Hautsak harrotu zituen atzo Europako Batzordearen 2005eko arrantza proposamenak. Batik bat, Bizkaiko Golkoan harrapatu ahalko den antxoa kopurua %85 murriztu duelako. Bruselaren arabera, «ekonomikoki onargarria eta biologikoki beharrezkoa» den erabakia baino ez zuten hartu. Euskal arrantzaleen ordezkariek, aitzitik, susperraldi biologikoaren inguruan ikerlariek berriro kale egin dezaketela oroitarazi zuten, «orain dela sei urte bezala». Eusko Jaurlaritzak «erabat gehiegizkoa» iritzi zion murrizketari.
Antxoak harrapatzeko baimenak ez ezik, oilarra, zapoa eta berdela jasotzeko kopuruak ere apaldu zituen Europako Batzordeak proposamenean. Jaime Tejedor Gipuzkoako Kofradietako presidentearen arabera, ezin aldera daitezke zenbatekoak. 2004ko 33.000 tona antxoetatik datorren ekitaldian 5.000 tonara igarotzea «onartezina» dela azpimarratu zuen. Oilarraren, zapoaren eta berdelaren arrantza baimenak %28,5, %20 eta %23 murriztea proposatu du, zehazki, Bruselak.Tejedorrek azaldu zuenez, hegaluzearen atzetik, Kantauri itsasoko ontzientzat antxoa da bigarren espezierik garrantzitsuena. «%85eko murrizketarekin egoera dramatikoa bihurtuko da, ez baitakigu nora joan arrantza egitera». Zuzenean, antxoak 3.000 laguni beharra ematen diela jakinarazi zuen eta, zeharka, 9.000 direla azpimarratu zuen.
Jaurlaritza, bileretan
Erabakia «berunezko puxika» dela ohartarazi zuen Tejedorrek eta, era berean, abenduaren 21ean eta 22an Europako Kontseiluaren bileran proposamena arinduko dela iragarri zuen. Batasuneko 25 herrialdeetako Arrantza ministroak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ere berton negoziatu beharko lukeela azpimarratu zuen, «Europan harrapatzen den antxoaren %90 euskal ontziek jasotzen dutelako». Espainiako Gobernuari behar adina ez egitea egotzi zion.
Luis Miguel Macias Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak ere Europako Batasuneko Arrantza ministroen kontseiluan parte hartzea exijitu zuen. «Baita aurreko bileretan ere, antxoaren inguruan Europako ikerketa zientifikoaren sustatzailea delako».Erabakia arbuiatu zuen, «erabat gehiegizkoa» dela esanez. Arrantza baimenen %85 murriztea «itsu-itsuan» hartutako neurria dela salatu eta era horretako erabakiak abenduan «ohikoak» direla azaldu zuen. «Informazio eskasarekin erabaki dute, urte sasoi honetan beti egin ohi duen bezala». Gaineratu zuenez, «kalkulu akats garrantzitsuak daude, udazkenean jaiotako antxoak eta erreklutamenduak ez baitira aintzat hartu».2005eko lehen seihilekorako behin-behineko kuotak ezartzeko proposatu zuen Maciasek, «eta udaberrian erabaki daitezela urte bukaera arteko kuotak». Iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak 2006an abian izango du antxoaren arrantzaren egoera neurtuko duen tresna.Espainiako eta Frantziako Gobernuen Arcachongo akordioa ere bertan behera uzteko proposatu zuen. «Ezin ditzakegu oparitu behar ditugun kuotak». Gaineratu zuenez, «legez kanpoko akordioa da, arrantzaleentzat kaltegarria, beraien bizkarrean erabakia eta Frantziak ez du bere hitza betetzen».
Kontrol handiagoa
Espainiako Arrantza idazkaria, Juan Carlos Martin Fragueiro, positiboago agertu zen. Bruselak hartutako erabakiak «antxoaren susperraldi biologikoa erraztuko duela azpimarratu zuen. «Ontzi guztien kuotak aurtengoak adinakoak izateko borrokatuko gara. Ez dadila galera garrantzitsurik izan».
Joe Borg Arrantza komisarioak, aldiz, arrantza kontrolatzeko neurriak aldarrikatu eta sektoreari kudeaketan gehiago parte hartzeko eskatu zion. «Asko lortu den arren, gehien kaltetutako baliabideak berreskuratzeko erabaki gogorrak behar dira». Kuoten inguruan «orekatuagoak» direla aipatu zuen.
ARRANTZA
Antxoa harrapaketak %85 jaistea «onartezina» da arrantzaleentzat
Bruselaren proposamenak hilaren 21ean negoziatuko dituzte EBko Arrantza ministroek; Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Kofradia itxaropentsu dira murrizketak iragarri baino apalagoak izango direlakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu