Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Itsasadarrean paseatzen

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Berri ona Ibaizabalen ertzean paseatzea maite dutenentzat, korrikalarientzat, asteburuan bizikletaz osteratxoa egiten duten familientzat eta zuhaitz baten gerizpean egunkaria irakurri edo telefonoarekin jokatzea gustuko dutenentzat. Badirudi hemendik gutxira beren afizioetarako leku berri bat izango dutela, polit askoa, Sestao aldean. Izan ere, Navalen likidazio prozesuan instalazioen zatirik handiena erosteko enkantean irabazle izan den enpresak, VGP Belgikako enpresa logistikoak, herritar guztiei zabalduta izango den eremua diseinatu du berak erabiliko duen lekuaren ondoan.

Baina batzuentzat berri ona denak ez du zertan denentzat berri ona izan. Eta kasu honetan, argi dago aukera bat galdu dela Ezkerraldean industria jarduerari eusteko, eta hari lotutako enpleguak berriro sortzeko. Eusko Jaurlaritza bera ez dago oso gustura itsasadar ondoko VGPk zabaldutako irudiarekin. Txirrindulariak eta oinezkoak baino gehiago, nahiago luke buzo zikineko eta txaleko koloretsuko langile batzuk ikusi Ibaizabalen ertzean; bizikleten eta patineteen hotsen ordez, nahiago luke ebakitzen diren metal xaflen zarata entzun, torlojuak jartzen dituzten zulagailuena. Eta Navaleko nasak eta garabiak lanean nahi ditu, eta ez itzuliko ez den iragan industrial baten ikur. «Nahiago genuen Navalen orubean jardun industriala egon zedin; hura zen gure lehentasuna», azaldu du Jaurlaritzak, Bingen Zupiria bozeramailearen ahotik. Aldi berean, ongietorria egin zion «jarduera eta enplegua sortuko duen edozein eskaintzari».

Hitz gogorrak aukeratu ditu ontzigintzaren klusterrak, Itsas Foroak: «Onartezina da Navalen itsasontzien industriarekin harremanik ez duen egitasmo bat ez bideratzea. Lur sail hori ez dago museo bilakatzeko». Soka horretakoak izan dira beste erreakzio gehienak, eta ez dira gutxi Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dutenak. «Gasteizko Gobernuaren industria-politika ez da existitzen, eta Ezkerraldea desindustrializatzen ari da. Ekonomiaren Garapeneko Sailaren jarduera bakarra bere erantzukizuna desbideratzeko prentsa-oharrak sortzea da», ziurtatu du ELAk.

Epaileak du azken hitza

Sestaoren eta ontzigintzaren arteko 130 urteko harremana ez eteteko azken aukera batzuk badaude, txikiak diren arren. Hasteko, epaileak du azken hitza Navalen likidazioan, eta hari dagokio ontzat hartzea edo atzera botatzea konkurtsoaren administratzailearen proposamena. Nekez egingo du, likidazio prozesuetan pisu handia baitu hartzekodunen interesak hobestea, eta haientzat argi dago hobeak direla VGPk eskainitako 36 milioi euroak, beste hautagai batzuek eskainitakoak baino, aldea izugarria ez bada ere: 30 milioi euroko bat izan da, eta ontzigintzari lekua ere egiten zion Marina Meridionalena ere, 23 milioi eurorena. Kontuan hartu behar da Navalek gutxienez 120 milioi euroren zorrak utzi zizkiela 400 hartzekodunei, eta zor horren zati nahiko txikia berreskuratuko dutela edonola ere —makinek, markak eta halakoek milioi bat euro baizik ez dute lortu enkantean—.

Bigarren aukera bat badago, eta horretarako presioa egiten hasi da honezkero Jaurlaritza. Izan ere, Sestaoko Udalaren arauek argi diote Navalen orubeen %51k industria jarduera baterako geratu behar dutela. Hala egingo duela eta bere pabiloietan hori izango dela ziurtatu du Belgikako konpainiak, baina nola egingo duen ez du argitu. Aukeretako bat da lurzoruaren zati bat jarduera industrialari eutsi nahi diotenei saltzea, edo haiei alokatzea. Agentziek iragarri dutenez, enkantea galdu zuten bi enpresak eskaintza egingo diote VGP taldeari kaiaren zati bat, dike lehorrak eta garabi batzuk erosteko; haien asmoa izango litzateke ontzi txikietara zuzenduriko ontziola bat egitea.

Goizegi da jakiteko proposamen horrek aurrera egingo ote duen. Egingo balu, leku gutxiago izango lukete herritarrek paseatzeko, baina ontzigintzaren itzala ez litzateke betiko itzaliko Sestao aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.