Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Izozmendi bat Europaren bidean

2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken urteotako ekaitzek mastak hondatu eta belak zulatu dizkiote Europako Batasunaren itsasontziari; bere kapitainen kalkulu okerren erruz harkaitzen aurka sarri jo du, eta nola edo hala estalitako zuloak ditu kaskoan. Orain, Atlantikoaren erdian nora ezean zebilela, Donald Trump izeneko izozmendi bat agertu zaio aurrean. Ezustean.

Beste izozmendiek bezala, Trumpenak bi alde ditu. Ikusten dena ez dute gustuko EBko agintariek: 150-200 hitzez osatutako mezu xenofobiko, misogino eta egomaniako batek auzitan jarri du Bigarren Mundu Gerraz geroztik Mendebaldean nagusi den ordena, AEBak euskarri nagusi duen demokrazia liberalena.

Baina izozmendien zatirik handiena ez dago ikusgai, eta hori gertatzen da Trumpekin ere. Esandakoetatik zenbat beteko ditu? Benetan saiatuko da politika protekzionista bat egiten? Txinarekin merkataritza gerra bat hasiko du? Vladimir Putinekin adiskidetuko da? Zer gertatuko da Kubarekin eta Iranekin? Inork ez daki benetan, eta Trumpen lehen mugimendu nahasiek ez dituzte gauzak argitu. Erdizka egin du atzera promesa batzuetan, eta establishment-aren aurkako banderarekin milioika estatubatuar limurtu zituena, establishment peto-petoaren ordezkariez inguratu da, baina baita belarrira eskuin muturreko ideiak xuxurlatuko dizkioten ahotsez ere —alt-right edo eskuin alternatiboa, haien definizio modernoan—.

Trumpek nolako iraultza (triskantza?) eragiten duen urtarrilaren 20tik aurrera ikusiko da, baina gauza bat dagoeneko nahiko garbi dago: gauzak aldatzera doaz. Agian dagoeneko aldatu dira, finantza merkatuen hasiera bateko erreakzioa sendotzen bada. Ekonomia bultzatzeko plan bat iragarri du Trumpek, eta gora doaz burtsak, gora doa dolarra, eta, batez ere, oso gora doaz estatuek beren zorraren truke ordaindu behar dituzten interesak. Azken faktore horrek zor publikoa erosteko programa luzatzeko arrazoi gehiago eman dizkio Europako Banku Zentralari, datorren abenduaren 8an.

Agur austeritateari

Politika ekonomikoan ere hasi dira mugimenduak. Kasualitatea ote, baina Trumpen izozmendia ikusi eta berehala EBren itsasontziaren lemari eragin dio Jean Claude Juncker pilotuak. EBZren, NDFren eta G20koen deiari behingoz erantzun, eta gehiago gastatzeko eskatu die EBko gobernuei, ekonomiaren hazkunde motela bizkortzeko. Kopuru txikiekin hasi du biraketa Bruselak, 50.000 milioiko suspertze plana eskatu baitu, EBko BPGaren %0,5 baizik ez. Gainera, Pierre Moscovici Ekonomia komisarioak zehaztu du deialdia ez dagoela gobernu guztiei bideratuta, baizik eta soilik horretarako «tartea» dutenei; hots, Alemaniari eta Herbehereei eta beste gutxi batzuei. Defizitarekin borrokan jarraitzen dutenei —Espainia, Italia eta Frantzia barne—, berriz, horretan zentratzeko eskatu die Moscovicik.

Hori da pilotuaren eskaera, baina kapitainaren erantzuna, aldiz, ohikoa izan da: «Nein». Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak ezetz erantzun dio Bruselari, defizitak duela lehentasuna.

Trumpen garaipenak beste faktore bat sartu du jokoan: NATO. Kanpainan esan zuen europarrak AEBetako gastu militarraz aprobetxatzen direla, eta ez zituela marine-ak bidaliko defentsan inbertitzen ez zuten lekuetara. Kexua ez da berria: NATOren aholkua da gutxienez %2 gastatzea arlo militarrean, baina Europan lau estatu soilik iristen dira maila horretara. Frantziak %1,78 gastatzen du, Alemaniak %1,19, Espainiak %0,91... eta AEBek, berriz, %3,61.

Trumpen oharrak atezuan jarri ditu NATOko europarrak, eta beren burua «babesteko» estrategia lantzen hasi dira. Armada europar komunik ez da espero, baina bai elkarlan handiagoa. Horrek dirua eskatzen du. BPGaren %2ra iristeak 96.000 milioi eskatuko lituzke. Tragikoa izango litzateke behingoz gastuaren makinari eragitea eta armak erosteko baliatzea. Beste zerbait merezi dute EB osoan dauden 20,7 milioi emakume eta gizon langabeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.