Kondairetako azti eta sorginek badute euren bertsio postmodernoa. Hitz eta konjuruek ezertarako balio ez dutela uste dutenak oker daude. Ezaguna da Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearen hitzen boterea. 2012ko abuztuan bota zuen EBZk euroa sostengatzeko «beharrezko guztia» egingo zuela, eta esaldi soil hura nahikoa izan zen merkatu bihurriak makurrarazteko. Ameriketako Estatu Batuetan, Erreserba Federala ez da atzean geratzen, eta buruzagiek inork baino hobeto menperatzen dute zer esan behar den eta nola. Adibidez, Ben Bernanke aurreko presidenteak iazko ekainean sotilki iragarri zuen AEBetako zor tituluak erosteari uzten hasiko direla, eta iradokitze hutsak merkatuak hondoratu zituen. Geroztik, amaieraren hasiera bazetorrela iragarriz joan da Fed pixkanaka, merkatuek apurka barneratu zezaten haren esanahia. Asteon, azkenik, Janet Yellen Fedeko presidenteak jakinarazi du amaitu dela politika oldarkor hori, eta merkatuek normal hartu dute. Urtebete eta lau hilabete behar izan ditu zerbait egiten hasteko, bestelako ondorio kaltegarririk eragin gabe.
Zor publikoaren erosketa masiboari estatubatuarrek quantitative easing edo arintze kuantitatibo deitzen diote, eta, adituek azpimarratu bezala, erabat ezohiko neurria da. «Gaitz handientzat erremedio handiak», dio atsotitzak, eta bere horretan erakusten du zenbateraino izan den larria egungo krisia. Lehman Brothersen kiebraren ondorengo sei hilabeteetan, Erreserba Federalak finantza erakundeak erreskatatu, interes tasak %0ra jaitsi eta likidezia neurriak ezarri zituen; eta, hala ere, Wall Streeteko burtsa aspaldiko minimo historikoetan zegoen. 2009ko martxoan, Erreserba Federalak zor tituluen erosketa masiboari ekin zion, eta, neurri horrekin, diru gose ziren finantza merkatuak dolarrez bete zituen. Orduan loratu ziren kimu berdeak Wall Streeten. Ekonomia errealean, mirakulua ez zen hain azkarra izan, baina, sei urte geroago, datu makroekonomikoek aditzera eman dute AEBetako politikek funtzionatu dutela: Estatu Batuetan 4,5 milioi langabe daude, Espainian baino gutxiago; langabezia tasa %5,4 da, eta 8 milioi lanpostu sortu dira 2010etik. Ekonomia, berriz, azken bi hiruhilekoetan %4,6 eta %3,5eko erritmoan handitu da, nahiz eta urte hasieran ezustea eman eta atzerantz egin. Egia da AEBetako errealitate sozialak alde ilunak dituela eta gizarte klaseen arteko diferentziak handitu direla, baina, 2009ko egoera ikusita, askoz okerragoa izan zitekeen.
Erreserba Federalak 2008ko irailetik 2009ko martxora sei hilabete behar izan zituen bere diru politikaren tekla guztiak ukitzeko. Europako Banku Zentralak, berriz, sei urte behar izan ditu, eta, oraindik orain, EBZren kontseiluan eztabaidan dabiltza zor publikoaren erosketari ekingo ote dion. Berriki, interes tasak %0,05era iritsi dira, bankuei EBZn dirua gordetzeagatik %0,2ko tasa kobratzen zaie, eta sektore pribatuaren zor erosketa programa bat abian jarri du, baina Alemaniako belazeek ez dute ezer jakin nahi arintze kuantitatiboarekin.
Europako ezkerraren zati handi batentzat, AEBak begiratu beharreko ispilu bat bihurtu dira, baina egia da finantza krisiak Atlantikoaren bi aldeetan jo arren abiapuntuak desberdinak zirela. Izenak hala dioen arren, batasunetik gutxi du EBk. Ez da estatuen federazio bat, eta dolarrak munduan duen eragina ez da euroak duena. Sei urteotan, Europako Batasuneko estatuek urratsak egin dituzte, baina oraindik orain asko du egiteko fiskalitate harmonizatu edo finantza sektore bateratu baterantz. Esfortzu gehienak arazoak zituzten euroguneko herrialdeen defizitaren murrizketarantz zuzendu ditu, eta austeritate politikek zein EBZren neurriek huts egin dute barne kontsumoa suspertzeko. Horregatik, mamuek euroguneko ekonomia astintzen dihardute oraindik, izan deflazioa edo izan hirugarren atzeraldia.
Ortodoxia (Europa) eta heterodoxiaren artean (AEB), bigarrena eraginkorragoa izan da gaurdaino. Espainiar kantari baten abesti hura gogoan... EBZ joaterako, Fedek egin du joan-etorria.

ASTEKO GAIA
EBZ joaterako, Fed joan eta etorri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu