Irune Lasa.
GEURE KONTU

Energia, kosta ahala kosta

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Asteak, hilabeteak daramatza Txinak ikatzaren prezioekin eta argindar hornikuntzarekin arrastaka. Aurreko hilabeteetan bezala, irail honetan, mozketak eta produkzio etendurak izan dira, eta hogei bat probintziatara zabaldu.

Energian oso intentsiboak diren industriek nozitu dituzte gehien etenaldiak. Yunnan Aluminiumek, adibidez, aitortu du argindarraren errazionamenduak eragina izan duela bere ekoizpenean, eta ez da nornahi: haren fabriketatik dator Txinako aluminio produkzioaren %10. Beste sektoreetan ere lantegiak gelditu dira, hala nola multinazional handiak hornitzen dituzten elektronika sektoreko lantegi handiak.

Energia egarri gero eta handiagoaz gain, bi dira energia krisiaren eragile nagusiak Txinan. Batetik, Pekinek ezarritako deskarbonizazio helburuak daude. Planifikazio zentralizatuko herrialde horretan, abuztuan Garapen eta Erreformarako Batzordeak errieta egin die bederatzi eskualderi, energia intentsitateen helburuak ez betetzeagatik. Ondorioz, tokiko gobernuek nahiago izan dute mozketak egin, argindarra sortzeko ikatz gehiago erosi-erabili eta Pekinen errieta entzun baino.

Bestetik, badago ikatz zentralek argindar gutxiago ekoizteko beste arrazoi bat: ikatz garestia. Ia Txina osoan argindarraren prezioak ezarrita daudela —probintziek gehienez %10 igo ditzakete—, ikatz garestiarekin argindarra ekoiztearen errentagarritasuna murriztu egin daiteke, ekoizleak dirua galtzeraino. Analista batzuen arabera, jada hori gertatzen ari zitzaien sorkuntza konpainia zenbaiti Txinan; eta, jakina, ez zeuden oso prest ekoizpena handitzeko. Baina aste honetan Pekinek heldu dio gaiari. Kontsumitzaile industrialei argindarraren tarifak igotzea aztertzen ari dela esan du Garapen eta Erreformarako Batzordeak. Eta horrekin ez balitz egoera gaindituko, kontsumitzaile arruntei ere argindarra garestitzea ez du baztertu.

Txinako Gobernua ez da horretara mugatu. Negua gero eta hurbilago, Pekinen planifikazio agentziak iragarri du ikatz, petrolio eta gas gehiago inportatzen hasiko dela. Han Zheng presidenteordeak berak agindu die estatuaren jabetzako energia konpainiei gai horien erosketak «kosta ahala kosta» handitzeko.

Zabalduko dira Txinaren energia krisiaren oihartzunak mundura? Ari dira zabaltzen dagoeneko. Negurako gas erreserbak handitzeko norgehiagoka betean daude munduko ekonomiak. Europa Txinarekin eta Asiako beste herrialdeekin ari da lehian, nork erakarriko gas likidotua daramaten itsasontzi gehiago. Prezio gerra horretan, Txina gogor ari da jokatzen, eta gehienetan, irabazten. Eta Txina hasten bada, adibidez, «kosta ahala kosta» ikatza erosten kanpoan, ikatza are gehiago garestituko dela iragarri daiteke, Europarentzat berarentzat ere. Europako hainbat herrialdetan, gas garesti urriaren ondorioz, azken asteetan ikatz gehiago erabili da argindarra sortzeko, eta horrek, era berean, karbono eskubideak garestitu ditu, eta beste koska handi bat gehitu argindarraren prezioari.

Gasa, ikatza, eta bai, petrolioa ere bai. Petrolio hornikuntza ere ziurtatu nahi duela esan du Txinako Gobernuak. Petrolioarekin gasarekin dagoen lehia bera izango den, hori ez da erraza jakitea. Galdera horren erantzunaren parte bat LPEEk eta bere aliatuek izango dute, bihar egitekoa duten bilkuran. Kartela hilero bere ekoizpena eguneko 400.000 upel handitzen ari da, baina oso posible da bihar hazkunde handiago bat adostea, ikusita upelaren prezioari eutsi diezaiokeela.

Beste bilkura batean ere hizpide izango dute energia iturri fosilak eskuratzeko asteotako norgehiagoka, Glasgowko COP26an. Europaren eta AEBen asmoa munduak ikatzari adio data jartzea zen. Baina hainbat herrialdek oraintxe zailtasunak dituzte beren energia segurtasuna ziurtatzeko, eta horrek ez ditu errazten gauzak.

Bestalde, Txinako argindar etenak hornikuntzetan ere nabarituko ditu munduak. Pandemia osteko ekonomia guztien suspertzeak jada hainbat osagairen eta lehengai industrialen gabeziak eragin ditu, eta argindar etenek okertu egin dute egoera. AP agentziaren arabera, Apple, Tesla, Intel, Nvidia, Qualcomm, NXP eta halakoak osagaiz hornitzen dituzten lantegietako asko geldirik daude. Eta, laster, neguko hotzaldiekin batera, kontsumo handiko egunak datoz, black friday-ak eta Eguberriak. Ziurrenez, kontsumo gaien hornikuntzan eta prezioetan ere igarriko da «munduko fabrikaren» kosta ahala kostako jarduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.