Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Eskuin mutur ekonomikoaren gida

2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ostegunean ezohiko irudi bat ikusi zen Eusko Legebiltzarrean. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin zuten lan harremanekin zerikusia zuen bozketa batean. Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) argitaraturiko Lehiak lan merkatuan duen eraginari buruzko gida praktikoa eskuliburua gaitzetsi, eta hura erretiratzeko eskatu zioten. Ezin dute behartu, baina jendaurrean eska diezaiokete. LEAk, dena den,oraingoz ez du bete eskaera, eta atzo oraindik haren webgunean aurkitu zitekeen gida. Ez da erakundeei entzungor egiten dien lehen aldia. Idoia Mendia Lan sailburuak eskaera bera egin zion udan, eta Alba Urresola LEAren presidente zenak agintaritza «independentea»zela argudiatu zuen ez erretiratzeko.

Eta zer dio, bada, gidak, horrelako gaitzespen kolektiboa eragiteko? Auzitan jartzen ditu Euskal Herriko sektorekako eta enpresetako lan hitzarmen askotan dauden irizpideetako ugari, eta lehia askerako kaltegarriak izan daitezkeela esan. Era berean, patronalei gomendatu die ez onartzeko irizpide horien ezarpena babesten duten klausuletako batzuk negoziazio kolektiboan.

Gidak, besteak beste, auzitan jarri du soldatak taula bidez ezartzea, esanez langileek soldata handiagoak izatea oztopatzen duela muga horrek. Argudio hori, baina, gezurra da. Taulek gutxieneko soldatak ezartzen dituzte, eta ez dago oztoporik enpresa itunen bitartez hortik gorakoak adosteko. Ordutegiak ere aipatzen ditu, eta merkataritza gune handiek igandeetan eta jaiegunetan irekitzeko dituzten mugak. LEAren ustez, horrelakoak ezartzea «ez da gomendagarria», eta legez kanpokoa izan daiteke.

ABLE aldi baterako lan enpresak mugatzeko klausulak kritikatzen ditu gidak, baita kontratu publikoetan dauden gizarte klausulak ere. Azpikontraten subrogazioa kentzea gogorregia litzatekeela dio, baina zehazten du kontratazio publikoan klausula horiek bidegabe erabili direla. Beste gomendioetako bat langileen batzordeei «isiltasun klausulak» ezartzea da. Enpresari buruzko informazioa jasotzen dute, eta hura zabaltzeko aukera mugatu nahi dute. Erregulazio espedienteak daudenean, ohikoa da langile batzordeak enpresaren datuak gizarteratzea.

Cebeken babesa

Gida LEAk sinatu du, baina Madrilgo abokatu bulego bati enkargatu zion. 14.520 euro kostatu da —Ekonomia Sailak 1,3 milioi euro ematen dizkio urtean LEAri— eta Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkartean aurkeztu zuten maiatzean. ABLEei ezarritako mugak nabarmendu zituen aurkezpenean patronalak. Aitortza hori da deigarriena: Bizkaiko lan hitzarmenak negoziatzen dituen patronalak babesa eman zion liberalismoak lan baldintzetan izan dezakeen eraginaren mugak aztertzen dituen gida bati.

Politikoa bezala, eskuin mutur ekonomikoa harrotuta eta lotsagabetuta dabil, baita Euskal Herrian ere. Youtubeko ekonomia guruen bideoek oihartzun handia dute, plataforma digitalen lan egiteko modua zabaltzen ari da, eta Zedarriak eta beste lobbyek konplexurik gabe zabaltzen dute beren mezua; eta eskean hasi dira. Askatasunaren eta lehiaren izenean, ukiezinak ziruditen eskubideak eztabaidagai bihurtu dira. Horren eredu garbia daLEAren gida.

Horren harira, eskertzekoa da Eusko Legebiltzarraren %90ek hain jarrera irmoa erakutsi izana. Langileen ongizatea babesteko, alderdien babes hesi bat behar da eskuin mutur ekonomikoaren inguruan, eremu politikoan egin bezala. Ea babes horrek irauten duen eskaerak lan harremanen eremutik kanpokoak direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.