Iker Aranburu.
Gobernuaren dimisioa Frantzian. Austeritatea auzitan. ANALISIA

Ezkerreko besorik gabe

2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Udaberriaz geroztik alderdi barruan hazten ari zitzaion zurrunbiloa isilarazteko kolpea eman du François Hollandek. Urtezaharreko mezuan politika ekonomikoaren norabidea aldatuko zuela iragartzean piztu zirenkritikak. Ordura arte nahikoa ez egiteagatik kritikatzen zutenak okerrekoa egiteagatik kritikatzen hasi ziren. Gastu publikoaren bidez eskaria handitzeko politikak mugara iritsi zirela iritzita, Hollandek eskaintzaren politikaren lemari heldu zion agintaldia salbatzeko: enpresei zergak jaitsi behar zaizkie, gehiago eta merkeago produzitu eta lanpostuak zor ditzaten. Hori finantzatzeko, 50.000 milioi euroko murrizketa iragarri zuen gastu publikoan.

Erantzukizunaren Itunean gauzatu zen politika hori, patronalaren eta sindikatu erreformisten babesarekin, baina ezkerreko sektore zabalen oposizioarekin. Kontrako ahots horiek indartu dituzte PSk azken bozetan izandako porrot gogorrak eta euroguneko ekonomia seko geratu izanak, defizitari gehiegi begiratzen dion politika batek itota.

Frondeurs edo bihurriak pisu ez oso handiko diputatuak ziren bitartean kritikak hala moduz jasan ditu Hollandek, denborarekin —eta emaitza positibo batzuekin— isilduko zirelakoan. Baina Arnaud Montebourg kritikoen taldera batu denean mahaian kolpe bat ematea erabaki du: akabo alderdi barruko orekei eutsi behar izatea; aurrerantzean gobernu trinkoago bat nahi du, etxe barrutik politika auzitan jarriko ez duena.

Bruselak eta Berlinek gustura ikusiko dute mugimendua, erakusten baitie Hollandek ez duela markatu dioten bidetik ateratzeko asmorik. Hori bai, Hollande euren txotxongilo huts gisa ager ez dadin, baliteke orain haren aldeko keinu bat egin behar izatea; defizita murrizteko hirugarren luzapena? Inbertsio plan bat? EBZren diruaren helikopteroa?

Beste kontu bat da Hollande eta Valls ezkerreko besorik gabe gobernatzeko gai izango ote diren, urratsez urrats murrizten ari zaien gehiengoa baitute Frantziako Asanblean. Azken bozketa batzuk PSko 30-40 diputatu kritikoren babesik gabe salbatu ahal izan dituzte. Orain, Hollandek bere lehentasunak inoiz baino garbiago utzi dizkienean, PSko kritikoek arrazoi handirik ez dute gobernuari laguntzeko. Eta arrazoi gutxi dituzte beste talde batzuek ere hain higatua dagoen presidente bat erreskatatzeko. Ezkerreko Frontea partidaren hasieran galdu zuen Hollandek, eta ekologistek Vallsen etorrerarekin batera utzi zuten gobernua, ezer gutxi eskuratuko zutela ikusita. Gauzak horrela, Vallsen bigarren gobernuak aurrenekoak baino ibilbide laburragoa izan dezake. Eta, harekin batera, Hollanderen presidentetzak. Hori baitu ahul zaudenean kolpeak emateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.