Iker Aranburu.

Trumpen distira gutxiko lehenengo garaikurra

2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpen hiztegi ez oso aberatsean badira nabarmentzen diren bi hitz: muga zergak —«I love tariffs!» izan zen bere gerra oihua hauteskunde kanpainan— eta akordioakThe Art of the Deal deitzen da bere liburu hagiografikoa—. Bada, bi hitzak —hiru euskaraz— esaldi bakar batean aipa ditzake orain AEBetako presidenteak, dagoeneko lortu duelako lehen akordioa berak hasitako gerra komertzialean. Erresuma Batua izan da aukeratua, «agian geure aliatu nagusia», Trumpen beraren arabera.

Itunaren xehetasunak lotzeko daude, baina, oraingoz zabaldu denaren arabera, Trumpek berak hasitako gerraren kalteak konpontzeko akordio bat besterik ez da. Horrela, Erresuma Batuaren esportazioek %10eko muga zerga ordainduko dute aurrerantzean, eta horixe bera izango da tasa lehen 100.000 autoentzat; hau da, tasa handiagoak ordainduko dituztela Trumpek tarifekin jolasten hasi aurretik baino. Hau da, izerdi asko lehen baino okerrago geratzeko.

trump UK
JD Vance AEBetako lehendakariordea, Donald Trump eta Peter Mandelson Erresuma Batuko enbaxadorea, itunaren berri ematen. BONNIE CASH / EFE

Erresuma Batuaren ikuspegitik, hobekuntza bat badago —altzairu esportazioek ez dute muga zergarik pagatuko—, eta abantaila izan daitekeen bat ere bai: lehiakide askok baino tarifa txikiagoak ordainduko dituztela bere produktuek. Trukean, AEBetako etanolari, behikiari —ustez, hormonarik gabe— eta makinei atea gehiago zabaldu beharko die Londresek.

Akordioaren mamia baino gehiago, haren esanahi politikoa da garrantzitsua: Trumpek erakutsi dio munduari bere politika oldarkorrak fruituak ematen dituela, eta finantza merkatuei, berriz, konponbide baterako prest dagoela.

Lehen harremanak Txinarekin

Gerta liteke Keir Starmerrekin sinatutakoa balio izatea beste herrialde batzuekin tratua ixteko, eta Trumpek paparra ateratzen jarraitu ahal izatea. Baina nekez funtzionatuko du bazkide komertzial garrantzitsuenekin. Zergatik? Erresuma Batuarekin superabit komertziala dute AEBek  —gehiago saltzen diote erosi baino— eta, hortaz, Trumpen hizkeraren arabera, ez daude AEBak «xurgatzen». Europako Batasunarekin, Txinarekin, Japoniarekin, Hego Korearekin eta beste askorekin, ordea, defizit handia dute AEBek, eta hori «konpontzea» da Trumpen asmoa. Beste hitz batzuetan, handik egiten diren inportazioak barne ekoizpenarekin ordezkatzea, eta horrek muga zerga gogorragoak eskatuko ditu.

Hori argi geratuko da asteburu honetan, merkataritza gerra hasi zenetik, Txinarekin aurrez aurreko lehen harremana izan duelako AEBetako Gobernuak. Suitzan izan da, Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariaren eta He Lifeng Txinako lehen ministrordearen artean.

Bien arteko harreman komertziala praktikoki eten denean etorri da bilera. AEBek %145eko muga zergak jarri dizkie Txinako produktu gehienei —telefonoak, ordenagailuak eta halakoak daude salbuetsita—, eta, erantzuteko, %125ekoak Txinak AEBei. Keinu gisa, bere kopurua %80ra jaitsi dezakeela esan du Trumpek, baina funtsean horrek gutxi aldatzen du: tarifa horrekin Txinako produktu gehienak garestiegi dira, eta aurki ager daitezke apalak hutsik. 

Europaren BMW, Armani, eta janari labeldunentzat ez dago hainbesteko merkaturik Asian eta Afrikan, eta, bai, ordea, AEBetan.

Gauzak ez dira errazago izango EBrekin. Txinarekin alderatuta, EB epela izan da Trumpi aurre egiten, bere burua ahulago ikusten duelako. Txinak beste kontinente asko ditu AEBetan saltzerik ez dituen bere produktuak bidaltzeko, eta horrela ikusi da aste honetan, esportazioak handitzeko gai izan baita AEBetako merkatua itxita izan arren. Baina Europaren BMW, Armani, eta janari labeldunentzat ez dago hainbesteko merkaturik Asian eta Afrikan, eta, bai, ordea, AEBetan.

Baina, Erresuma Batuaren aldean, EBk karta hobeak ditu Trumpekin gogorrago jokatzeko, merkatu askoz handiagoa baita. Aste honetan hasi da fintzen ia 100.000 milioi euroren AEBetako inportazioak aduanan gehiago zergapetzeko plana, negoziazioek huts egingo balute.

Pekin eta Brusela, gertuago

Baina, negoziazioak gorabehera, Trumpen oldarraldia beste ondorio bat izaten ari da: Txina eta EB gerturatzea. Egia bada ere Bruselan errezelo handiak daudela, harentzat, ofizialki, hiru gauza baita Txina: elkarlanerako bazkide, lehiakide ekonomikoa eta arerio sistemikoa. Joe Biden Etxe Zurian zela, azken izaera hori nagusitzen ari zen Brusela aldean; Trumpekin, lehenengoa. 

Txinak ere badu interesa EBrekin harremanak sakontzeko. Mihi gaiztoek esan dezakete orain EBren merkatua inoiz baino gehiago behar duela Txinak, AEBetan saltzerik ez dituen produktuak han saltzeko eta bere fabrikak lanean segitzeko. Baina Xi Jinping Txinako presidenteak beste hizkera bat erabili du Brusela limurtzeko: «Txinak eta EBk multirateralismoari eutsi behar diote, justizia eta zuzentasuna babestu, eta alde bakarreko intimidazioen aurka egin. [...] Biek lan egin behar dute polo askotako mundu bat eta globalizazio inklusibo bat sustatzeko». 

PANPINAK
Txinan egindako panpinak, Los Angelesko denda batean. ALLISON DINNER / EFE

Hitz horiekin argi dago Xik EBrekiko harremanak hobetu nahi dituela, azken urteetan tentsio handikoak izan baitira; Txinaren eta AEBen arteko aurkakotasunera iritsi gabe, hori bai. Txinak bere burua bazkide fidagarritzat eta seriotzat aurkeztu dio bere burua EBri, Trumpen AEBak ez bezala, eta hori garrantzitsua da epe luzeko hornidura kateak eraikitzeko.

Keinu gisa, Pekinek eta Bruselak beren arteko zigor batzuk bertan behera utzi dituzte. Txina, esaterako, Xinjiang eskualdeko uigurren aurkako errepresioa salatu zuten Europako Parlamentuko bost kide kendu ditu zerrenda beltzetik.  

Txinatik eta AEBetatik kanpora ere aukerak ditu EBk. Mercosurrekin iaz sinatutako merkataritza akordioak orain berretsia izateko aukera handiagoak ditu —Frantziak zailtasunak ditu blokeatzeko botoak eskuratzeko—, eta Ozeano Barera begira ere jarri da. Bruselako iturriek Financial Times-i esan diotenez, Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak lehen harremanak egin ditu CPTPP taldearekin elkarlanean aritzeko. 2018an sortu zen talde hori eta hamabi kide ditu gaur egun; EBk haietako bederatzirekin merkataritza itunak ditu, tartean Kanadarekin, Mexikorekin, Txilerekin eta Zeelanda Berriarekin.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.