Repsolen jarduna ez da jasangarria, baina hori guztiok dakigu. Josu Jon Imazen konpainiaren publizitatean soro eta mendi ederrak ikusten ditugunean, erakutsi nahi diguna energia trantsizioarekin duen konpromisoa da, besterik gabe. Labur esanda, ez da zuriketa berdea; ez da ekoitxurakeria, ez da greenwashing-a. Santanderko (Espainia) epaitegi batek dio: arrazoi eman dio Repsoli Iberdrolaren aurka izan duen epaibidean.
Argindar konpainiak iazko otsailean jarri zion salaketa Repsoli, eta jauzi bat eman zuen bien arteko gerran. Zehazki, lehia desleiala egotzi zion —Espainian, oraingoz, ez da delitua zuriketa berdea—, eta, hori argudiatzeko, Repsolen webgunean agertzen ziren hamabost mezu eta hiru kanpaina jarri zituen adibide gisa. Iberdrolaren iritziz, publizitate horrek aditzera ematen zuen Repsol aitzindaria dela energia trantsizioan, «nahiz eta Espainiako CO2 igorlerik handiena den». Kanpaina horiek erretiratzeko eskatu zuen, eta jardun hori debekatzeko.

Azaroan egindako epaiketa horrek egun bakarra iraun zuen, zortzi ordu, baina «oso saio trinkoa» izan omen zen. «Klima aldaketaren aurkako borroka ez dago Repsolen DNAn, konpainiaren jardueren %99,6 oso kutsagarriak baitira; erregai fosilen industria tradizionala, adibidez», argudiatu zuen Iberdrolaren abokatuak. «Espainiako petrolio enpresarik handiena ezin da izan trantsizio ekologikoaren ikur».
Repsolek ez zuen ezezkorik esan. Azaldu zuen bere jarduera eraldatzeko erabateko konpromisoa duela, baina trantsizioa ezin dela egun batetik bestera egin; ingurumena kontuan izatea beharrezkoa dela, baina konpainiek energia hornikuntza bermatu behar dutela. Laburbilduz, aitortu zuen bere jarduna ez dela jasangarria, baina enpresa multienergetikoa dela, eta pixkanaka ari dela aurrerapausoak ematen.
Repsolen negozio nagusia erregai fosilen ingurukoa da oraindik, eta Iberdrolak hori gogorarazi nahi izan die kontsumitzaileei: berdez eta jasangarriz margotuta ere, zikina dela Repsolen funtsezko jarduna
Argudio horrek konbentzitu zuen epailea: haren irudiko, Repsolek ez du asmorik kontsumitzaileei bere izaeraren gaineko irudi faltsurik emateko, eta naturaltzat jo du gehien kutsatzen duten enpresak izatea trantsizio energetikoaren irudi. «Espainiako kontsumitzaile ia guztiek —%98,4k— ezagutzen dute Repsol, eta haietatik %97,7k gasolindegiekin eta erregaien salmentarekin lotzen du konpainiaren jarduna. Jakina da hori kaltegarria dela ingurumenerako», dio epaiak, eta, beraz, «Repsolek jasangarritasunaren arloan nazioartean duen jarreraren erakusgarri» besterik ez direla Iberdrolak seinalatutako kanpainak.
Lehiakide gogorra
Santanderko epaiketa izozmendiaren punta besterik ez da. Trantsizio ekologikoan, Repsol baino zenbait pauso aurrerago dago Iberdrola, baina Imazen konpainia negozioa dibertsifikatzen ari da, eta gero eta merkatu kuota handiagoa du argindarraren arloan. Eta, noski, tarta horren zati bat orain arteko konpainia nagusiei kendu die; besteak beste, Iberdrolari.
CNMCren arabera, argindarraren faktura Repsoli ordaintzen diote bi milioi lagunek baino gehiagok Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta 2027an lau milioi izango direla aurreikusi du konpainiak. Sei urte eskas daramatza argindarra saltzen, eta haren fakturazioaren %8,4 da jada. Argindarra, gasa eta gasolina bateratzen dituzten zerbitzu sortak eskaintzen ari da, eta, hein handi batean, apustu horri esker ari da hazten.

Dena den, eta iaz 200.000 bezero galdu zituen arren, Iberdrola da nagusi argindarraren arloan: hamar milioi bezero ditu, merkatuaren herena. Baina Repsolen negozio nagusia erregai fosilen ingurukoa da oraindik, eta, salaketaren bitartez, Iberdrolak hori gogorarazi nahi izan die kontsumitzaileei: berdez eta jasangarriz margotuta ere, zikina dela Repsolen funtsezko jarduna.
Horregatik, eta epaia aurkakoa izan arren, garaipen modura saldu du Iberdrolak. Epaiketak oihartzun handia izan du, eta argindar konpainiak uste du balio izan duela zuriketa berdearen gaia agendan txertatzeko. Repsol ere pozik agertu da, noski. Esan du Iberdrolaren asmo bakarra haien izen ona zikintzea zela, eta gomendatu dio merkatu librean lehiatzera ohitzeko.
Berdea, zuria, beltza, garbia edo zikina izan, marketinetik asko du bi erraldoiak jokatzen ari diren partidak. Eta, momentuz, epaileak dio ekoitxurakeria ez dela tranpa.