joxerra senar

Zehaztasun gutxi, eta zalantzak nagusi

2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Asteartean argitu behar omen zuen Siemens Energyk zer egin asmo duen Gamesarekin. Capital Market’s Day edo Kapital Merkatuen Eguna zen, eta bere etorkizuneko planak aurkeztekoa zen. Moduak adierazgarriak izan ziren. Aurreko astean 4.588 milioi euroren galerak aurkezteko prentsaurrekoa alemanez eman zuten; webgunean zuzenean jorratu zuten kazetarientzat, berriz, ingelesezko eta gaztelerako itzulpen automatikoa jarri zuten. Alabaina, asteartean, akziodun handien aurrean, Siemens Energyko eta Gamesako arduradunak ingelesez mintzo ziren, horixe baita finantza merkatuen hizkuntza, eta inbertitzaileek erabilitako hitzak eta kezkak ez dira langileek dituztenak. Haien arretagunea bestelakoa zen: turbinen arazoak noiz konponduko diren, dibidenduak noiz banatuko diren, inbertsio kalifikazioa noiz hobetu daitekeen...  Langileez eta lantokiez ez zuten deus esan.

Jochen Eickholt Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak gauza bat aurreratu zuen soilik: gastu finkoak 400 milioi euro murrizteko asmoa dutela; teknologia, osagaiak eta antolamendua. Plan horren atzean zer den ez zuen argitu. Aurreko astean Christian Bruch Siemens Energy taldeko presidenteak azaldu zuen ez dutela negozio eolikoa salduko eta ez dutela Euskal Herriko lantokirik itxiko. Halaber, bi agerraldietan adierazi zuten ohiko izaten direla oso azkar hedatutako eta guztiz ez heldutako teknologia energetikoetan halako krisiak, baina etorkizunari begira perspektiba oso onak dituela sektore eolikoak.

Oraingoz, baina, hitzak baino ez dira. Euskal Herrian 2.800 langile ditu Sarrigurengo eta Zamudioko egoitzetan, eta Mungiako eta Asteasuko lantokietan. Ezinegona handia da. Lehenik eta behin, galerak handiak direlako: azken urtean 4.347 milioi euro galdu ditu, eta asteon ohartarazi dute turbinen arazoei aurre egiteko beste 2.000 milioi euro inguru gal daitezkeela 2024an. Taldearen helburua da 2026an errentagarri egitea. 

Aurrekariak ez dira onak. Enpresa ezagun egin da kaleratzeak eta moldaketak ustekabean jakinarazteagatik. Langileek komunikabide bidez jakin zuten, adibidez, Agoizko lantokiaren itxiera. Edo iaz bat-batean iragarritako 2.900 kaleratzeak munduan —horietatik 352 Sarrigurenen, Zamudion eta Madrilen izan ziren, eta, azkenean, borondatez enpresa uzteko baldintzak hitzartu ziren CCOO eta UGTrekin—. Azken enplegu murrizketa hori Mistral planaren barruan etorri zen, eta bertan jasotzen zen jada gehiago egiteko hipotesia: «Siemens Gamesaren negozio ataletako lanpostuen inguruan, langilerian beste doikuntza bat egiteko aukera aztertuko da», esaten zuen txostenak, kriptikoki. 

Mistral plana, iaz

Siemens Gamesaren akzio guztien erosketa burutzeko eta konpainia Siemens Energy taldean integratzeko helburua zuen Mistral planak. Plan horrek zioen 300 milioi euro aurreztu nahi zituztela, sinergia bidez. Nola? Siemens Energyren logistika kateak eta ikerketa eta garapena bateratuta, administrazio kostuak murriztuta eta proiektuen adjudikazioa hobetuta. Azkenean, otsailean atera zen burtsatik Siemens Gamesa, eta xurgatzea osatu zen horrela. 

Urtebete geroago, zenbaki gorriak areagotu dira, eta, teknologiaren bateratze horretan, Siemens Gamesaren sinesgarritasuna kolokan jarri da turbinen arazoarekin. Alta, autokritikarik ez da entzun Alemanian. Asteartean galdetu zitzaion Eickholti ea integrazioa burutu al zen: «Oraindik, ez», onartu zuen Eickholtek, agerian utziz sektore eolikoa ulertzeko talka dagoela Gamesaren eta Siemens Energyren artean. Testuinguru horretan, orain diote hurrengo bi urteetan 400 milioi euro aurreztu nahi dituztela, besteak beste, antolamendua eta kudeaketa eredua aldatuta. 

Ostiralean Siemens Gamesako zuzendaritza Madrilen bildu zen sindikatuekin lasaitasuna emateko asmoz, baina langileen ordezkariak ez dira fio. Izan ere, astearteko agerraldiak dena airean utzi du. Zehaztasun gutxi, eta zalantzak nagusi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.