Iritsi da Europako Batasunaren eta Indiaren arteko merkataritza libreko ituna. «Akordio historikoa», Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen arabera. «Zenbaitek ‘akordio guztien ama’ deitu diote; izan ere, 2.000 milioi kontsumitzaileko merkatu bat sortuko da haren bidez, eta munduaren barne produktu gordinaren ia laurdena hartuko du. Eta Europak mugitzen lehenengoetakoa izatearen abantaila izango du, non-eta bizkorren hazten ari den eta ekonomiarik dinamikoenetakoa duen kontinentean», esan zuen Davosen, Indiarako bidaia iragarri zuenean.
Agian hiperbole askotxo Europako Batzordeko presidenteak erabilitakoak, batez ere ikusita Indiak gaur egun zenbateko pisua duen EBren merkataritzan. Baina baikorrenek esango dute, hain zuzen, horrexegatik duela merkatu horrek hazteko aukera handia. Hori azpimarratu du gaur Von der Leyenek, akordioaren bitartez EBren Indiarako esportazioak orain halako bi izango direla 2032. urterako.
Trump gogoan
Egia da, halaber, emaitza ekonomiko eta diplomatikoak alde batera utzita, gaur sinatutako akordioa mezu zuzen bat dela, Donald Trumpek mundua iraulita daukan honetan.
Hain zuzen, iazko abuztuan AEBek %50eko muga zergak ezarri zizkioten Indiari, Errusiaren petrolioa erostea leporatuta, eta kolpe handia izan da hura New Delhirentzat. Orduz geroztik, Etxe Zuriarekin negoziatzeaz gain —alferrik, orain arte—, Indiak iragarri du merkataritza akordioak egin dituela Erresuma Batuarekin, Omanekin eta Zeelanda Berriarekin. Arabiar Emirerriekin ere tratua egina du, besteak beste, GNL gas natural likidotua erostearen truke. Aurretik, 2024an, hitzarmena egin zuen EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkartearekin (Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza).
Nolanahi ere, AEBak dira Indiaren merkatu nagusia, baina, egungo egoera ikusita, Europako Batasunarekin akordioa egin izanak Mendebaldean pisua emango dio Indiari, eta baita sendotasun handiagoa ere AEBekin negoziatzeko orduan.
%90Muga zerga txikiagoko produktuak Akordioaren bitartez, bi aldeen arteko merkataritza salgaien %90i gutxitu edo kendu egingo dizkiete mugaz zergak. Europako produktuei, zehazki, egungo tasen ia %97 murriztu edo ezabatuko zaizkie, modu mailakatuan.
Urteak dira negoziazioak martxan daudela, eta ez da harritzekoa, hainbat urte behar izaten baitira halako tratuak egiteko. Baina, orain, zenbait herrialderi nolabaiteko presa sortu zaie merkataritza akordioak egiteko, eta jakina, baita Indiari eta EBri ere. Argi dago zein den arrazoia: AEBek muga zergekin —eta batez ere horien erabilera politikoarekin— sortutako ezinegona. Narendra Modi Indiako lehen ministroak, hain zuzen, uste du akordioak «egonkortasuna» ekarriko duela, mundua desegonkor dabilen honetan.
Autoak
Autoak izango dira akordioren muinetako bat. Orain arte, New Delhik %110eko muga zergak ezartzen zizkien automobilei, Indiako industria defenditu nahian (Tata, Mahindra...). Akordioa eginda, muga zerga horiek %40ra murriztuko zaizkie hasieran EBko automobilgileei, eta mailaka, %10eraino gero, betiere 15.000 eurotik gorako autoetan, eta urtero 250.000 autoko kuota bati. Volkswagen, Mercedes-Benz, BMW, Renault eta Stellantis konpainientzat mesedea izango da, haien auto garestiak merkeagoak izateko Indian. Auto elektrikoak hortik kanpo geratuko dira lehen bost urteetan, Indiako ekoizleek aldaketara egokitzeko astia izan dezaten.

Industriako beste zenbait gairi muga zergak kenduko dizkie Indiak: makineriaren gaineko %44ekoa, produktu kimikoen %22koak eta sendagaien %11koak.
Indiaren Europarako altzairu esportazioak ez dira sartu hitzarmenean, ordea. Urrian, Europako Batasunak bi halakotu egin zituen altzairu inportazioen gaineko muga zergak, eta erdira jaitsi muga zergarik gabeko inportazio kuotak. Horrez gain, hasia da karbonoaren gaineko muga zergak ezartzen, eta bi neurri horiek zuzenean eragiten diete Indiako altzairu esportatzaileei. India azken ordura arte saiatu da muga zerga horretan malgutasuna lortzen, baina ez dirudi lortu duenik.
Halere, lortu du eskulan intentsiboko harribitxien eta bitxien muga zergak jaistea. Sektore horiei gogor kalte egin diete Trumpen muga zergek, baita jantzien sektoreari ere.
Nekazaritza gaiak
Europan, berriz, ardogileak desiratzen zeuden, Indiak ardo inportazioen gaineko %150eko muga zergak noiz jaitsiko. Gaur, ituna sinatuta, tasa hori %75era murriztu da, eta %20raino apalduko da, mailaka. Garagardoaren gaineko tasa %110etik %50ra gutxituko da. Oliba olioaren inportazioen gaineko %45eko tasa, berriz, desagertu egingo da bost urteko epean.
Hitzarmenaren arabera, oro har, orain arte batez beste %36ko muga zergak zituzten Europako nekazaritza gaiek ez dute pagatu beharko Indian sartzearen truke, edo nabarmen jaitsiko zaie tasa. Hala ere, nekazarientzat delikatuak diren gaiak liberalizazio akordio honetatik kanpo geratu dira: Europako nekazariei begira, behikia, hegazti haragia, arroza eta azukrea; eta Indiakoei begira, esnekiak.
Jatorri izendapenei dagokienez, aparteko akordio bat negoziatzen ari dira bi aldeak.
Ehunak eta jantziak
Gaur egun, Indiatik Europara datozen ehun, jantzi eta oinetakoek %10eko muga zergak dituzte, baina, akordioaren arabera, horiek murriztuz joango dira, eta, hala, Indiako ekoizleek modua izango dute Bangladeshko eta Vietnamgo jantziekin lehiatzeko.

Mugikortasuna
Indiarentzat garrantzitsua izango den beste neurri bat ere jasotzen du akordioak, mugitzea erraztuko baitie Indiako langile kualifikatuei, batez ere informazio teknologiaren, ingeniaritzaren eta aholkularitzaren arlokoei.
Europako Batasunari dagokionez, akordioa Europako Parlamentuan berretsi beharko dute orain: hilabete batzuen buruan bozkatuko dute eurodiputatuek, Estrasburgon.
lehen bazkidea indiarentzat, bederatzigarrena EB-rentzat
Datuei erreparatuz, Europako Batasuna da Indiaren bazkide komertzialik handiena. Asiako herrialde horretatik 120.000 milioi euroren merkantziak iritsi ziren EBra, hots, Indiak egindako esportazioen %11,5.Â
EBrentzat, berriz, merkataritza bazkideetan bederatzigarrena da India, Europako blokearen esportazioen %2,4 hartzen baititu, 2024ko datuen arabera, AEBen (%17,3) Txinaren (%14,6) eta Erresuma Batuaren (%10,1) oso atzetik.Â
Hala ere, India munduko ekonomia handienetan laugarrena da, eta azken hamar urteetan bi aldeen arteko merkantzia salerosketa %90 handitu da.Â
Merkantziatan, Indiatik Europara batez ere makinak eta aparatuak, produktu kimikoak, metal arruntak, produktu mineralak eta ehunak datoz. Eta Europak Indiara gehienbat makinak eta aparatuak, garraio ekipamenduak eta produktu kimikoak esportatzen dituzte.Â
Zerbitzuetan, berriz, Europaren eta Indiaren arteko merkataritza 59.700 milioi eurokoa izan zen 2023an, eta hor Europaren esportazioak 26.000 milioirainokoak izan ziren.Â
Alde batean zein bestean, salgaien gaineko muga zerga handiak izan dira, are handiagoak urtarrilaren lehenaz geroztik, EBk bertan behera utzi baitzituen Lehentasun Sistema Orokortuaren bitartez Indiari —eta Indonesiari eta Kenyari— hainbat muga zergatan ezartzen zizkion kenkariak.Â
Indiatik datozen nekazaritza gaiek eta larruarekin egindako produktuek kenkariak dituzte oraindik, muga zerga txikiagoak pagatzen dituzte, baina gai industrialek jada ez dute kenkaririk.