Irune Lasa.

Europak, Trumpen omenez

2025eko uztailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zer kitzikagarriagorik uztaileko igande baterako finantzez eta Europaz irakurtzea baino? Are, gauza hobera doa, lerrootan hizpide izango da-eta, beste behin, Europako Batasunaren nazioarteko pattaltze geldo baina etengabea. Eta sufrikario hori guztia soilik irakurtzeko egun hauetan zerbait egosten ari dela Europan, itsasoetako urez gainera.

Hala ere, lasai, irakurgaia gatzpipertzera datoz-eta Iosiv Stalin eta Donald Trump.

Jean Monneti, Europako Batasunaren fundatzaileetako bati, proposamen jostagarri bat egozten zaio: Iosiv Stalinen estatua bat jarri behar zela Berlaymonten, Bruselan Europako Batzordearen egoitza hartzen duen eraikinaren parean, «hura izan zelako hura guztia posible egin zuena».

Jakina, ez dago Stalinen estatuarik han, baina orain gutxi, txantxa hura gogoan, baten batek esana du Trumpen estatua bat jarri beharko litzatekeela Berlaymonten, haren omenez, Europari egiten ari zaion mesedearengatik.

Europako Batasuna nagi samar zebilen, eta Trumpen bigarren etorrera pizgarria izan da. Bai, bai, muga zergak eta beste hainbat aldrebeskeria dakartza Trumpek, baina, aldi berean, bultzada nabarmena ematen ari zaio, adibidez, EBn kapital merkatu bateratua eratzeko proiektuari.

Kapital merkatu bateratua

Zer da hori? Banku jarduera eta oro har finantza zerbitzuak integratzea, inbertsiorako funtsak Europan geratu edo Europara erakartzea, zorpetze bateratua, euroaren dibisa izaera indartzea... Horiek guztiak aipatu izan dira kapital merkatu bateratuaren proiektuaren inguruan.

Ideia ez da berria. Euroaren sorreraren ostean, beti egon da kapital merkatu bateratua europazaleen ikusmiran, baina ez da gauzatu. Atzerapenerako hiru arrazoi eman berri ditu Enrico Letta Italiako lehen ministro ohiak Financial Times-en argitaratutako elkarrizketa batean: euroa bera sortzeko xahututako energia handia; finantza krisia, eta brexit-a.

BELGIUM EU COMMISSION SPRING FORECAST (1)
Berlaymont eraikina Bruselan, Europako Batzordearen egoitza nagusia. OLIVIER HOSLET / EFE

Azken bi horietan ikusi zen nolako galga handiak dituen EBk integraziorako. Finantza krisian ikusi zen nola Alemaniak eta Europa iparraldeko beste hainbat herrialde xuhurrek erreparoak besterik ez zuten jarri Greziari eta hegoaldeko beste herrialde xahutzaileei laguntza emateko. Baldintza horietan, zaila integrazioa lortzea.

Brexit-arekin, berriz, lehia piztu zen Europako zer hirik ordezkatuko ote zuen Londres, ordura arte Batasuneko finantza hiriburu izandakoa. Ez zen, argi dago, bateratzeetarako abagunerik onena.

Baina bitarte honetan gauzak asko aldatu dira. Orain, adibidez, Alemaniako ekonomiari pitzatu egin zaizkio bere oinarri nagusiak: Txinako merkaturako sarbide handia, Errusiako gas merkea, eta AEBen babes militarra. Europako xuhurren eta xahutzaileen zorren arrisku sariak ere, nork esango zuen garai batean, paretsu daude gaur egun.

Beharbada horren ondorioz —badira beste arrazoi batzuk ere—, Europaren dekadentzia politikoaren eta ekonomikoaren ideia-kezka hedatuagoa dago orain kontinentean.

Kolonia bihurtzeko mehatxua

Egoera horretan, Ursula von der Leyenek Europako Batzordeko presidente gisa bigarren agintaldia hasi zuenean, Letta bera eta Mario Draghi EBZko presidente ohi miretsia lanean jarri zituen, Europaren ajeez txosten bana egiteko; bi txostenak bi arma sendo dira Von der Leyenentzat eta EBren integrazioaren aldekoentzat.

AEBek Europaren gain duten itzal teknologiko eta ekonomiko izugarriaz ohartarazi dute hala Lettak nola Draghik. Lettak goiburu gordina eman du FT-n finantzen arloaz: «27 merkatu baditugu, Wall Streeten eta AEBetako merkatuen kolonia bat izango gara».

Draghik ere esan ditu bereak, eta, gainera, zenbateko bat emana du: «Europak urtero 800.000 milioi euro gehiago inbertitu behar ditu produktibitate baxutik eta hazkunde txikitik ateratzeko, horien ondorioz ari baita atzera geratzen AEBen eta Txinaren aldean».

Horiek guztiak Trump Etxe Zurira itzuli aurretik esanak dira, baina indarrean diraute askoren buruan. Adibidez, EBZko presidente Christine Lagardek «euroaren momentuaz» hitz egin du, eta euro digitalaren garrantzia aipatu.

USA GOVERNMENT TRUMP TARIFFS
Donald Trump, apirilaren 2an, 'elkarrekiko' muga zergak aurkeztu zituenean. KENT NISHIMURA / EFE

Zer esanik ez, AEBetako presidenteak muga zergekin, AEBetako konpainia teknologikoekin eta, oro har, Europarekin dituen lantu guztiek ere piztu dute nolabaiteko erantzuteko gogoa Atlantikoaren alde honetan, menpekotasunak menpekotasun —NATOrekin, esaterako—.

Trumpen azioek, hori bai, badute beste eragin bat finantza merkatuetan. AEBen zorpetzea handitu egin du, eta, une batzuetan, AEBetako Altxorreko bonua kolokan jarri —oraindik ikusteko dago nola eragingo duten muga zergek AEBetako inflazioan eta hazkundean—. Horrela, dirua ez doa AEBetatik ihesi, baina, dirudienez, inbertsiogile asko beren balore zorroak dibertsifikatzen hasi dira.

Europaren integrazioaren aldekoentzat, garai ezin hobeagoa da Batasuneko finantzen integrazioa hobetzeko, eta horretarako tresna izan daitezke eurobonuak, EBren zor bonu bateratuak. Horri buruzko proposamen nahiko zehatza aurkeztu berri dute Olivier Blanchard eta Angel Ubide ekonomistek, besteak beste EBeko herrialdeen zorraren zati bat eurobonuekin aldatzeko.

Inbertsiogileek, horrela, izango lukete erosketarako beste aukera sendo bat AEBetako bonuez gainera. Inbertsiogile horien artean leudeke europarren pentsio funtsak eta aurrezkiak ere. Lagarderen kalkuluen arabera, zortzi bilioi euro daude Europan banku gordailuetan geldirik, kontinentearentzat estrategikoak izan daitezkeen egitasmoetan inbertituta egon beharrean.

Egia da pentsio funtsei buruz hastean pentsio sistemak pribatizatzeko gurarien argi gorriari begiratu behar zaiola; gauza bat dela AEBen parera iristeko asmotan finantza merkatu bat bateratzea eta bestea europarrak estatubatuartzea. Horri buruz ohar interesgarria egin du Daniela Gabor ekonomistak FT-en. Baina hori hobe beste igande baterako uztea.

Orain, uztaileko igande batean berripaper bateko ekonomia orrietan barneratzera ausartu eta, hori nahikoa ez balitz bezala, honaino iritsi denaren balentria omentzea onena, estatua batekin, jakina. Hondarrezkoa izango da, hori bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.