BAKARRIZKETA

Dorre merkea salgai Bilbo erdigunean

Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
1. Dorre bateko etxebizitza bati buruz ariko zara, ezta? Ez. Kasu honetan behintzat, iragarkiak egia osoa esaten du: dorre oso bat dago salgai, Bilboko erdiguneko Plaza Biribilean.

2. Baina... hor dagoen dorre bakarra BBVArena da! Horixe bera jarri du salgai. 88 metro eta 21 solairu ditu, eta hainbat urtez Bilboko eraikin handienetan handiena izan zen. Agian Euskal Herri osokoa.

3. Ez al da hori BBVAren egoitza nagusia? Banco Vizcayaren egoitza nagusia izan zen 1969an eraiki zutenetik 1988ra arte, baina gaur egun hutsik dago. Banco Bilbao Vizcayak Argentariarekin bat egin zuenetik batez ere, bankua bene-benetan Madrildik gidatu dute, eta gutxika-gutxika han kokatu dituzte garai batean dorreko langileek egiten zituzten lan gehienak. Beste batzuk handik metro gutxira jarri dituzte, Kale Nagusiko 12.ean, Banco de Bilbaoren egoitza zen horretan. Bidenabar, azken eraikin hori ere saldu zuen duela urte batzuk BBVAk, eta orain alokairuan dago.

4. Egoitza ofiziala Madrilen dago, beraz? Bada, ez. Sinbolikoa bada ere, egoitza ofiziala Bizkaian dago orain ere, baina eraikin txikiago batean: San Nikolas plazan, elizaren parean.

5. Zergatik jarri du orain salgai? Saltzeko aukera ikusi duelako. Urteak daramatza BBVAk Plaza Biribileko dorrea saldu nahian. 2011koa da azken-aurreko saioa. Hedabideen arabera, 125 milioi euroren prezioa jarri zion.

6. Eta urte batzuk igaro direnez, orain negozio hobea egin nahiko du... Ez dirudi. El Economista egunkari digitalak dio «ehun milioi baino gehiago» lortu nahi dituela. Hots, orain prezio txikiagoa eskatzen diela erosleei.

7. Nola da posible? Ez al doaz gora prezioak higiezinen merkatuan ere? Bai, hala da. INEren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,2 igo ziren etxebizitzen prezioak, eta baliteke Bilbo erdialdean are gehiago izatea,leku preziatuenetako bat baita. Baina gauza bat dira etxebizitzak, eta beste bat bete behar den dorre erraldoi bat.

8. Nork eros dezake? Inbertsio funts batek, higiezinen enpresa batek edo gero hirugarren batzuei espazioa alokatuko dien beste mota bateko enpresa batek. Dorreak 23.935 metro koadro ditu, eta nekez aurkituko du espazio hori guztia bete nahi duen erosle arrunt bat. Banku bat ez da izango, hori seguru, egoitzak saldu eta saldu ari baitira. Dorrearen kasuan, BBVAk badu 2011n ez zuen gako bat erosleak erakartzeko, eta ez nolanahikoa: Primark.

9. Saltoki katea? Bai, huraxe. Irlandako konpainia hori dorrearen lehen zortzi solairuak egokitzen ari da orain, han denda erraldoi bat jartzeko. 5.000 metro koadro izan behar zituen hasieran, baina baliteke orain 10.000 metrora ere iristea. BBVAk 2015ean sinatu zuen Primarki dorrearen beheko solairuak alokatzeko kontratua, eta 30-40 urteko iraupena du. Hau da, dorrearen balizko erosle batek baduela jada maizter on bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.