Bere tratu ospetsuak zenbaki handiekin edertzea gogoko du Donald Trumpek. Ez zaio nahikoa ustez bazkide zituenak muga zerga desorekatuekin zigortzea —umiliatzea?—; erakutsi nahi dio bere publikoari gai dela gehiago lortzeko, bankuari sukalderako ontziak eta toalla jokoa ateratzen zizkiotenen antzera. Horixe bera egin du EBrekin: oraindik lotzeko dagoen akordio horretan agertzen da EBk 600.000 milioi dolarren inbertsioak egingo dituela AEBetan, eta 750.000 milioi dolarren energia erosketak egingo dizkiola. Zenbaki handiak dira, baina, aldi berean, hutsalak, Trumpi irabazi egin duela sinetsarazteko egindakoak.
Izan ere, nahiko garbi dago zenbaki horiek ez direla inoiz beteko, aurretik Trump baretzeko egindako beste hainbat bete ez ziren bezala. 2020an, Txinak agindu zuen AEBetatik egindako inportazioak 200.000 milioi dolar handituko zituela, baina azken urteetan, handitu beharrean, txikitu egin ditu.
EBk energia kontuetan Trumpi egindako promesa errealitatetik kanpo dago, sektoreko analistek nabarmendu dutenez. «Zenbaki horiek erokeria dira», esan dio Politico webguneari Laura Pagek, Kpler taldekoak, eta antzeko adjektiboak ikus daitezke beste analisten artean ere. Komentario horiei erantzun nahi izan die Europako Batzordeak berak. «Zenbaki horietara irits gaitezke», ziurtatu du Maros Secfovic Merkataritza komisarioak. Batzordeko iturri ofizialek onartu dute ezin dutela kopuru hori bermatu, baina zehaztu dute ez dutela asmatu zenbakia, eta konpainia pribatuen asmoetan oinarritzen dela.

Promesa betetzeak esan nahiko luke EBk urtean 250.000 milioi dolarren energia erosketak egin beharko lizkiekeela AEBei, hurrengo hiru urteetan. Eurotan, 215.000 milioi euro dira, gaur egun egiten direnak halako hiru. Kopuru horretara iristeko zailtasunak alde guztietatik datoz.
Batetik, oztopo teknikoak daude. Petrolio gordin guztia beltza da, baina petrolio guztiak ez dira berdinak: dentsitate desberdina dute, eta mota bakoitzari erabilera desberdina ematen zaio. Europan AEBetatik datorren petrolio asko fintzen da lehendik, baina gaur-gaurkoz ez dute gaitasuna askoz gehiago tratatzeko.
Beste oztopo bat da Ursula von der Leyenen sinadurak ez dituela ezertara behartzen EBko enpresak, eta haiek inportatzen dute energia, eta ez estatuek.
Gasari dagokionez, arazoa Atlantikoaren bi aldeetan dago: AEBak azken urteetan azpiegiturak eraikitzen aritu dira Mexikoko golkoan gasa likidotzeko eta esportatzeko, baina milioi askoren inbertsioak beharko lukete Trumpek nahi dituen kopuruetara iristeko. Gauza bera Europan: Errusiak gasbideak itxi ahala, GNL gehiago tratatzeko plantak eraiki dira azken urteetan, baina nekez hirukoiztu dezakete beren ekarpena.
Enpresak dira erosleak
Beste oztopo bat da Ursula von der Leyenen sinadurak ez dituela ezertara behartzen EBko enpresak, eta haiek inportatzen dute energia, eta ez estatuek. Noski, Batzordeak edo gobernuek egin diezaiokete presioa enpresa pribatu bati hau edo bestea egiteko, baina erosketak hirukoiztera behartzea gehiegitxo dirudi. Besteak beste, enpresa pribatu horiek kontratu batzuk dituztelako beren hornitzaileekin, eta AEBetan gehiago erosteko paper horiek haustea ez zaielako merke aterako. Zer administrazio kontseiluk onartuko luke horrelakorik berea ez den promes bat betetzeko?
Gero beste kontu bat dago: Europak gutxitu egin nahi du energia kontuetan daukan menpekotasuna, eta horrek derrigorrez ekarri behar du hidrokarburoen inportazioa txikitzea eta ez handitzea. Urtean 215.000 milioi eurora iristeak esan nahiko luke AEBetatik etorriko liratekeela EBren energia inportazioen %60. Ukrainako gerraren aurretik Errusiak ere ez zuen hainbeste hornitzen.
Berez, berriztagarrietan egiten ari den inbertsioari eta eraginkortasun handiagoari esker, EB jada gutxitzen ari da energia gaien inportazioa. 2020an 561.900 milioi metro kubiko inportatu zituen, eta 365.500 milioi izan ziren iaz, hau da, %35 gutxiago.
Eta promes politikoak iritsi aurretik ere, AEBek gero eta zati handiagoa betetzen dute inportazio horietan, hidrokarburoetan nagusiki, munduko potentzia nagusia bilakatu direlako. Fracking sistemaren eskutik, AEBetako konpainiak gai dira orain Texasko, Dakotako eta beste leku batzuetako hidrokarburoak ustiatzeko. Kalte ekologiko handia eragin dute esplotazio horiek, baina AEBek lehentasuna eman diote atzerriko menpekotasuna txikitzeari, eta lortu dute.
2014an, AEBek 11,8 milioi petrolio upel ekoitzi zituzten; 2024an, 20,1 milioi izan ziren, Energy Institutek eguneratu dituen datuen arabera; munduko ekoizle nagusia dira, %20,8ko kuotarekin; hurrengoa Saudi Arabia da, %11,2rekin.

Inportatzen jarraitzen du, baina horren parte handi bat Kanadakoa da, gertu duelako eta hori delako bere findegiek behar dutena. Ekialde Hurbiletik 26,5 milioi tona inportatu zituen iaz, Kanadatik eraman zuenaren zati txiki bat (%13).
AEBak, Europaren hornitzaile nagusiak
Baina kanpotik ekartzen duena (8,4 milioi upel egunean) baino gehiago esportatzen du dagoeneko: 9,9 milioi upel. Nora? Europara. Kontinente zaharrak inportatzen duen petrolioaren %20,6 iritsi zen iaz AEBetatik. 2020a baino lehen, %12,2 zen, baina AEBetako inportazioek bete dute Errusiako urre beltzaren parte bat —Errusiaren kuota %29tik %6,4ra apaldu da—.
Gasarekin beste hainbeste gertatu da: 2010etik 2024ra ia bikoiztu da AEBen ekoizpena (0,57 bilioi metro kubikotik 1,03 bilioi metro kubikora) eta, munduko merkatuaren %18 izan ondoren, %25 da orain. 2020ean, 25.600 milioi metro kubiko inportatu zituen Europak AEBetatik (bere beharren %4,5), eta 60.700 milioi izan dira lau urte geroago (%16,5). Horrekin bete du Europak Errusiak utzitako hutsunearen heren bat edo —Norvegiak, Aljeriak eta Qatarrek bete dute beste parte handi bat—.
Hurrengo bizpahiru urteetan AEBen zatia handitzea espero da. Izan ere, EBk 2028rako eten nahi ditu Errusiako gas inportazio guztiak, eta horrek modu nahiko naturalean ekarri beharko luke AEBen ekarpena handitzea, baina nekez Trumpek garaikur gisa saldu nahi duen mailaraino.