1 Turismoaren jaitsieraz arituko al gara? Ez. Kasu honetan gure kaleetatik desagertuko den ingelesa Barclays da. Munduko banku zaharrenetarikoa da, 1690ean sortua, Londresen. Gurean, ordea, hamarkada gutxi batzuk egin ditu.
2 Uda hezeak bota du hori ere? Ez, errentagarritasun eskasak. Azken hiru urteotan Barclays Españak 681 milioi euro galdu ditu, eta Londresko zentralak negozioa saltzea erabaki du.
3 Nork erosi du? Kataluniako La Caixak. 800 milioi euro ordainduko ditu Barclaysen aktiboen truke. Hori bai, Ingalaterrako bankuak bere bezero aberatsenen ondarea kudeatzen jarraituko du eta kreditu txartelen negozioari eutsiko dio.
4 Zertarako erosi du La Caixak? Batez ere Barclaysek Madrilen dituen 103 bulegoak interesatzen zaizkio. Krisia bere neurria handitzeko baliatu du La Caixak, baina bere aurreko erosketekin —La Caixa Girona, Banco de Valencia, Banca Civica— ez zuen presentzia handirik irabazi Espainiako hiriburuan.
5 Zer gertatuko da Euskal Herriko bulegoekin? Guztira 2.400 langile eta 271 bulego ditu Barclays Españak. Azken horietatik hamabi daude Euskal Herrian: lau Bilbon, bina Iruñean, Donostian eta Getxon, eta bana Gasteizen eta Erandion. Oso litekeena da horietako batzuk ixtea, baldin eta inguruan La Caixak beste bulego batzuk baditu.
6 Bulegoak ixten ari dira? Bai, krisiak triskantza ederra egin du banketxeen artean, bostetik bat desagertu baita azken bost urteotan. 2008ko abenduan 2.704 zeuden Hego Euskal Herrian, eta 2014ko martxoan, berriz, 2.163. Hau da, 541 bulego gutxiago.
BAKARRIZKETAN
Ingeles bat gutxiago gure kaleetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu