrainaren inbasioaren ondorioz, Indiako portuek harrera ona egin zioten Errusiaren ezkutuko petroliontzien flotari.

Abuztuaren 27an da indarrean jartzekoa petrolioari lotutako muga zerga hori, eta baliteke bi aste hauetan bertan behera geratzea. Besteak beste, Putinekin nolabait konponduz gero ez baitirudi zentzu handirik duenik Errusiari kalte egingo liokeen neurri bat ezartzeak. Baina Trumpen kasketak jada eragin du kalte geopolitikoa, eta, agian, baita ekonomikoa ere.

Washingtonen bi hamarkada luze daramatzate India limurtu nahian, aliatu oso garrantzitsua izan baitaiteke Txinaren aurkako lehia hegemonikoan. Mugimendu horiek harrera ona izan dute, Indiak eta Txinak harreman txarra baitute —bien arteko muga bera ere auzitan dute, eta tarteka tiroka aritzen dira—. 

Ez hori bakarrik: India munduko herrialderik populatuena da jada, eta haren eskulan merkea aukera ona da AEBetako multinazionalentzat, Txinarekin duten menpekotasuna apaldu nahi baitute. Applek, esaterako, hara eraman du iPhone telefonoen ekoizpenaren parte bat, eta Eli Lilly AEBetako botikagilea sendagai generikoak egiteko fabrika bat eraikitzen ari da han.

Apple indian
Tim Cook Appleko burua, enpresaren denda bat irekitzen, 2023an, Bombayn. DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Lehen agintaldian, Trump ederki moldatu zen Modirekin. India bisitatu ere egin zuen, eta 100.000 indiarrek harrera beroa egin zioten Gujarateko kriket estadio batean: 27 minutuko hitzaldi bat hirurogei aldiz eten zuten txaloekin, eta Modik berak hiru aldiz besarkatu zuen AEBetako presidentea. Eta, Trumpen bigarren agintaldian, Modi izan da Etxe Zuria bisitatu dutenen artean lehenengoetakoa.

Mespretxuek ordezkatu dute orduko lausengu festa. Indiako ekonomia «hilda» dagoela ere esan du Trumpek, nahiz eta munduan gehien hazten ari diren herrialdeetako bat den. 

Nekazarien babesle

Egia da India ez dela erraz ondo konpontzeko moduko bazkide komertziala inorentzat. Muga zerga handiekin babestu nahi ditu bere sektore ekonomiko batzuk, eta, gaur egun, nekazaritza eta abeltzaintza babestea da haren lehentasuna, ehunka milioi indiar lehen sektorean aritzen baitira oraindik, azken urteotako garapen ekonomiko bizkorra gorabehera. Aurrerantzean ere atzerriko barazkiek, okelak eta esnekiek ateak itxita edukiko dituztela agindu du Modik aste honetan, politikoki kostu handia izango bailuke beste ezer egiteak. 2020an eta 2021ean, ahalegina egin zuen nekazaritza sektorean erreforma batzuk egiteko, baina protesta handien ondoren, atzera egitea erabaki zuen. 

Ikusteko dago zer gertatuko den egunotan, baina Trumpen hitzek eta ekintzek sutu egin dituzte indiarrak, eta, horren ondorioz, orain zailagoa da Modik keinu bat egitea. «Pertsonalki garesti ordainduko dut, baina prest nago; India prest dago», esan du lehen ministroak. Ez dirudite atzera egiteko prest dagoen norbaiten hitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.