BAKARRIZKETA

Koronabirusa, beldurra eta aberatsak

Gwyneth Paltrow aktorea, 69 euro balio duen Airium maskararekin. - / -.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 08a
00:00
Entzun
JP Morgan Chase bankuko buruzagi ezagunak, Jamie Dimonek, joan den astean egin zuen txantxa: amets egin omen zuen berak eta Davosen urtarrilean bildutako aberatsek koronabirusarekin kutsatuak zirela eta gero munduan barreiatu zutela. «Hor albiste on bakarra [birusak] elitea akabatuko zuela litzateke».

1. Txantxak egiten baino hobea izango ote da bankuak zuzentzen. Eliteak, aberatsek ederki asko zainduko dute bere burua orain ere. Baina beldurra baino gauza gizatiarragorik... Pentsa, koronabirus kasuak ugaritzen hasi dira, etaAEBetan bizi zara —besteak beste, Trump dela presidentea—. Branko Milanovic ekonomistak txiokatu zuen moduan, «ez da izan (tamalez) garai hobeagorik osasun sistema ez-unibertsalaren arriskuak ikusteko. Neure burua zaintzen ez badut, zu ere arriskuan zaudelako».

2. Aberatsak beldurtuta daude, benetan? Gutxi gorabehera. Hori azaldu dute adibidez, Bloomberg-eko eta The New York Times-eko erreportajeek. Adibidez, oraindik ez dago koronabirusaren kontrako txertorik, eta jada ari dira horretaz galdezka elite aberatsentzako osasun zerbitzu berezietan.

3. Hara! Uste dute haiek txertoa lehenago izan/eros dezaketela? Batek daki hala izango den AEBetan. Alex Azar AEBetako Osasun idazkariak —eta farmazia industriako lobbysta ohiak— kongresuan esan du txertoak, iristen denean, ez duela zertan izan guztientzako moduko preziorik. «Prezio hori ezin dugu kontrolatu, sektore pribatuak inbertitzea behar dugulako. Prezioen kontrolak ez gaitu horrantz eramango».

4. Kapitalismo gordina. Kapitalismo maitagarria batzuentzat.I Love Capitalism liburuaren idazleak, Home Depot konpainiaren sortzaile Ken Langonek, azaldu du koronabirusari buruzko Trumpen prentsaurreko baten ostean bi dei egin zituela zalantzak argitzeko. Goi mailako zientzialari bati deitu zion, eta beste deia New Yorkeko ospitale batera egin zuen, Langone ospitalera. Bai, ondo irakurri duzu, haren izena duen ospitalera, zeinetara joango den gaixo sentitzen bada, «atentzio berezirik espero gabe».

5. Batzuek sekula ez dute galtzen. Argi dago aberatsek baliabide gehiago dituztela, eta maskarak, jantzi bereziak eta abarrak ere bai, horretaz arduratzen ari dira eta lehen aipatutako elite aberatsentzako osasun zerbitzu berezi eta garestiak. Bestela, dirutza balio duten bunker medikalizatuak moda-modan jarri dira. Hegazkin pribatuen konpainiak ere hasiak dira saltzen taldeentzako azken orduko zerbitzuak, baten batek presaz toki bakarturen batera ospa egin behar duenerako.

6. Gizajoak. Bon, sakrifizio batzuk egin behar izan dituzte. Askok uko egin behar izan diote oporrak Italiako kostaldean dituzten etxe garestietan pasatzeari. Batzu-batzuek, dirudienez, erabaki dute yateetan sartuko direla, kontaktu arriskutsuak murrizteko modurik eraginkorrena delakoan. Adituen arabera, aberatsen arteko dibortzioak ugalduko ditu horrek, senar-emazteek elkarrekin denbora pasatu beharko dutelako.

7. Beldurgarria da, bai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.