joxerra senar

Telefonica eta Talgo, estrategiaren izenean

2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Jose Maria Aznarren lehen legealdian, Espainiako Gobernuak 52 enpresa publikotako partaidetzak saldu zituen. Pribatizazio olde horren truke, garai hartako 30.000 milioi euro eskuratu zituen. PPk orduan argudiatu zuen salmentak sektoreen liberalizazioa bizkortuko zuela eta finantza publikoak orekatuko. Motzean, bat-bateko diru sarrera horiei esker kontu ekonomikoak orekatu ziren, eta behin-behineko arrakasta hura oso baliagarri izan zitzaion PPri politikoki. Luzarora, berriz, hori beste kontu bat da.

Saldutako konpainien zerrenda luzea da: Repsol, Endesa, Argentaria, Iberia, Red Electrica, Indra... Eta Telefonica. Hain zuzen, telekomunikazio enpresa handiaren partaidetza saldu eta 26 urtera, Espainiako Gobernua Telefonicaren akziodun izango da berriro: akzioen %3 eskuratu ditu asteon, SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatearen bidez. Eta Madrilek iragarri du %10era heltzeko asmoa duela, «ahalik eta azkarrena». 

STCren jabe da PIF Saudi Arabiako funtsa, eta finantza ahalmen ahalguztiduna du: 600.000 milioi euroren aktiboak ditu, eta haren asmoa da 2030erako kopuru hori hirukoiztea.

Pribatizazio aro haren ostean, penduluak norabidea aldatu al du? Ez dirudi, baina argi dago estatua prest dela esku hartzeko baldin eta bere interesak jokoan direla ikusten badu. Irailean, STC Saudi Arabiako telekomunikazio konpainiak iragarri zuen Telefonicaren %9,9 erosiko zuela. Esan eta egin. Akziodun nagusi bihurtu da, BBVA, Caixabank eta Blackrocken aurretik. STCren atzean PIF Saudi Arabiako funtsa dago. Petrolioaren negoziotik eratorritako finantza ahalmen ahalguztiduna du: 600.000 milioi euroren aktiboak ditu, eta haren asmoa da hori hirukoiztea: 2030erako 1,5 bilioi eurora heltzea, alegia.  

Telefonicako arduradunekin koordinatuta, saudiarabiarren lur hartzea oztopatu nahi du Moncloak. SEPIk argudiatu du «egonkortasun handiagoa» eman nahi diola Telefonicari, estrategikotzat jotzen baitu: hala telekomunikazioan duen lidergoagatik, nola bere industria ahalmenagatik —besteak beste, «segurtasunaren eta defentsaren arloan»—. Alta, zergatik dira STC eta haren jabe PIF susmagarri? Zergatik dira, adibidez, Blackrock baino arriskutsuago? Erantzun ofizialen faltan, azalpena interes geoestrategikoen linboan geratzen da.

Talgoren operazioa

Antzeko susmoak pizten dituzte Hungariako Magyar Vagon konpainiaren asmoek. Talgo tren ekoizlearen %100 erosteko eskaintza egin zuen martxoaren 7an, 620 milioi euroren truke. Akziodunek eta Talgoren administrazio kontseiluak ontzat jo dute eskaintza; Madrilek, berriz, ez. Berriz ere «enpresa estrategikoa» delakoan, operazioa oztopatu nahi du, errezelo txarra hartzen baitio. Hungariako estatuak kontrolatzen du taldearen %45, eta gainerako akziodunen artean ere Victor Orban lehen ministroaren konfiantzazko negozio gizonak daude —tartean, Andras Tombor—. Orbanekin duen harreman estua dela-eta, Errusiako presidente Vladimir Putinen itzala nabari da atzean.

Oraingoz, Magyar Vagonek ez du eskaintza gauzatu. Talgoko arduradunekin eta sindikatuekin bildu zen astelehenean, eta promes egin zuen egoitza ez duela aldatuko. Bi fabrika ditu, haietako bat Euskal Herrian —Ribabellosan, Araban, eta 700 langile ditu bertan—. Enpresari oso ongi doakio, eta, horregatik, kezkaz begiratzen diote egoerari. 

Isilpean, Madrilek hariak mugitu ditu. Presio politikoaren eraginez, Talgoren akzioen %40ren jabe den Trilantic funtsa beste erosle baten bila dabil. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Stadler Suitzako konpainiarekin jarri dira harremanetan, baina oso zail dute hain azkar horrelako operazio handia antolatzea. Datorren igandean amaitzen zaio Magyari bere eskaintza gauzatzeko epemuga. Beste eroslerik agertu ezean, Espainiako Estatuak erosteko eskaintza publikoak eragozteko botoi gorria sakatu dezake. Hori gertatuz gero, azken hitza Europako Batzordeak izango luke. Aurki ikusiko da noraino heldu nahi duen Espainiako Gobernuak interes estrategikoen izenean.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.