Iker Aranburu.
Analisia

Jateko orduan, hiruko mahaia

2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kutxako lehendakaritzari eutsi eta berehala, Xabier Iturbek «borroka politikoa» amaitzeko deia egin zuen. Aukeran, beranduegi. Borroka politiko hutsa izan delako Kutxa, BBK eta Vital Kutxako zuzendaritza organoen berritzea. Kutxen Lege berriarekin erakundeak despolitizatu nahi zituztela gogorarazi du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak; hori egia bada, porrota agerikoa da.

Ulergarria da prozesua politikoa izatea: aurrezki kutxak erakunde sasipublikoak dira, eta finantzaketa politika ekonomikoaren adarretako bat da. Hemen, eta Alemanian. Kutxabanken kasuan, gainera —akatsak akats eta erabaki eztabaidagarriak gorabehera—, politikarien kontrolak ez du eragotzi kutxak ongi kudeatutako erakundeak izatea. Ez da urruti joan behar herritar xeheari milaka milioi kostatzen ari zaion kutxen kudeaketa politikoaren adibide negargarriak aurkitzeko.

Baina gauza bat da prozesu politikoa izatea eta beste bat politikaren bizio okerrenak errepikatzea, azpijokoa, nagusikeria, eta beste. Hainbeste aldarrikatzen den pluraltasuna zakarrontzira joan da, eta alderdi guztiek beren esku dituzten erakundeak zukutu dituzte ahalik eta kontseilari gehien pilatzeko. Baita EH Bilduk ere. Okerrago, independenteak izan beharko luketen gizarte taldeak ere sartu dituzte jokoan.

Hasieratik nabarmen geratu da EAJk helburu garbi bat zeukala: EH Bilduren ordezkaririk ez izatea Kutxabanken administrazio kontseiluan. Zergatik, BBKn duen indarrari esker bankuaren kontrola ziurtatua bazuen? Egia da koalizioak auzitan jartzen duela Espainiako negozioaren bidez handitzeko aukera eta mesfidantzaz ikusten duela bankarizazio prozesu osoa; baina horiek geratzeko ahal handirik ez zuten izango haren kontseilariek. Espainian bezero handiak galtzeko arriskua? Alfonbra azpian gorde daitekeena ezkutatzeko nahia?

EH Bildu baztertzeko, jeltzaleei ez zaizkie aliatuak falta izan; batzuk logikoak —PP—, besteak gutxiago —PSE, CCOO—. Lekutan geratu da Eusko Legebiltzarrak eman duen ordezkaritza politiko errealaren irudia. Jateko kontuetan, hiruko mahaia.

Aliatuak lortzeko besteek izan ez duten gaitasuna ez ezik, araudiei buruzko ingeniaritzarako dohainak erakutsi ditu EAJk. Agian legezkoa izango da EH Bilduri ustezko gehiengoa ukatzeko modua —epaileek dute azken hitza—, baina trikimailu itsusia izan da. Inkestetan, politikariak eta bankuak azaltzen dira herritarrek gutxien gustuko dituzten erakundeen artean. Azken asteotan eman duten ikuskizunarekin ez dute irudia garbituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.