Gerra beteranoen irribarre nekatu ziniko okerra dator ezpainetara egun hauetan Donald Trumpek Iranen harira botatako mehatxu eta handikeria bakoitzarekin. Irango Gerraren gorabeheretara inguratu diren nazioarteko aditu eta kazetari sasijakintsuak, ongi etorri ekonomiako aditu eta kazetari sasijakintsuen azken urteko errealitatera; titularretako kaos, nahasmen, eta «bizpahiru asteetan irabazi dut» guztietara.
Antzematen zen Trumpen itzulera ez zela samurra izango. Baina, dotore esateko, Trump 2.0 hau luze doa, luzeegi.
Gezurra dirudi, adibidez, urtebete soilik pasa denik 2025eko apirilaren 2 hartatik: Liberation day, Askapenaren Eguna zuen iragarria AEBetako presidenteak. Eta Etxe Zuriko lorategian, mundua begira zuela, afixa eskas hura atera zuen; elkarrekiko muga zergak ezarri zizkien munduko ia herrialde guztiei, esanez haiek urteak eta urteak zeramatzatela AEBak arpilatzen. Guztiek ilaran jarri behar zuten Trumpen gobernuarekin negoziatzeko, zerga apalagoak nahi bazituzten. Muga zergekin bildutako diruarekin —«bilioika eta bilioika dolar!»—, AEBetako industria berpiztuko zuen, lanpostuak sortu, eta AEBen zorra murriztu.

Zer nahi dute AEBek zehazki Iranen? Bada, Askapenaren Egun hartan ere, muga zerga haien logika ulertzea izan zen erronka nagusia. Zergatik %50eko muga zergak Lesothori eta Saint-Pierre eta Mikeluneri? %10eko muga zergak giza biztanlerik gabeko Heard eta McDonald uharteei?
Kaosa piztu zuen Trumpek, eta hurrengo egunetan nahasmena areagotu egin zen. Txinak gogor erantzun zien %34ko muga zergei, eta bereak ezarri zituen. Norgehiagokan, egun bakarrean Trumpek birritan igo zizkion muga zergak Txinari, %145eraino, hots, bi herrialdeen arteko merkataritza eteteraino ia.
Burtsak eta batez ere bonu merkatuak kaosaren ondorioz erreakzionatzen hasi zirenean iritsi zen Trumpen lehen TACOa (Trump Always Chickens Out, Trump beti kikiltzen da). Muga zergak negoziatzeko 90 eguneko epea etorri zen, eta gero TACO eta luzapen gehiago. Irango gerrarekin ere antzematen da AEBetako presidentea oso adi dagoela merkatuei, eta ez soilik informazio pribilegiatuarekin senideak aberastu daitezen.
Urte luze honetan denetik gertatu da: otsail honetan AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ditu elkarrekiko muga zergak, Trumpi haiek ezartzeko zilegitasuna ukatuta.
Aurretik, AEBek eta Txinak su etena hitzartu zuten bien arteko gerra komertzialean, Pekinek Washingtoni lur arraroetarako sarbidea mugatu ostean. Hala ere, txinatar inportazioek ordaindu beharreko aduana zergak aurrekoak baino %20 handiagoak dira, eta bi herrialdeen arteko merkataritza zuzena %25-30 txikiagoa da orain.

Baina Txinaren esportazioek handitzen jarraitzen dute. Hango produktuen oldea eta AEBen muga zergak, biak izan ditu Europako Batasunak gainean. Eta horien gainetik mehatxu handiago bat: AEBekiko menpekotasuna Ukrainako Gerrari dagokionez. Mendekotasun horren ondorioa izan zen Turnberryko Akordioa, Trumpen Eskoziako oporlekuan EBk ametitutako kapitulazioa: %15eko muga zergak EBrentzat, %0koak AEBentzat.
Akordioa oraindik berresteko dago EBn. Europar Kontseilutik pasa behar da berriz; izan ere, Europako Parlamentuak onartu egin du, baina baldintza berriekin. Haien helburua, batik bat, Trumpen mehatxu berriei aurre egitea da.
Badirudi, hala ere, Trump lasaiago dabilela muga zergekin, batez ere akordioak dituen herrialdeekin. Adibidez, aste honetan bertan berritu ditu altzairutik eratorritako produktu zenbaiten eta sendagaien gaineko muga zergak, eta EBri Turnberryko akordioan adostutakoak ezarri dizkio: %15ekoak.
Bitartean, urte luze honetan, mehatxuek, TACOek eta ziurgabetasunak inbertsioak apaldu dituzte, baina nabarmentzekoa da munduko merkataritza ez dela kolapsatu. Protekzionismora jo beharrean, herrialdeak beste merkatuetara zabaltzen saiatu dira, eta Txina ez da bakarra izan. The Economist-en arabera, Erresuma Batuaren, Kanadaren, EBren, Japoniaren, Hego Korearen eta Suitzaren arteko merkataritza %12 hazi zen 2025eko maiatzetik abendura, eta azken urte honetan hamabostetik gora merkataritza akordio egin dira tamaina horretako herrialdeen artean.
Estrategia ona izan daiteke Trumpek eragindako kaos guztietatik babesteko. Beteranoek dioten moduan, hau guztia luze, luzeegi, doalako.