Irune Lasa.

Zergarik eta lotsarik gabeko dirudunak

2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da BERRIAren estiloa, baina txutxu-mutxuetako albiste bat aurrena:

Lauren Sanchez kazetariak Emakumeen Ahalduntzearen saria jaso berri du Cannesen, Zinema Jaialdiaren inguruko Global Gift ekitaldian. Besteak beste Bezos Earth Fund (Bezosen Lurraren Funtsa) eta This Is About Humanity (Hau Gizateriari Buruzkoa Da) erakundeetan egindako lanagatik aitortu diote ingurumenaren alde egindako lana Sanchezi.

Saria eta hura jasotzean Sanchez norekin eta nola jantzita zegoen albiste izan dira, baina baita Cannesera nola iritsi zen ere: bere bikotekide —laster senar— Amazonen sortzaile eta jabe Jeff Bezosen Koru goleta ikusgarrian iritsi ziren biak Frantziako kostaldera.

Koru ez zetorren bakarrik, munduko goletarik handienetan bigarrenaren ondoan beti beste yate handi bat joaten baita, goletan kabitzen ez diren edo joan behar ez duten traste, langile eta abarrak eramateko, eta heliportua hartzeko ere bai.

'Koru', 127 metro luzerako belaontzia Mallorcako uretan, artxiboko argazkian. CATI CLADERA/ EFE
'Koru' belaontzia, 127 metro luze dena, Mallorcako uretan, artxiboko argazki batean. CATI CLADERA / EFE

Badago polemika Koru-ren inguruan, ontziaren estalkiko teka Myanmarkoa omen delako. Deforestazio handia eta diktadura militar gogorra nozitzen dituen herrialde horri zigor zorrotzak jarriak dizkio nazioarteak, eta, ondorioz, Koru-ko egurra legez kanpokoa litzateke. Polemikarako gai dira luxuzko bi ontzien karbono isuri handiak ere, eta zenbateraino den hori guztia bateragarri, adibidez, Cannesen Sanchezi emandako sariarekin.

'Zucman tasa'

Eta zertarako aipatu hemen ultraaberats batzuen ustezko filantropiak, gehiegikeriak eta koherentziarako zailtasunak? Bada, funtsean, kontrajartzeko Frantzia eta ultraaberatsak lotzen dituen beste albiste bat: Asanblea Nazionalean onartua izan ostean, Zucman tasa esaten zaiona ekainaren 12an bozkatuko da —eta atzera botako— Frantziako Senatuan.

Ultradirudunen aberastasunaren gaineko gutxieneko %2ko zerga globalaren aldeko mugimenduaren aurpegia da Gabriel Zucman ekonomista frantziarra. Haren izena hartu duen legearen xedea, Frantzian zehazki, 100 milioi eurotik gorako ondarea duten ultraaberatsak zergapetzea da.

Lau bat mila milioidun frantziarrek beren aberastasunaren %2 pagatu beharko lukete urtean. Haien artean leudeke munduko pertsona aberatsenetako batzuk, hala nola Bernard Arnault (LVMH), Françoise Bettencourt (L’Oreal) eta François Pinault (Kering).

Asanblean aurrera atera zen ekinaldia, ultraeskuinaren abstentzioari esker. Baina ez da espero Senatuak bozketan onartuko duenik. Espero da, hori bai, François Bayrouren gobernuak laster aberastasunaren gaineko bere zerga proposatzea, askoz ere tasa txikiagoekin.

(ID_17487059914465) Gabriel Zucman. Davosko Foroa.
Gabriel Zucman, 2023an Davosko Foroan parte hartu zuenean. WEF

Izan ere, gutxiago edo gehiago, ultraaberatsei zergak ordainarazteari buruzko eztabaida gero eta ozenagoa da munduan. Gero eta argiago baitago aberatsenek praktikan ez dutela errenta zergarik pagatzen.

Teknikoki oso zaila omen

Eta zergatik ez dute errenta zergarik ordaintzen? Zucmanek esplikatzen duen moduan, bi modu nagusi dauzkate horretarako. Batetik, ultraaberats horietako askoren ondarea haien multinazional handien jabetza da. Akzio horiek ez badituzte saltzen, edo konpainia horiek ez badute dibidendurik banatzen, jabeek ez dute irabazirik, eta, beraz, ezin zaie errenta aplikatu. Hori bai, konpainiaren balioak handitzen jarraitzen du, eta harekin batera dirudunaren aberastasunak.

Ultraaberatsek —ehundik gora milioi dituztenek eta mila milioitik gorako ondarea dutenek— proportzioan apenas ordaintzen duten errenta zergarik

Diru sarrerak ez aitortzeko beste modu bat beren jabetzak eta mozkinak holding sozietate sare korapilatsuetan ezkutatzea izaten da. Modu batera edo bestera, Zucmanen datuen arabera, ultraaberatsek —ehundik gora milioi dituztenek eta mila milioitik gorako ondarea dutenek— proportzioan apenas ordaintzen duten errenta zergarik mundu osoan, beste herritar guztiekin alderatuta.

Aberastasuna zergapetzearen kontrako argudio historikoetako bat izan da, hain zuzen, teknikoki oso zaila dela pertsona horien diru sarreren inguruko informazioa izatea. Baina horrek erremedio erraza izan beharko luke datuen garaian.

OCDEk berak CbCR txostenak egitera derrigortzen ditu multinazionalak, herrialdez herrialde haien informazio fiskala jakinarazteko. Txosten horietan, konpainiaren %1etik gorako jabetzak identifikatzeko eskatzen dute Zucmanek eta Parisko Ekonomia Eskolako haren jarraitzaileek, gardentasuna, zerga ezarri ahal izateko.

Joan egingo direla

Hala ere, aberastasunaren gaineko zergen kontra erabilitako argudio nagusia hau da: aberatsek alde egingo dutela herrialdetik. Horixe bera esan du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak tasari buruz. Zergak, zentzua izango badu, globala izan behar duela, bestela aberatsak joan egingo direla Frantziatik.

Aberastasuna boterea dela horren gordin ikusten den garaiotan, ultradirudunen gaineko tasa modu bat da aberastasunaren kontzentrazioaren gainean gutxieneko kontrol bat izateko

Zucmanek ukatu egin du hori gertatuko dela. Hainbat ikerketaren arabera, gehienera zergapetutako aberatsen %2 joango lirateke herrialdetik, eta, ondorioz, kaltea txikia litzateke inbertsioetan eta enpleguan.

Edonola ere, tasa global bihurtzea da helburua. Zucmanek berak esaten du nazioarteko zerga lehia zerga koordinazio bihurtzea lortu behar dela —sozietateen gaineko gutxieneko %15eko zerga globalarekin gertatutakoarekin ildotik—, funtsean herrialde guztientzat mesedegarria delako.

Ideia zera da: herrialderen batek uko egingo balio zergari, eta han ultraaberatsak ez balu %2 hori pagatuko, adibidez Frantziak zergapetu ahalko luke Jeff Bezos, Amazonek jarduera duelako herrialdean. Ondorioz, diru sarrera horiek galduko lituzkeela ikusita, beste herrialdeak pentsatu egingo luke merezi ote duen zerga ezartzea edo ez.

Ez da diru kontua soilik

Baina zertara dator hau guztia, ez da-eta hainbeste diru bilduko. Hori da aberastasunaren gaineko zergaren kontrako beste argudio bat. Baina hau guztia ez da dirua bakarrik, Zucmanek ondo azaltzen duenez. Besteak beste, ultraaberatsak zergapetzea globalizazioaren irabaziak modu bidezkoagoan banatzeko bide bat izan daiteke eta.

Lauren Sanchez eta Jeff Bezos, Donald Trumpen kargu hartze ekitaldian. SAUL LOEB / EFE
Lauren Sanchez (zuriz) eta ondoan Jeff Bezos, Donald Trumpen kargu-hartze ekitaldian. SAUL LOEB / EFE

Eta beste bi motibo indartsu ere badaude Zucman tasarako. Batetik, fiskalitate progresiboak kohesio soziala eta gobernu eta erakundeekiko konfiantza bultzatzen duela; garaiotan, hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Bestetik, aberastasuna boterea dela horren gordin ikusten den garaiotan, ultradirudunen gaineko tasa modu bat da aberastasunaren kontzentrazioaren gainean gutxieneko kontrol bat izateko.

Eta zergatik ez, hizpide bihurtzeko, eztabaidara ekartzeko jende horrek bere jardunean, dela Etxe Zurian, dela Mediterraneo itsasoan erakusten duen gehiegikeria lotsagabea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.