joxerra senar

Hiru sekuentziako melodia neoliberala

2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Ez da txiste bat. Zer dute antzeko Voxek, Antonio Garamendi CEOEko presidenteak eta Espainiako Juan de Mariana think tank neoliberalak? Bat-batean, langileekiko kezka handia piztu zaie hiru eragile horiei, eta soldataren nominari erreparatu nahi izan diote. Hirurek norabide berean apuntatu dute: nominako kontzeptu guztiak zaku berean sartuta, Ogasunak eta Gizarte Segurantzak zerga eta kotizazio «gehiegi» hartzen dio erdi mailako klaseari. Doinu hori aldi berean jo izana kasualitatea ote da? Susmagarriki, ez.

Sekuentziaren jatorria Juan de Mariana institututik abiatzen da. Impuestómetro izenburuko txostenaren arabera, 1995etik hona zerga presioan izandako igoeraren zatirik handiena Pedro Sanchez gobernuburuaren agintaldian gertatu da. 34.000 euroko soldata bat hartu, eta edukiontzi berean nahastu ditu kotizazio sozialak, errenta zergako atxikipenak eta bere diruarekin pertsona batek erosten dituen produktu eta zerbitzuen BEZ zerga. Tutti-frutti horren ondorio da zergetan %44 ordaintzen dela.

Hori nahikoa ez balitz bezala, bestelako zergak edukiontzi berean sartzen ditu —aurrezkien gaineko zerga, ondasun higiezinen zerga, tabako eta alkoholaren tasak...—, eta bere ondorio nagusia da «aise» gailentzen dela «soldataren %50», eta hori «guztiz neurriz kanpokoa» dela.

Ondorio manipulatu hori Kongresura eraman zuen Jose Maria Figaredo Voxeko diputatuak iragan astean, eta are gehiago tolestu zuen. Espainiako Gobernuari leporatu zion gutxieneko soldata jasotzen duen langile bati %54 kentzen diola. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, harrituta, galdetu zion nondik atera zuen datu hori. Erraz izan zuen gezurra desegitea. Hasteko, erregimen komunean zein Hego Euskal Herriko zerga sistemetan, 14.000 euroko errenta gordinek ez dutelako errenta zergarik pagatu behar, eta 14.000 eurotik gora egiten dutenei inondik ere ez zaielako tasa hori ezartzen.

CEOEren proposamena

Berriki, Antonio Garamendik proposatu du Gizarte Segurantzaren kotizazioak zuzenean langileari ematea hark berak ordaindu diezaion Gizarte Segurantzari: «Hori da modua soldataren kostu errealaz jabetzeko. Irits dadila diru guztia langilearengana, eta, errenta zergarekin batera egiten den bezala, hark ordaindu ditzala zerga eta kotizazioa. Iristen da une bat lan kostuen zenbatekoa ia bikoitza dela». Ia bikoitz horretan datza Juan de Mariana institutuak aipatutako «%50» horren erreferentzia.

Bataila ideologikoek ideia sinpleak dituzte jomugan, eta bost axola du errealitateak edo kontzeptuen nahasketak, azken helburua ongizate estatua eraistea bada.

Gizarte Segurantzak gogorarazi dio nomina orotan agertzen dela enpresak zenbateko kuota ordaintzen duen, eta langileak zenbat ordaintzen duen; hortaz, langileak nahikoa du bere nominari erreparatzea. Gainera, Garamendik ondotxo daki Gizarte Segurantzaren kotizazioak ez direla zergak, ez eta funts pribatuei egiten dizkieten ekarpenak ere. Azken batean, kotizazioen bidez ziurtatzen dira erretiratu diren langileen pentsioak.

Berdin dio. Oso deigarria da nola lerratu den enpresaburuen buruzagia. Atzean dagoen asmoa ez baita inozentea. Estatu Batuetatik datorren pentsamendu ultraliberalak elikatzen du, eta lelo bat irentsarazi nahi die langileei —ez, barka, erdi mailako klaseari—: Begiratu zure nomina, eta haserretu zaitez Ogasunak kendu dizun diru guztiagatik. Bataila ideologikoek ideia sinpleak dituzte jomugan, eta bost axola du errealitateak edo kontzeptuen nahasketak, azken helburua ongizate estatua eraistea bada. Diskurtso politiko horri lasai aski batu dakioke PP ere, eta ezkerreko boto emaile despitatuak erakarri edo desmobilizatzea nahi du.

A, ezetz asmatu: nori eman dio aurtengo bere saria Juan de Mariana institutuak? Javier Milei Argentinako presidenteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.