«Konfrontazioaren bideari» eutsiko ziola agindu zuen Adolfo Muñozek, ELAren XII. Batzarraren amaieran lehen aldiz sindikatuko idazkari nagusi hautatu zutenean. Ordukoak dira, halaber, «parte hartze instituzionalaren porrotaren» aipamena, patronalaren eta botere politikoa «eskutik» joatearen salaketa eta sindikatuaren independentziaren aldarrikapena. Lau urte eta bi hilabete igaro dira, baina mezu horiek praktikoki hitzez hitz entzun dira azken bi egunotan Bilboko Euskalduna jauregian. Lau urte hauetan gauza asko gertatu dira, langileen ikuspuntutik gehienak txarrak, eta ELAk bere mezuari eusten dio, denborak arrazoia eman diolakoan. Ohartarazi zuen —beste batzuek bezala, noski— austeritateak eta gastu murrizketek ekonomia atzeraldian sartuko zutela, eta gaur egun Nazioarteko Diru Funtsa bera ere hori ari da esaten behin eta berriro. Zerga politika aldatu behar zela aldarrikatu zuen aspaldi, beste batzuek zergak jaistea «ezkerrekoa» zela aldarrikatzen zutenean; orain EAJk ere egin du ziaboga, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak zergak igotzeko neurriei buruz hitz egitera deitu ditu hiru aldundietako buruak.
Batzarraren bozketek erakusten dutenez, ELAko ordezkariak bat datoz Muñozen eta haren taldearen muturreko erresistentziaren estrategiarekin, eta beste lau urterako bide horretan jarraitzeko agindua eman diote. Baina Euskaldunan entzundako txaloak txistu dira handik kanpora, beste eragile ekonomiko eta politikoen bulegoetan, behinik behin. ELAren jokaerak oso haserre ditu haietako asko. Suminduta azaltzen dira patronaleko buruak ELAz hitz egiten duten bakoitzean, beren ustez euskal ekonomiak zulotik ateratzeko behar dituen neurri guztiei ezezko borobila ematen dielako. Batzuentzat nahitaezkoa dena, besteentzat «patronalari opariak» ematea da. Abiapuntu horietatik, gatazka saihetsezina bezain amaiezina da.
Haserre zegoen aurreko Jaurlaritza, eta aurki haserretuko da berria ere, neurri gogorrak hartu nahi dituztenean gobernuek gogoko duten «elkarrizketa soziala» hankamotz dagoelako langileen erakunde handiena mahaian eseritzen ez bada. Ez daude gusturago CCOO eta UGT; Muñozek bere mingain trebearen perlarik ederrenak gordetzen baititu haientzat, negoziazioak eta mobilizazioak uztartzen saiatzeagatik.
Eta, hor dago agian berritasuna; haserre dago ezker abertzalea ere, gobernurako erantzukizunak hartu berritan, ELAk hari ere ez diolako kortesiazko tregoarik eman. Donostiako udaletxe barruan ELAko kideek egindako protestak min handia eman du Bildu inguruan, ez baitute antzekorik ikusi Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Hauts batzuk harrotu ditu jarrera horrek sindikatuaren barruan, baina ez dute ezer aldatu; Muñozek garbi utzi du Bildu estu hartzen jarraituko duela «ezkerreko politikak» egiteko. Baina noraino joango den ongi neurtu beharko du, ez ditzan LABekiko harremanak gehiegi tenkatu. Biek ongi dakite elkarren beharra dutela.

ELA. XIII. Batzarra. Analisia
Txaloak eta txistuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu