Joan da uda, eta negua heldu da. Agian asko ez ziren gertatutakoaz ohartuko, oporretan zirenak edo bestela ere udako galbanarekin zebiltzanak; baina ikasturte hasierarekin, egunerokotasun egoskorrera itzuli beharrarekin, Europako Batasunarentzat gero eta agerikoagoa da errealitate ezkutaezinaren latza.
Pasatutakoari umiliazioaren uda deitu zaio zenbait lerroburutan. Ezkorrenek, beste urrats bat eman, eta negu luzea datorrela diote, umiliazioaren mendea, AEBek Europari egindako erdeinuak hasi besterik ez baitira egin haien ustez.
Lehenengo lotsaizun handia uztailaren 27an izan zen: Donald Trumpek eta Ursula von der Leyenek Eskozian adostutako tratua. Agertokia bera jada nahiko umiliagarria zen, Europako Batzordeko presidenteak Trump errege ustekoaren golfeko opor lekura joan behar izan zuelako, akordio usteko bat bedeinkatzera eta gero argazkirako irribarre egitera. Adostutako baldintzen artean sekulakoa da desoreka, argi eta garbi, AEBen alde.
Bigarren makurraldia abuztuaren 18ko Etxe Zuriko Bulego Arrauzkarako argazkiak izan ziren, Etxe Zuriak berak zabaldutakoak. Ezagunak dira irudiak; haietako batean mahaiaren alde batean eserita dagoen AEBetako presidentearen ukabila ikusten da, eta mahaiaren beste aldean, haren filipika entzutera derrigortuak, kopetilun, Europako herrialde boteretsuenetako buruak eta Von der Leyen bera, Washingtonera Volodimir Zelenski eskoltatzera joanak.

Bi gertakariak erabat lotuta daude: oraintxe bertan, Europako Batasunaren eta haren kide askoren lehentasuna dira Ukrainako gerra eta hura eteteko AEBek eman ditzaketen segurtasun bermeak. Zergatik? Ikuspegi militarretik EB AEBen mendeko delako erabat. Horregatik, Errusiaren mehatxua gailendu egiten zaie beste arazo guztiei, baita merkataritza akordioan baldintza hobeak negoziatzeari ere.
Sabine Weyandek, Europako Batzordeko Merkataritza zuzendari nagusiak, halaxe aitortu berri du Alemaniako SZ egunkarian emandako elkarrizketan: «[Aurretik emandako hitzaldian] ez badidazu negoziazio hitza entzun, negoziaziorik izan ez zelako ez didazu entzun». Gordin agertu du arrazoia: «Lehorreko gerra bat daukagu Europako kontinentean, eta Estatu Batuen mende gaude erabat. EBko herrialdeak ez zeuden eskalatze handiago baten arriskuari aurre egiteko prest, eta hori izango zen EBk [muga zergei] kontraneurriak jartzearen ondorioa». Weyand da Eskoziako argazkietan irribarrerik ez duen bakarrenetako bat.

Eskoziako kapitulazioa kapituluka luzatzen ari da, gainera. Abuztuaren 21ean AEBek eta EBk adierazpen bateratua plazaratu zuten; lau orrialdeko agiri bat merkataritza akordio berriaren lerro nagusiak paperean ezartzeko. Han jaso dira AEBen %15eko muga zergak, EBk bereak %0ra eramateko agindua, hainbat elikagai estatubatuarrentzako sarbidea Europan, EBren konpromisoa AEBetako energia gaietan 750.000 milioi dolar gastatzeko 2028ra artean, eta Batasuneko konpainiek 600.000 milioi euroren inbertsioak egitekoa.
Von der Leyen saiatu da akordioa justifikatzen. «Akordio sendoa adostu dugu, perfektua ez bada ere». Europako Batzordeko presidentearen arabera, AEBen muga zergetan %15en langa izatea abantaila da Europarentzat, «gatazka komertzial garestia» saihesten du, eta AEBrekin merkataritza harremana egonkor eta aurreikusgarri egin.
Berdin dio; joan den astean, Etxe Zuriak berriz muga zerga handiak jartzeko mehatxua egin dio mundu guztiari, konpainia teknologiko estatubatuarrei muga edo zergaren bat jartzera ausartzen badira.
Birrindutako ilusioa
Ahotsak ozendu dira egunotan, Bruselaren sumisioa kritikatzeko. Wolfgang Munchau zutabegile liberal alemaniarrak Batasuna ezdeus bihurtu duen konplazentzia aipatu du, eta integraziorako apustua egin beharrean krisialdietan beti beren herrialdeen interesak lehenetsi eta gutxienekoak betetzera mugatu diren EBko agintarien jarduna gaitzetsi. Ez du etorkizun itxaropentsurik ikusten. «Jakina, Europa kultua eta ederra da oraindik. Munduko helmuga turistiko kutunenetako bat izango da aurrerantzean ere. Baina museo batek ezin ditu doako hezkuntza eta bizi maila handia ziurtzat jotzen duten 500 milioi pertsona elikatu».
Antzekoak esan dituzte Mario Montik, Giannis Varufakisek, Thierry Bretonek eta beste hainbatek, Europaren ahultasuna eta prestakuntzarik eza deitoratuz. Mario Draghik berak ere gordin hitz egin du Riminin (Italia): «Urteetan, Europako Batasunak, 450 milioi kontsumitzailerekin, uste izan zuen bere pisu ekonomikoa bat zetorrela botere geopolitikoarekin eta merkataritza harremanetan zuen eraginarekin. Aurtengo urtea gure oroitzapenetan iltzatuta geratuko da, ilusio hori birrindu zen urte gisa».
Zer egin? Ez da falta proposamenik. Draghik dio ezinbestekoa dela barne merkatua indartzea, hura zamatzen duten mugak kentzea, eta tamaina handiko proiektu europarrak sustengatzeko zor bateratua ahalbidetzea, adibidez, energia merkatzeko eta, bai, armagintzarako. Ez da bakarra.
Eta etorriko dira proposamen gehiago, baina Frantziako blokeo politikoari erreparatuta, Alemaniaren estuasun ekonomikoei begira, gizon indartsu zapaltzaileak maskara kenduta dabiltzala... esan daiteke, umiliazioaren udaren ostean, ikasturte gogorra datorrela Europako Batasunarentzat.