Azaroaren 28a zen, 2008. urtekoa. Ilundu zuen Xabier Iturbe Kutxako lehendakaria prentsa aretora azaldu zenerakoBBKrekin bat egiteko proiektuak huts egin zuela azaltzera. «Atsekabetuta» zegoela onartu zuen, porrota, amorrua, etsipena edo haserrea —edo denak batera—islatzen zuten ahotsarekin eta aurpegiarekin. 2011ko irailaren 23an, ilundu ondoren, berriro hedabideen aurrean agertzen denean beste aurpegi bat izango du Iturbek, eta ahots indartsuagoz azalduko du orduan posible izan ez zena oraingoan gertatu egingo dela, aldaketa batzuk gorabehera.
Orduko bat egitea saltzen aritu zenean, «grabitatearen» ideia aipatu zuen behin baino gehiagotan Kutxako zuzendariak. «Grabitatearen legeak funtzionatzen du hemen. Eta grabitatearen legeak bat egitera garamatza, eta horren aurka ezin da egin», esan zion BERRIAri. Denborak arrazoia eman dio Kutxako presidenteari, grabitatea—finantza krisiak sortutako panorama kezkagarria— izan baita oraingoan kutxen integrazioa ekarriko duena.
Grabitatea... eta Espainiako Bankuaren bultzada. HegoEuskal Herriko finantza mundua arautzen duen erakundea izan baita, azken finean, aurrezki kutxen eredua lurperatzea erabaki duena eta bat egitearen esparrua finkatu duena: aurrerantzean, bankuak baizik ez ditu nahi. Hark erabaki du Europako herrialde batzuetan artean funtzionatzen duen ereduak —Austria, Norvegia,Alemania...— ez duela balio Hego Euskal Herrirako eta Espainiarako. Erabaki ideologikoa edo finantza merkatuek behartutakoa izan ote den, hori beste kontu bat da, baina hemengo kutxen alternatibak mugatu dituela ez dago dudarik.
Halaber, zaila da zalantzan jartzea instituzioetan egoteak ezker abertzalearen jarrera aldaketan zeresana izan duela. Ez da gauza berria kanpotik edo barrutik gauzak ez direla berdin ikusten. Eta kutxetako buruek Bilduren baiezkoa behar zuten heinean da egia Bildurentzat deserosoa izango zela babesten ez duen proiektu bat kudeatzen laguntzea.
Jarrera aldaketa esplikatzeko eman dituen argudioek badute pisua, baldin eta helburua baldin bada bankuaren kontrola eta haren irabazien banaketa soziala ez galtzea: eperik gabe, Kutxa Banken irabazien %30 gizarte ekintzetarako izango dira eta bankuko akzioak ez zaizkio kapital pribatuari salduko. Ikusteko dago bi konpromiso horiek nola eusten dioten denboraren higadurari, baina aurrerapausoa dira Nafarroako Kutxak lortu duenarekin alderatuz gero: gero eta gutxiago balio duen banku baten %16ko partaidetza baino ez du, eta, ezinbestean, irabaziak akziodun pribatuekin partekatu behar ditu. Kasu horretan ere denborak esango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxekin ez elkartzeko erabaki politikoak zer prezio izango duen.
Baina ez da ezker abertzalea jarrera aldatu duen bakarra. Azken negoziazioetatik ere ikasi du EAJk. 2008an grabitatea nahikoa izango zela espero zuen Iturberen taldeak, eta ez zuen nahikoa lan egin botoak ziurtatze aldera. Hiru urte beranduago, Bildurekin ez ezik, sindikatuekin ere sakonago negoziatu du, azken orduko ezustekorik gerta ez zedin.
PSErenak eta PPrenak agian «jarrera aldaketa» baina esamolde gogorragoa merezi du. Lehenarrazoi politiko hutsengatik bat egiteak trabatu zituztenak azaldu dira orain proiektuaren bultzatzaile gisa, inolako ñabardurarik gabe.
Kutxen bat egitea. Akordioa Bildurekin. Analisia
Grabitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu