Antxoa harrapaketak baimendu edo ez erabaki politikoa izan da orain artean, Europako Batzordeko estatu kide bakoitzak emandako botoarekin ebazten baitzen. Egia da zientzialarien iritzia kontuan hartzen zutela horretarako. Aurrerantzean, ordea, oraindik eta garrantzi handiagoa edukiko du haien esanak. Izan ere, «automatikoki» zientzialariek aurkeztutako datuetan oinarrituko da Brusela azken erabakia emateko.
Uztailaren 1ean hasi ohi da arrantza garaia, eta egoerara ahalik eta gehien egokitzeko, ekain amaieran finkatuko ditu kuotak. Bizkaiko Golkoko antxoa biomasa 24.000 tona baino txikiagoa baldin bada, debekatu egingo dute espeziaren harrapaketa; 24.000 eta 33.000 tona artean, harrapaketa kopuru baimendua 7.000 tonakoa izango da; hortik gora zenbatutako kopuruaren %30 arrantzatu ahal izango da, betiere 33.000 tonako muga gainditu gabe. Kuoten %90 Espainiarentzat izango da, eta gainerakoa Frantziarentzat.
«Konfiantza osoa daukat plan berrian, ikuspegi berritzailearekin espeziearen osasuna bermatuko dugu», azaldu du Joe Borg Arrantza komisarioak. Besteak beste, planak urteroko negoziazioak saihestu eta arrantzaleei egonkortasuna emango diela uste du. Antxoa harrapaketek debekatuta jarraitzen badute, diru laguntzak ematen jarraituko duela berretsi du Bruselak. 2005ean galarazi zuten Bizkaiko Golkoan antxoa arrantzatzea, eta hala jarraituko du gutxienez hurrengo uztailera bitartean.
Antxoa kuotak «automatikoki» finkatuko ditu Bruselak
Zientzialariek emandako datuetan oinarrituko da kostera debekatu edo ez erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu